Karmele Luquik (Urretxu, 1977) abanikoak egiten ditu. Dioenez, haurra zenetik izan du gustuko artea. Beti gustatu izan zaio, adibidez, marraztea, eta eskulanetarako gaitasuna berezkoa du. Ez da harritzekoa, hortaz, oinarrizko ikasketak amaituta, Arte Ederren fakultatean izena ematea.
Goi mailako ikasketek zaharberritzearen munduan sakontzeko bidea ireki zioten. Lan munduan ateak irekitzeko beharrak bultzatuta, diseinu grafikoan ere espezializatu zen. Abanikoena, aldiz, ia kasualitatez sortu zaion zaletasuna eta proiektua da.
Nola izan zenuen abanikoak egiteko ideia?
Ez zen ideia bat izan bere horretan. Zirkunstantzia askoren batuketa eta emaitza izan dela esan daiteke. 2007 eta 2009 urteen artean Austrian bizi izan nintzen. Askok pentsatzen duenaren kontra, han ere bero handia egiten du, udan batez ere. Hotzari aurre egiteko prestatuta daude, baina ez horrenbeste beroa jasateko.
Egunero trenez bidaiatzen nuen aleman eskolak hartzeko, eta izugarrizko beroa egiten zuen. Bartzelonan erositako abaniko bat nuen. Behin abanikoa atera nuenean, treneko jendeak harrituta begiratzen ninduela konturatu nintzen. Han ezagutzen dituzte abanikoak, baina ez dira lortzen errazak.
Horrek bultzatuta hasi zinen abanikoak egiten?
Hori, bitxikeria moduan geratu zen, eta denbora pasata ahaztu egin nuen. 2009an Austria utzi eta etxera, Urretxura, bueltatzeko erabakia hartu genuen. Lan bila hasi nintzen baina diseinu grafikoaren eta kulturaren alorrean ez nuen aukera handirik aurkitu. Austrian nengoela etsy.com webgunea ezagutu nuen. Eskuz egindako gauzak eta lehengaiak saltzen dituen mundu mailako atari birtual handiena da. Buruan aspaldidanik nuen Internet bitartez zerbait saltzeko ideia.
Nola lotzen da hori, gaur errealitatea den abanikoekin proiektuarekin?
Oihalekin zerbait egin nahi nuen, baina ez nekien oso ziur zer. Horrela, Austrian horrenbeste erabilitako abanikoa puskatu egin zitzaidan erabiliaren erabiliaz, eta berri bat erosi beharrean, etxean nituen oihalekin nik neuk berriz muntatzea pentsatu nuen. Emaitza gustatu egin zitzaidan. Abaniko batek gustuko duzun oihal bat erakusteko beste aukera bat ematen duela iruditzen zait.
Horren gustuko al dituzu bada, abanikoak?
Abanikoa, ikuspegi folklorikotik begiratuta ez zait interesatzen. Objektu gisa gustatzen zait. Osagarri funtzionala da, praktikoa eta estetikoa ere badelako. Irteera bat izan zezakeela iruditu zitzaidan, eta aspalditik buruan bueltaka nituen ideiei poliki-poliki forma ematen joan nintzen. Hori izan zen Olelé abanikoa eta osagarrien markaren hasiera.
Izenak, hala ere, ibilbide luzeagoa du.
Bai, lehenagokoa da. Unibertsitatea amaituta, zaharberritze lanetan aritu nintzen hiru urtez Zaragozan. Baina gero, maitasun kontuek Bartzelonara eraman ninduten. Han, birziklatzeko aukera izan nuen eta diseinu grafikoa ikasi nuen. Lagun batekin batera, Olelé diseinu grafiko estudioa jarri nuen martxan. Austriara bizitzera joan nintzenean ere bertan lanean jarraitu nuen. Abanikoekin hasi nintzenean marka bezala erregistratu nuen.
Ia hiru urte iragan dira ordutik.
Hasieran, etsy.com-en bakarrik saltzea zen asmoa, eta horretan hasi nintzen. Atari hori Estatu Batuetakoa denez, erosle gehientsuenak bertakoak nituen. Gero, Europara ere zabaldu zen eta bertatik ere eskaerak jasotzen hasi nintzen. Honekin batera olele.es webgunea ere sortu nuen.
Zure denda birtual propioa ere baduzu, dena den.
Bai. Proiektu honekin hasi eta bigarren urtean denda birtual bat sortu nuen. Hasieran ingelesez bakarrik hasi nintzen saltzen, baina gaur egun denda birtualera, gaztelaniaz, alemanez edo frantsesez sartzeko aukera ere badago, shop.olele.es helbidean daude. Horrez gain, aurten beste plataforma birtual batzuetara ere eman dut saltoa: artesanio.com eta dawanda.com-era.
Nora saltzen duzu?
Gehienbat Estatu Batuetara. Batez ere, Kaliforniara, Texasera eta New Yorkera. Europa mailan Alemaniara saltzen orain gutxi hasi naiz, eta Ingalaterran eta Frantzian ere ezagutzen naute. Ohikoena ez den arren, Australiara, Japoniara, Singapurrera edo Dubaira ere bidali ditut nire abanikoak. Aurten hasi naiz Espainiara zabaltzen.
Zer berezitasun dute zure abanikoek?
Modelo tradizionaletatik ateratzen saiatzen naiz. Horretarako oihal bereziak bilatzen ditut munduan zehar. Oihal afrikarrak oso gustuko ditut, baita japoniarrak ere. Hagak edo barillak, aldiz, egurrezkoak dira, Espainian egindakoak. Egur motaren arabera, batzuk kolore ezberdinez lakatzen ditut. Prozesu guztia eskuz egiten dut eta abaniko bakoitzaren tiradak oso txikiak dira. Modelo bakoitzeko pieza gutxi errepikatzen ditut. Gainera, osagarriak ere egiten ditut, ile-orratzak, poltsikoan eramateko ispiluak, txapa txikiak…
Bizitzeko adina ematen du?
Badago honetatik bizi denik, baina oso zaila da. Badakit honetan bizirauteko hazi egin behar dudala, baina poliki-poliki eman nahi ditut aurrera begirako pausoak. Nik abanikoak gustuko ditudalako egiten ditut, baina ez dago dudarik, hemendik etekin ekonomikoa ateratzea ere beharrezkoa da, bestela ez du zentzurik. Horregatik, denda birtualaz gainera, aurten azoketara joaten hasteko asmoa ere badaukat.
Gabonetan Zumarragan egin zen artisauen azokan izan zinen.
Bai. Esperientzia oso polita izan zen. Jende asko gerturatu zen egiten nuenaz interesatuta, eta salmentak ere ongi joan ziren. Datorren urtean berriz errepikatuko dugu.
Aurrera begira, zer asmo dituzu?
Momentuz nagoen bezala jarraitu nahi dut, beti ere proiektua zabaltzeko asmoarekin. Azoketara joateaz gain, dendekin jarri nahi dut harremanetan, batzuk jada nire abanikoak saltzen baitituzte.