Josetxo Zufiaurre beasaindarrak ‘Artzain jokoak gogoratuz’ erreportajean, «ahaztu baino lehen», artzainei entzundako oroitzapenak jaso nahi izan zituen 1996ko urtarrilaren 19ko Goierritarra aldizkarian.
Direla 90 bat urte gure mendietako larreetan zebiltzan artaldeak oraingoen aldean oso txikiak izaten omen ziren. Ehun ardikoak oso gutxi, gehienak 60tik 80 artekoak. Eta jakina, ardiak jetzi eta gazta egin behar zen sasaoian ere, artzainak gaur baino atsedenaldi handiagoak izaten zituzten.
Askok eta askok, arrantxoa prestatzeko, oiloak gobernatzeko eta baratzan zerbait aritzeko ere, emaztea umetxoekin mendiko txabolan beraiekin izaten zuten. Hau dela eta, kontu kontari aritzeko edo jolas saioren batzuk egiteko, mendiko leku jakinetan artzainak euren artean sarritan bildu ohi ziren. Aspaldiko urteetan artzain askorekin egin ditudan solasaldietan kontatu dizkidaten joko batzuk aipatuko ditut gaur.
Aralar aldekoak behintzat, goizeko gaztak egin ondoren, 11:00ak edo 11:30ak arte biltzen ziren han eta hemen, gero bakoitza bere txabolara itzuli, bazkaldu eta siesta pixka bat egiteko. Aitarekin joaten ziren mutikoak, haiek ere saioa bukatu, azken hitzak esan eta agurtzen ziren bitarteko tartetxoaz baliatuz egiten zituzten bere saiotxoak. Asteazkenetan ez ziren biltzen artzainak, Ordiziako feriara jaistea nahiago izaten baitzuten gehienek. Eta larunbatetan ere ez, igandean herriko mezatara joateko lanak aurreratu behar zituztelako. Zaldibiako artzainak behin mezatara jaitsiz gero, igandetan bere baserrian bazkaltzen zuten. Arratsaldean herriko Arkaka aldeko eta Saturdi aldeko baserrietatik Aralar alderako bideek bat egiten duten Aize Leku izeneko parajean bateratsu biltzen ziren mendi aldera elkarrekin abiatuz.
Arribiden gora zihoazela, Gaitzola iturrira iristean eta ur trago on bat egitera gelditzen zirenean, bat ez bazen bestea hasiko zen, baina beti jolasten omen zuten harrika: iturriaren gainean dagoen harkaitzaren koska jakin bateraino nork harria bota. Ahal zutenak gutxi omen ziren.
Euskal Herrian artzaintza izan den mendi askotako zelaietan artzainek jokatu duten beste joko bat pilota izan da. Beraien aurrekoei entzunda, gaurko artzainak pelotaleku izeneko zelai gune asko ezagutzen dituzte oraindik. Hegoaldean bezalaxe, baita iparraldean ere.
Orain dela 40 urte baino gehiago Aralar mendiari buruzko lan baten barruan, Joxemiel Barandiaran jaunaren aginduz, artzainei pilotalekuetaz galdetu eta Aralarren bakarrik bere izen bereziekin hauetako hamabi aurkitu nituen. Iparraldeko mendietan On Joxemielek berak aurkitu zituen aspaldi.
Pilotaleku hauek ordeka-guneetan egiten zituzten. Atxurrarekin lurrean arrastoak eginaz laukizuzen bat egiten zuten, eta erdian beste arrasto bat eginaz jokalari bakoitzaren lekua bereizten zuten. Bost arrasto nagusienekin bakarrik baina, gaurko tenis jokoaren antzekoa zen, erdiko sarearen ordez arrastoa zuelarik.
Gehienetan binaka jokatu ohi zuten eta alde bateko jokalariak pilota besteen arrasto barruan bote egiteko moduan bota behar zuten. Orain bezalaxe, hau lortzen ez zuenak galtzen zuen tantoa.
Partiduak, ia beti, 16 tantora jokatzen omen zituzten, eta euren arteko apustua arrantxo pixkaren bat edo izaten omen zen. Garestia zenez gero, batzuetan ardoa ere bai.
