Hitz egokiko pertsona da Axio Araña Ampo Ordiziaren entrenatzailea (Beasain, 1961), umila. Hamalau urterekin hasi zen errugbian, eta ia hogei urtean aritu zen jokalari. Espainiako eta Euskadi selekzioarekin jokatutakoa, bi urte ez beste denetan –Atletiko San Sebastianen bi urte egin zituen– Ordizia izan da bere taldea. Jokatzeari utzi eta entrenatzaile hasi zen, gaur arte. Kirol ibilbide hori aintzat hartuta, Foru Aldundiak sari bat eman zion abenduan.
Estimatzen al dituzu Eguberri aurrean Diputazioak eman zizun moduko sariak?
Estimatu? Estimatu estimatzen dira horrelakoak, baina nik nire burua ez dut ondo ikusten horrelakoetan. Errugbia talde kirola da, eta talde kirol modura baloratu beharra dago. Hemen pertsona bakarrak ez du ezer ere egiten. Nik badakit urte hauetan lan asko egin dudala, eta denbora asko eskaini diodala errugbiari, baina ez naiz ikusten sariak-eta jasotzen. Horrelako sariak kirol honetatik aparte geratzen dira.
Errugbian hamalau urterekin hasi zinen. Nolakoa zen mutil kozkor hura?
Besteak bezalakoa. Oso zaila da orain atzera begira jartzea. Ez dago imaginatu ere egiterik orduko errugbia zer zen. Orain mutilak baldintza onetan ari dira errugbian jokatzen: ondo prestatuta, aldagela txukunekin, zelaia are eta txukunago… Hura beste mundu bat zen; denak jertse zaharrekin, bota zaharrak, dirurik ez ezer erosteko… Eta ze lokatzak! Bazter guztietan lokatza, lokatza eta lokatza. Trevijano bihurtu aurreko zelaian entrenatzen ginen. Gure amak zenbat labadora izorratu ote dituen! Orduan horixe zegoen, eta normaltasunez egiten genuen borroka, kirola horrela baitzen.
Belaunaldi berriek ez dute jakingo, baina jubeniletan Espainiako selekzioarekin ibili zinen, eta Europako txapelketa bat ere jokatu zenuen. Oroitzapen onak al dituzu?
Oso onak. Jokatzeaz harro nago, baina askoz ere harroago nago orduan ikasi nuena irakasteko gogoa eduki nuelako. Gaur egun Ordizian jende asko dago prestatuta, ikastaro asko egin dituzte, Santos Regil bera horietako bat, eta plazerra da ikustea zentzu horretan zenbat aurreratu den. Garai hartan ia inork ez zekien jokatzen, eta aurrera egitea oso zaila zen. Partidetan-eta asko ikasten genuen.
Ia hogei urtez izan zinen errugbi jokalari, 33 urterekin utzi zenion jokatzeari. Zertan aldatu da errugbia harrezkero?
Gauza askotan, eta Ordizian, bereziki. Errugbia asko aldatu da profesionalizatzen hasi zenetik, araudiak ere aldatu dira, prestakuntza fisikoak ere ez du zerikusirik lehen egiten zenarekin. Bakoitzak ahal zuena egiten zuen. Gaur egun atleta bat izan beharra dauka errugbi jokalari batek, goren mailan jokatu nahi badu behintzat. Zorionez edo zoritxarrez, errugbiak mantendu egin ditu lehengo balore asko: grina, gogoa, borroka egin beharra…
Eta ia etenik hartu gabe, entrenatzaile lanetan hasi zinen. Zer sentitzen zenuen, errugbiari lotuta segitzeko beharra, klubari laguntzeko beharra?
Dena bat. Taldeak behar hori bazuen, eta nirea ez zen jokalari ohi baten beharra, nirea obligazioa zela esango nuke. Hainbeste urtean jokalari bezala ezagututakoa eskaini egin nahi nion Ordiziako taldeari. Orduan, entrenatzaile batek pare bat urte pasatzen zituen eta nekatu egiten zen, eta nik uste nuen niri ere gauza bera gertatuko zitzaidala, nik ere nire mugak ikusten nituelako, eta denbora handirik ere ez nuelako.
Harrezkero hazi besterik ez da egin Ordizia Rugby Elkartearen egitura, bai antolakuntza aldetik, bai jokalari aldetik, bai zale aldetik… Zertan asmatu duzue?
