Ana Samaniego atletak (Ordizia, 1997) Brontzezko Ezkurra jaso du, aurreko denboraldian kadete mailan 1.500 metro oztopoetan denborarik onena lortzeagatik. Horrezaz gain, Euskadiko marka ontzea ere lortu zuen Samaniegok.
2012ko San Joan bezpera, ekainaren 23a, ez du berehalakoan ahaztuko ordiziarrak. Donostian jokatu zen Euskadiko Txapelketako proban hiru segundotan hobetu zuen marka; 1.500 metroak 5 minutu eta 29 segundoan egin baitzituen. Aurreko marka, 5 minutu eta 32 segundokoa zen.
Marka on horren ordaina izan zen jaso zuen Brontzezko Ezkurra. «Gipuzkoako Federazioak logoan ezkurra du eta horregatik izaten da ezkur forma duen pin bat, nire kasuan brontzezko ezkur formadun pina», azaldu du Samaniegok.
Marka hobetzearekin batera, Euskadiko Selekzioarekin Zaragozan jokatu zen Espainiako txapelketara joateko txartela lortu zuen, «Espainiako txapelketara joateko 1.500 metro oztopoetan 5 minutu eta 35 segundotan eginda eduki behar nuen gutxienez». Espainiako txapelketan zortzigarren gelditu zen.
Durangon (Bizkaia) jokatu zuten Euskadiko Txapelketan ere lehenengo postua errepikatu egin zuen Samaniegok, eta bere atletismo taldea, Txindoki, bigarren gelditu zen. Espainia mailako Castelloko txapelketara joatekoa bazen ere, hanka azpiko lesio baten ondorioz, ez zuen joaterik izan. Bere herrian bertan, Ordiziako San Silbestre proban irabazle izan zen.
Jarraitzeko gogoz
Eskolarteko kirol probetan hasi zen Samaniego korrikan, eta nahiko ondo ibiltzen zela ikusi zuenez, jarraitu egin zuen. «Herrietako krosetan eta eskolarteko probetan nahiko denbora onak egiten nituenez, atletismoaren munduan sartzen joan nintzen gutxinaka».
Ordiziako Txindoki Atletismo Taldeko kide izatera igaro zen ondoren, eta bertan jarraitzen du gaur egun ere, Altamirako zelaian entrenatzen bere lagunekin.
«Ni krosetarako prestatzen naiz batez ere», dio Samaniegok. «Oztopodun lasterketetan asko nabarmentzen dut, baina, entrenamenduak ez ditut horretara bakarrik zuzentzen; beste gauza batzuk ere egiten ditut atletismoaren barruan: 3.000 metro lauak proba egiteko ere entrenatzen dut, esate baterako», dio.
Aurrerantzean ere «atletismoari lotutako kiroletan» jarraitzeko asmoa du, gustura dabilen bitartean behintzat.