Zumarragako Antio baselizatik Beloki mendira igoko gara, eta magalari bira emango diogu ibilbide horitik.
Belokiko buelta eguneroko paseoa da zumarragar eta urretxuar askorentzat. Beharbada ez dira denak Belokira igoko, baina ibilbide horia egingo dute: neguan, biraren erdi laiotza saihestuz; udan, basoaren epela bilatuz.
Antiora iritsita, pistan gora egingo dugu interpretazio zentroaren lanak ezkerrean utzita. Bideak bi aukera eskainiko dizkigu aurki. Hormigoi bidea utzi eta ezkerrera aldapatxoa igoko dugu, bideko maldarik gogorrena da, labur-laburra. Goiko pistatik joango gara. Ez da denbora asko Zumarragako Udalak aurreko zepa bidea berritu eta bide horia bihurtu zuela. Hasieran basotik doa, baina laster zabalduko da bista. Aurrean Aralar dugu, Goierri azpian duela. Eskuinean Aizkorriko mendilerroa. Iturriraino jarraituko dugu bidea.
Iturrian, pista utzi eta ezkerrera egingo dugu Belokira igotzeko. Basoan sartuko gara berriz. Pista nagusia utzita, ezker aldean hainbat zidor hartu daiteke. Basotxoan ikusgarria da enborren artean sartzen diren eguzki izpiek sortzen duten argia.
Belokiko gurutzea bertan dago, muino baten gainean. Ezkiora begira eta Irimoren alboan ezkutatuta dagoen mendia da. Ohitura da gurutzetik zintzilik dagoen kanpaia jotzea.
Berriz iturrian, bide horitik jarraituko dugu, beste aldetik. Izazpi mendia bistaratuko dugu. Azpian, San Kristobal auzoa. Ezpondetan sasiak nagusi dira. Usain-belarrek joko digute sudurrera, eta zorte onekoak bagara, sasoian kukuak belarrira. Bidean goazela, harri handi batean zizelkatutako pantera topatuko dugu. Bide horia jarraituta Antioko ermitara iritsiko gara.