Jende askok parte hartu du horretan, eta jende horri guztiari eskerrak eman behar zaizkio. Hasteko, zuzendaritzan aritutakoei, beti egon direlako laguntzeko prest. Niri laguntzen ere jende asko aritu da, eta hori eskertzekoa da. Jokalariek ere badute zerikusia. Ordiziako eta Goierriko jende asko pasa da hemendik, eta denon artean altxatu dugun zerbait izan da.
Zuk nola bizi izan zenituen hazkunde garai haiek, ilusioarekin edo egonezinarekin?
Ilusio handiarekin batez ere, eta baita nire ondoan egon diren zuzendaritzako kide eta jokalariak ere. Jar dezagun Joanes Aierbe adibide bezala. Bere garaiko jokalariekin borrokatu zen lehenengo mailara igotzeko, eta lehenengora ez bazen, lehengo bigarren horretara. Behar dena da ilusioa, eta hortik aurrera, lan asko egin.
Eta azken urteetakoa bestelako zerbait da ia. Fitxaketak daude, klubaren adar batzuk profesionalizatzen ari dira… Zuk betiko bizimoduarekin jarraitu duzu.
Bai, eta ni bezala etxeko denak. Harro esaten dugu 0,0 izan direla gure irabaziak. Nik harro esaten dut hori, jakinda jende askok ez duela hori ulertzen. Ez dago denontzako dirurik, eta gainera iruditzen zaigu denon mesederako izan dela beti bezala jarraitzea. Guk naturaltasun osoz bizi dugu bizi duguna.
Bi kirol zuzendari ere zurekin lanean aritu dira azken lau urteetan; Jim Dixon hiru urtez eta Paul Healy iaz. Nola bizi zenuen zure lan ohiturak partekatu beharra?
Niretzat, entrenatzaile naizenez geroztik, bizi izan dudan momenturik zailenetakoa izan da. Jim Dixon etorri zen urte hura asko kostatu zitzaidan urtea izan zen. Gauzak nire erara egiten ohituta nengoen, eta bat-batean profesionala zen mutil bat etorri zen, hortik bizi behar zena, beste hizkuntza bat hitz egiten zuena… Asko kosta zitzaidan egoera horretara egokitzea, koska handia izan zen niretzat. Erabakiak zeinek hartu, nola hartu… dena bere esku uztea ere pentsatzen nuen, eta nire artean esaten nuen dena ez zegoela haren esku uzterik, taldeak bere baloreak eta sentimenduak ere mantendu beharra baitauzka. Hilabete batzuk pasatu eta gero ikusi nuen nire beharra ere bazegoela, dena ez zela konpontzen entrenatzaile profesional bat ekarrita, taldea bera ere ez baita profesionala. Balore horiek mantendu egin behar dira, eta jende gaztea errugbira erakarri. Hori, Ordiziako kasuan, ezin du entrenatzaile profesional batek egin.
Orain Santos Regil daukazu ondoan, etxeko mutil bat. Pentsatzen dut behin baino gehiagotan pasako zitzaizula burutik dena pikutara bidaltzea.
Santosekin oso gustura nago, errugbiaz ulertzen du, eta hizkuntza ez da arazoa. Taldea inoiz uztea pentsatu dudan? Askotan. Hobetzea gero eta zailagoa da, gero eta dedikazio gehiago eskatzen du kargu honek. Egia esan, gero eta gertuago ikusten dut gazteei lekua utzi beharreko unea, nik nire lanak egin ditudala uste baitut.
Jokalariak motibatzeko aparteko abilezia duzu. Une zailetan hazten den horietakoa al zara?
Garai batean horixe zen taldeen indar nagusia, ohoreari eustea, eta uste dut grinari eta gogoari eutsi diogula. Kirol hau oso konplikatua da zentzu horretan, eta ohoreari eustea garrantzitsua da. Zorionez, nik horrela bizi izan dut, eta oraindik ere urduri jartzen naiz partidetan, bezperan ere bai, eta hori da kirola bizi dudalako.
Iaz lehen titulua iritsi zen, eta harekin batera euforia. Zer eskatu behar zaio 2013ari?
Iaz bizitako egun horiek zoragarriak izan ziren, baina handik aurrerakoa gogorra izaten ari da, ikusi dugulako zer garrantzia hartu duen errugbiak herrian, eta zentzu horretan, presioa ere sentitzen dugu. Nik mutilei eskatzen diet duten guztia emateko, saiatzeko, horretarako ari garelako entrenatzen. Hortik gora ezer ere ez. Guk ez daukagu eskubiderik mutilei tituluak exijitzeko. Ezin dugu ahaztu nondik gatozen.