Pilotak gaurkoak baino zerbait handixeagoak izaten omen ziren, eta artzainak eurak egindakoak noski. Nonbaitetik lortutako goma pusketa bat labanarekin zerbait borobildu eta haren gainetik galtzerdi zaharren baten artilea bilduz egiten zituzten pilotak. Kanpoko azala trapu puska batzuk elkar josiz egiten zen. Larruzkoak oso gutxi izaten omen ziren. Pelota horiek zelaian bote txikia egiten zutenez gehiena airean jokatu behar zen.
Gaurko artzain zaharrenek diotenez, Aralarren behintzat 1920. urte inguruan utzi omen zitzaion pilota jokoari. Artzain edadetu mordoxkaren batek mendiko artzaintzari utzi zionean.
Harriak jasotzen ere bere apustuak eta saioak egin ohi zituzten gure artzainek. Horretarako erabiltzen zuten harri bat lehen aipatutako salta-harriaren inguruan omen zegoen. Bere pisua 4 arroakoa besterik ez zen (ia 50 kilo), baina berarekin egin behar zen lana, bi eskuekin hartu eta harriak gorputza ikutu gabe bizkar gainera eraman. Beraz, lan hau ere ez zen erraza.
Beste harri handiago bat Goroskintxo saroi azpiko txabolaren ondoan egoten omen zen. Arroa 1 pisatzen omen zuen (ia 150 kilo), eta ahal zen moduan bizkar gainean jartzen omen zen jokoa.
Pagabeko saroiaren inguruan, berriz, Arraska izeneko iturriaren eskubian, korrikaleku izeneko ordeka zulo bat dago. Bere erdian urubi zuloa du eta haren inguruan biraka egiten omen zituzten berealdiko korrika saioak.
Igande arratsaldetan gehinetan, musean saio batzuk egin ondoren ibiltzen omen ziren korrika. Eta gogoratzen diren azken aldiak, Igaratzako kantinan muturra zerbait berotu eta bakoitza bere txabola aldera zihoazenekoa da. Aurretik erabakitako hainbat bira nork azkarrago eman izaten zen lehiaketa.
Beste joko polit bat makilak zeharkatzea izenekoa zen. Hau oso aspalditik jokatzen zena omen zen. Bi artzainen artean jokatzekoa zen, eta edozein tokitan aurkitzen zirela ere, beti beraiekin erabiltzen duten artzain-makila luzea besterik ez zuten behar. Jakina denez, euskaldunok hain gure dugun apusturako sena azaltzeko ez da askoren beharrik izaten.
Joko honetan aritzeko, bi artzainek elkarren ondoan jarririk, batek bere makila ahal zuen urrutiena botatzen zuen zelaian. Besteak, berriz, leku berdinera botaz, lehenbizikoaren gainean zeharkatuta uzten saiatuko zen. Hori lortzen zuena zen irabazle, eta aldi bakoitzean txandaz aldatuz batek lortu arte honela jarraitzen zuten jokoan.
Aizkorri aldeko Urbiako artzainen artean, orain artean aipatu ditudan jokoetan aritzen zirela gogoratzen zenik ez nuen aurkitu. Baina larre haietako artzain gehienak Idiazabal, Segura, Zegama eta Zeraingoak izanik, bolalekua non zegoen ondo asko zekiten gehienek.
Gaur egun bolaleku gañe izenarekin ezagutzen zen zelai luzea Laskolatza saroiaren goikaldean dago, baina nahiz eta bere aurrekoek bolatan jokatzen zutela jakin, gaur 75 urte dituzten artzainak Urbian ez dira bolatan aritu.
3,25 metro pasatxoko ‘salta-harrian’ salto eginez
Alotzako zelaian, pilota lekuaren inguruan, hain ezaguna den saltaharri izeneko zutarria dago lurrean etzanda, eta bere izena artzainen jokoari zor dio. Nahiz bere zabalera eta altuera ez izan handia, luzeran 3.25 metro pasatxo ditu. Artzainak harri horrekin egiten zuten jokoa, beraren gainetik salto egitea zen.
Baina ez edozein moduz: mutur batean oinak elkarren ondoan zirela jarri eta abiadurarik hartu gabe, beste muturra igarotzerainoko saltoa egin. Hori egiteko belaunetan ez da nolanahiko indarra behar, geldi egon, belaunak okertu eta saltoa egin behar baita. Aspaldian hilda dagoen Zaldibiko artzain bat omen zen azkenaldiko saltoak egin zizkiona.