
Joxepa Madariaga
Zaborra hartu behar diagu gaurkoan hizpide. Makina bat eztabaida antzu eta gaizto sortu dituen gaiari bihotzetik heldu behar zioagu, bihotzetik, bai, maitasunez.
Birziklatzea derrigorrezkoa dugula sinetsita nagok eta, are gehiago, ahal dugun zabor gutxien sortu behar dugula ere bai. Beraz, kontsumo itsuaren kontra nagok. Zenbat eta zabor gutxiago sortu, orduan eta lan gutxiago izango diagu sailkatzen. Lana baituk zaborra sailkatzea eta bakoitza dagokion lekura eramatea; oraindik ikasi ez dugun lana, baina guk sortutako zaborra denez, guk egin beharrekoa.
Etxeetan hozkailuak, armairuak, apalak, biltegiak eta txoko asko dizkiagu, erosten ditugun janaria, xaboia, tresnak, arropa eta beste hainbat gauza txukun gordetzeko. Botatzeko, ordea, duela gutxi arte zaborrontzi bakarra izan diagu. Orain zazpi bat behar dizkiagu eta horientzat lekua egiten hasiak gaituk: papera hemen, olioa han, Markelentzat tapoiak… A zer nolako buruhaustea zenbait etxe txikitan! ezin kabitu!
Bihotzetik, maitasunez eta goxo aritu nahi dudala esan diat eta halaxe ari nauk, sentitzen dudana esaten. Orain, jolas modura hartuz, erronka bota nahi diat, gure mundutxo zikin eta narras hau txukuntzeko erronka: baietz hilabetez hilabete, geroz eta zaborra gutxiago sortu gutako bakoitzak geure etxean?! Gogoz saiatzen bagara, erraza duk eta, jolasa erosketak egiterakoan hasten dut, dendan bertan: pentsatu zer behar dugun, ondo aukeratu, nola bilduta, zenbat paperez eta plastikoz estalia dagoen erreparatu…
Inazio Usarralde
Nahaspila, Joxepa, horrela proposatzen din izendatzea Anjel Lertxundik (Berria, 2013-01-16) hondakinekin bizi dugun kalapita. Hasteko, adituei ikasitako ñabardura bat: guk etxean sortzen ditugunak mota desberdineko hondakinak ditun. Hondakin horiek nahastean, gaika ez biltzean, sortzen dinagu zaborra, hain zuzen ere. Hori esanda, hitz egin dezagun sentitzen dugunetik, bai. Nahaspila honetan, egia dun, hondakin gutxiago sortzeko zer egin dezakegun galdetu beharko geniokeela geure buruari. Nik gaur bi ideia aipatuko dizkinat: murriztu eta birziklatu.
Murriztea hik aipatutako kontsumo eredu itsuarekin zegon lotuta. Eredu horretan, gainera, kontsumitzaileok, herritarrok gaitun benetako protagonista. Beraz, hasteko, produktu bat erosi aurretik kalitateari begiratzen diogun moduan erreparatu beharko geniokeen birziklatzea errazten duenari ere. Errazten badu, erosi; bestela, ez. Gainontzean, gure kontsumo ohituretan aldaketa txiki batzuk egite hutsarekin auskalo zenbat murriztu dezakegun: arrandegira plastikozko ontziarekin joatea, barazkiak zuzeneko salmentan edo azokan erostea…
Badun ideia bat denok bat egiten duguna: birziklatzearen alde gauden denok! Eta honetan, gehien birziklatzen den sistemaren alde nagon ni. Eta atez atekoa dela eta, denek zeukaten arrazoi punttu bat: sistema ez dun zero akatsekoa, hobetzeko gauza asko ditin, baina ez dun hain usain txarrekoa, zikina eta deserosoa ere, ez. Ea nahaspila ez dugun /…pila/ bihurtzen!