Andoni Salamero Alberdi
Irakaslea
Urte berri hasiera honetan, eskerrak eman nahi nizkieke, modu batean edo bestean, egunero, beraien jakintza eskaintzen didaten pertsonei. Bakan batzuk, heriotza dela eta, zoritxarrez, joanak zarete gure ondotik, nahiz eta zuon jardunaren oihartzuna, aurrez aurre bazintuztet bezala, ene gogoan entzuten zaituztedan; hori dela eta, zuoi eskaini nahi nizueke nire lehen lerro hauen goraltza apala. Beste batzuk hor aritzen zarete, kalean elkartu orduko, zuon izaeraren beroa eta bizipoza zabaltzen, irribarretxo bat edo kontu samurren bat oparitzen, bizia errazagoa eta atseginagoa izan daitekeela sinesten… horrelako jario oparotik edanda, hamaika alaitasunik eman izan didazue, zuon erregalua atseginki jasoz. Zuok egindako harrera samur eta abegikor horren trukean bihoakizue nire estimurik handiena.
Zuon irakaspen sakonak jasotzen, onartzen eta eskertzen ari banaiz ere, iruditzen zait esker emate hau oso ahaztu zaigula; badirudi ahanzturak hoztu digula bihotza, ematen zaiguna, alegia, eskerrak ematea, berez eman behar zaigula sinestaraziz, sarri, emailearen jarduna gutxietsiz. Ikusi besterik ez dago giza-talde ugariren lana zein gutxi eskertu eta aintzakotzat hartzen den. Geure etxeetatik hasi eta egunerokotasunean, erabat zurrunbiloan murgilduta, zein gutxitan eskerraren jarioa geure barruetatik besteenganatzen dugun. Bai, hala gabiltza, geure zilbortxoari begira, hitz xume honen balioa hustuz, esana zainduz, agian, «eskerrik asko» horixe ahotik adieraziz, baina bere benetako izana bizi gabe.
Eguna hasi orduko, eskerrak emateko aukera apartak ditugu, bizirik gaudela sinesteko, bizidun garen aldetik biziari biziki garena eskaintzeko, esker onaren lorea gure hitzetan, ekintzetan sustraitzeko. Hala, gure ametsak, helburuak, nahiak asmo onez besteei eskaintzen jakin behar dugun bezala, etengabe besteengandik jasotzeko aukera izan dezakegu; baina, jakina, ez geuk nahi dugun erritmoan, baizik eta berori hala gerta daitekeen une egokian. Izan ere, egungo frustrazio, antsietate eta neke askotxo gertatu ote dira gizakiak gertatu beharrekoa berak nahi duen momentuan lortu ez duelako?
Bukaezineko hartu-eman sakonean ari den pertsonak badaki huste eta puzte horretan bere benetako izaera eraikitzen ari dela, biziari erne ari zaiola, biziarekin bat ari dela, bere taupadak haragituz, egoismoaren atzaparretan erori gabe. Horrexegatik, aurrez aurre duen bizi hori estimatzen eta maitatzen du, gertatzen zaiona ulertzen ahalegintzen da, bere harremanak orekatuz eta naturalki jokatuz. Seguru aski, erne egote horrek suspertzen du eta biziagotzen bere barrua, biziari berari darion sentiberatasuna jariatuz. Argi dago gure hartu eta eman horretan aritzean, indar handiagoa jarri beharra daukagula on egiten dugun horretan, gizakiok oker egiten duguna kontatzeko joera baitugu, eta horrek ez digu barruz hazten uzten.
«Izan ala ez izan, hor dago gakoa», zion Shakespearek Hamleten hitzetan. Egia borobila, izanarena zinez denak izanarena den guztia kantu bihurtzen duelako, bera baita izanaren kanta, bere baitan ez dago bestelakorik, egiaz sentitzen duena zabaldu nahi du, halako barru puztu batek etengabeko esker ona azaltzeko borondatea besterik ez duelako; eta jakina, puztua den barruak besteak ukitzen ditu, erakartzen eta pizten, bihotza argiturik sentitzen duelako, biziminak jota dagoelako. Hargatik, gizakiok zor gatzaizkio biziaren izanari, izanaren biziari, bestela, zonbiak bezala gabiltza, zabuka, inertziak jota. Hau hala bada ere, askotan, geuregan dugu aldatzea, zerbaitegatik dugu askatasun hori gogoaren erraietan gordea, askatasunik ederrena gure izanari eskaintzeko, biziari era sentiberago eta bihozberagoan ekiteko.
Bakoitzak aukeratzen du nora joan, zer egin, izanari zer kolore eman nahi dion, eta bere sormenaren bidez sortzaile lanetan nola aritu nahi duen. Guk izanari esker txarrez ala esker onez, ematen diogun huraxe, berak halaxe emango digu; merezi du esker onekoa izatea, aurrez aurre dituzun hainbat dohain, sentimendu eta jokabide on gogoan hartzea, hauexek lora dezaten zure benetako izana, pena baita horrenbeste eskaintzen duzuna eskatzen duzuna beste ez izatea, eta are gutxiago, gertatutakoa gertatuta ere, ez eskertzea. Jakin dezazula zeure jardunean benetan asmatzen eta aurrera egiten, zinez hau da urte honen lehenengo hilabetean opa dizudana. Edan ezazula esker onaren iturritik, behin eta berriz, zure izatean. Zure arretagatik, eskerrik asko.