Antxiñe Mendizabal Aranburu
Idazlea
Egutegi maiaren profeziari kasu eginez gero, mundua amaituta egongo da idatzi hau argitaratuko denerako –abenduaren 21erako dago iragarrita, San Tomas egunez hain justu–, eta ni oraintxe bertan, artikulu hau osatu nahian hartzen ari naizen lanak alferrikakoak izango dira. Gehienok beti bizi baikara etorkizunean, iraganean ez bada, orainean baino gehiago. Baina, antza, inork gutxik hartu du aintzat apokalipsiaren iragarpena. Bestalde, halako hondamendirik ez dela izango dioten txostenak ere idatzi dituzte, NASAk berak ezagutzera eman duena, esate baterako.
Dena den, egutegi maiaren aldarrikapena berrikusi duten adituek diote munduaren amaiera metafora bat baino ez dela; alegia, bizi dugun aro zaharra atzean utzi eta aro berri baten atarian gaudela. Nonbait, 26.000 urtetan aurreneko aldiz, ekuatore galaktikoaren eguzki-meridianoaren gurutzea eta lurra galaxiaren erdigunearekin lerrokatuko dira egun horretan. Fenomeno horrek zeruan izar eta planeta gurutze handi bat sorraraziko du (azalpen hauek guztiak Espazio Agentziaren txostenak bezain ulergaitzak dira niretzat). Kontua da gurutze kosmiko hau Zuhaitz Sakratuaren irudikapentzat hartzen dela, Bizitzaren Zuhaitza esaten zaiona, mundu osoko tradizio espiritual guztiek gogoan hartzen duten zuhaitza. Galaxiaren bihotzarekiko lerrokatze honek kanal berri bat irekiko omen du energia kosmikoa lurrean barrena zabal dadin, lurra bera energia zikinez garbituz, eta bertan bizi garen gizaki guztion energia mailaren bibrazioa altxatuz (egutegi maiaren azalpenak ere ez zaizkit oso argigarriak egiten). Hauxe da garbi samar ulertu dudana: gizakiaren gaur egungo joera materialistaren amaiera omen dator; aro berrian gizatiarragoak izango omen gara, non jakintza maitasunaren, errespetuaren, tolerantziaren, elkartasunaren, esker onaren eta barkamenaren adierazpen izango den.
Hau horrela izanik, orain dela 2.000 urte, egun bertsuetan, Jesusen jaiotzaren berri ona iragarri eta Ekialdeko errege magoak Jaungoikoaren semea jaio zen estalpera eraman zituen Belengo izarraren antza hartu diot nik zeru eta planeten lerrokatzeari. Orduan ere, lurrean maitasun-erreinu bat zabalduko zela iragarri zen. Egutegi maiaren antzera, kondaira hark izan zituen bere jarraitzaileak eta baita arerioak ere. Metafora hura, ziur aski, gizakion kontzientziak eta bihotzak astintzeko baliagarria da oraindik. Baina, beharbada, istorio berri bat asmatzeko garaia iritsi da.
Gaurkoan, ordea, ez nuen sinbolo eta metaforez hitz egin nahi. Izan ere, irratiko albisteei erreparatzen ari naizela, konturatu naiz abenduaren 21ak, aurten bereziki, gurean baduela berebiziko garrantzia, maien egutegiaren iragarpenak berak baino gehiago: egun gutxi batzuk goiti-behiti soldatapeko langileok aparteko paga kobratu ohi dugun eguna da. Aurten, alabaina, diru saria jasoko ez duen bat baino gehiago izango da gure artean, Raxoiren gobernuaren aginduaren eraginez.
Erabakia komunikabideetan eragiten ari den albiste eta iritzi zaparrada ikaragarria izaten ari da: euskal eskumenen esku-hartzea dela, kontsumoaren jaitsiera dela, zenbait sektoreren krisia, ekonomiaren gainbehera… itxura baten arabera, munduaren amaiera bera baino hondamendi handiagoa iragartzen duten albisteak. Zer garrantzi du, ba, munduak kito egiteak, Gabonetan gutxiago kontsumitu behar dugula pentsatzeak sortzen duen egonezinarekin konparatuz?
Aurten, aparteko paga ez dagoela eta, etxe askotan opari gutxiago jasoko dira, familiarteko otoruntzak arinagoak izango dira, opor egunak etxean igaroko ditugu; alegia, ohikoa den neurri gabeko kontsumoa murriztu egingo da. Adituek diotenez, erdira.
Badakigu kontsumoa jaisteak berez ez duela gizateria hobeago bat ekarriko, baina beste era batera kontsumitzeak zenbait ohitura desegoki aldaraziko ditu, beharbada. Akaso, izan daiteke aro berri baten hasiera, orain dela 2.000 urte Belengo izarrak edota egutegi maiak iragarri bezala.
Nik, edozein modutan, Joxe Miel Barandiaran jakintsuak jaso zuen esaera bati jarraituz –denik ez esan, eta ez denik ez sinetsi–, eta egutegi maiaren iragarpenak zein ondorio izango duen garbi ez dakidala, esan dezaket aro berri batean sartu naizela; gurean aurten aparteko paga faltako da. Eta derrigor aldatu dugu bibrazioz, aurreko urteetako joera materialista alde batera utzita.
Nolanahi ere, datorkigun aroa, edozein izanda ere, aparteko pagarekin edo gabe, urte berri honetarako opa dizuet guztioi aurten falta izan eta behar duzuen guztia: aparteko paga edo hilabeteko soldata langile guztioi; jakinduria handiagoa gehienoi. Eta biziberrituko gaituzten kondaira eta metafora berriak sortzeko ahalmena guztioi.