Unai Kerejeta
2012a ere joan zaigu eta abiadura latzean gainera! Ea zer dakarkigun 2013ak. Nik, behintzat, desberdin hastea erabaki dut, ea gauzak ere apur bat aldatzen diren. Hasteko, Urte Zahar gauean, nire bizitzan lehen aldiz, hamabi kanpaikadekin batera hamabi mahats aleak jan nituen, den-denak! Orain arte bosgarrenerako ia ezinean ibili izan naiz beti.
Parrandarik gabe, hurrengo goizean goiz, Urretxun ohitura den bezala, Irimo puntara joan nintzen. Egia da bai goian salda, txorizoa, ardoa… probatu nituela, baina hala ere!
Ikusten duzunez, Susaeta jauna, urtea desberdin hasi nuen. Zuk ba al duzu urte bukaera-hasierako erritualik? Barruko arropa gorriarekin irten al zinen? Tangaren bat edo? Jakin-mina piztu zait.
Ea honek guztiak lana aurkitzeko balio didan gutxienez! Bestalde, errege magoak pasatzearekin batera bukatu diren ditxosozko Gabon hauek, gustatzen al zaizkizu? Niri, egia esan, ez gehiegi. Umeak izanda agian desberdina da, baina ez da zure kasua, ez?
2013a gustatzen zait, nahiz eta batzuek dioten 13 horrek gauza onik ez digula ekarriko. Egia da bai urte zaila izango dela daukagun krisi honegatik, baina ez dauka zertan txarra izan, ezta?
Gero, badira baita urte hasierako promesa horiek ere: erretzeari utzi behar diot, gimnasiora apuntatu behar dut, ingelesa ikasiko dut… zuk bat edo beste egin al duzu? Neskalaguna bilatu? Horretan lanak edukiko dituzu, ja ja ja!
Ikusten duzunez, galderaz josi zaitut urteko lehen idatzi honetan; ez esan gero niri zertaz idatzi ez dakizunik hau irakurri eta gero!
Igor Susaeta
Frank Sinatra berpiztuko dut, ta berak eta biok New York New York abestuko dugu, dotore-dotore jantzita, hirugarren etorbideko zerritokirik zerritokienean, Kirk Douglasek txalo jotzen digun bitartean; Mike Tysonekin kontu bat argituko dut kale kantoi euritsu batean; Atlantic Cityko kasino kitsch-enean milioi bat dolar gastatuko dut gau bakarrean James Cagneyren bilobarekin, plazer hutsagatik; Municheko Olympiastadionen garaipenaren gola sartuko dut buruz, plancha-n botata, 10 zenbakidun kamiseta lokaztua soinean dudala; Fabian Cancellara atzean utziko dut Kapelmuurren, eta Tre Cime di Lavaredon gora vai vai! oihu egingo didate tifosiek; pare bat emakume seduzituko ditut bi orduren bueltan eta taberna beraren ilunean, baina sentitzen dudala, Monica Bellucirekin Goiko Kalen bokata bat jateko geratuta nagoela erantzungo diet; Rodrigo Ratorekin topo egingo dut, kasualitatez, Gobiko basamortuko ingurune idorrenean, eta «kaixo, zer moduz?» galdetuko diot, jator; Pirritx eta Porrotx elkarrizketatzen ahaleginduko naiz; Julio Iglesiasi bere aurpegiko alde txarrenaren argazki bat aterako diot eta bi milioi euroan salduko diot GoiBerri aldizkariari; igual, ez dakit, nire burua aurkeztuko dut Donostia 2016ren kontzeptuak sinplifikatze aldera; brigadilla kikiltzaile bat osatuko dut lagun batzuekin, eta estatutuak finkatu ondoren erabakiko dugu zeintzuk diren gure arrazoiak; eta azkenik, ahal dudan edo uzten didatena egiten saiatuko naiz. Horra nire promesak, Unai; promesak baino, nire nahiak. Egingarriak. Bat hilabeteko.