Azken urteotan krisia da gai nagusia komunikabideetan eta kalean. Ezkortasuna nagusitzen ari da eta datuak ikusita ez da harritzekoa. Hasi berri den urtea, orain arteko okerrena izango dela diote adituek.
Dagoeneko hiruzpalau urte pasatu dira komunikabideetan krisiaz hitz egiten hasi zirenetik. Denbora horretan guztian gainbehera etengabea izan da. Langabezia, lan erregulazio txostenak, enpresen itxierak, murrizketak, desjabetzeak… Ez da argirik ikusten, gainera. Tunela iluna eta luzea da. Oso luzea. Egunetik egunera luzeagoa. Izan ere, 2013a orain arteko urterik okerrena izango dela diote adituek.
Egungo krisiari eta 2013 «beldurgarriari» buruz duten iritzia eta ikuspegia azaldu dute eremu desberdinetako sei goierritarrek: Urretxuko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Reyes Gamizek eta Iñaki Arriaranek, Pello Agirrezabal Kutxabankeko Ordiziako bulegoko zuzendari brinkolarrak, Joseba Barandiaran ekonomialari legazpiarrak, Goierriko Stop Kaleratzeak taldeko Nahikari Pita ordiziarrak eta Ramon Juaristi Lanbideren Zumarragako bulegoko zuzendariak.
Guztiak ados daude: egoera oso txarra da. Barandiaranek krisia gainditzeko gizarte kohesionatuagoa eta kontsumo arduratsuagoa behar direla uste du. Ekintzaileei lagundu behar zaiela eta esportazioak bultzatu behar direla.
Urretxuko Gizarte Zerbitzuetako langileek eurek oraindik krisia ez dutela asko nabaritu esan dute: lehengo berberek eskatzen dute laguntza eta udala sail horren aurrekontua ez murrizteko ahaleginak egiten ari da.
Stop Kaleratzeak plataformakoek, ordea, krisia gertutik bizi dute. Talde hau krisiaren ondorioz sortu da eta bankuei desjabetzeak uzteko eskatu diete. Lanbiden ere krisia eguneroko mintzagaia da. Juaristi kezkatuta ageri da, langabezia etengabe gora egiten ari baita: euren bulegora geroz eta jende gehiago hurbiltzen da eta ezin diete bilatzen duten hori eman.
Bukatzeko, Agirrezabalek erakundeei gidaritza bere gain hartzeko eskatu die, eta etsipen sentimenduak sortzen dituen kalteez ohartu du.
………………………………………………………………………….
Joseba Barandiaran: «Ekonomiak gizarte osoari eragiten dio, eta giza harremanen isla garbia da»
Joseba Barandiaran (Legazpi, 1973) bankuko langilea da, eta ekonomian aditua. Euskal Herriko Unibertsitatean egin zituen ekonomia ikasketak eta masterra du CEMFIn. Berrian, Euskadi Irratian eta Euskal Telebistan ekonomia gaien inguruko kolaborazioak egiten ditu.
Arlo ekonomikoari begiratuta, nola dator 2013. urtea?
Gogorra dator. 2012an langabezia asko handitu zen eta, berehalakoan nabarmen behintzat ez da hobetuko. Aurreikuspenak horiek dira, hainbat faktoreren menpe daude, eta oro har, atzeraldia eta enplegu galera iragartzen dira.
Krisia hasi zenetik denbora pasa da. Zein da une honetan bizi dugun egoera?
Estatu Batuetan lehertu zen finantza krisitik, Eurogune barruko tentsioak eta kontraesanak agerian utzi dituen beste bat etorri da. Espainian nabarmen, Hego Euskal Herrian gutxiago, zuten higiezinen burbuila lehertu eta hainbat finantza erakundek porrot egin du (Nafarroako Kutxa gurean). Atzeraldiak eta lan merkatuko araudiak langabeziaren igoera azkarra eragin dute, zerga sistema ahul bat agerian utziz: defizita lehertu da eta bere burua finantzatzeko ezgai, ongizate estatuaren oinarriak kolokan daude.
Noiz arte iraungo du egoera honek? Zein da egiten duzun aurreikuspena?
Egoera ekonomikoa etengabe aldatzen ari da, eta agente ekonomikoak (familiak, enpresak, nahiz erakunde publikoak) hartara moldatzen dira. Inoiz ez da atzera egiten, bizitzan bezala. Irakasgaiak atera beharko dira eta aurrera begira estrategia berriak definitu.
Zein izan daiteke irtenbidea, zure iritziz?
Gizarte kohesionatuago bat eta kontsumo arduratsuago bat bultzatzen duena nahiko nuke. Politikak horretara bideratu behar dira, eta oro har, konponbide kooperatiboen abantailak landu.
Espainiako gobernua aurrera eramaten ari den murrizketen politika, eta herriari exijitzen ari zaion ahalegina krisitik ateratzeko biderik egokiena direla uste al duzu?
Ahaleginak eskatzea ondo dago, baina krisia sortu zenean bakoitzaren ardurak ezberdinak ziren bezala, ahaleginak ere ez luke denontzat berdina izan behar. Herritar arruntaren kaltetan hainbat neurri hartu dituzte, eta ahalegin handiena eskatu zaie. Dena den, langabe eta pentsiodun ugari daude, kotizatzen duen gutxi eta lobbie ekonomiko indartsuak ere bai.
Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban gobernu aldaketa izan da berriki. EAJk zer bide hartuko duela iruditzen zaizu?
Zerga erreforma eta murrizketa batzuk, biak egin beharko ditu benetako estrategia ekonomiko bat abiatzeko. Espainiak finkatu duen defizitaren mugak autogobernua gutxitzen du, eta Espainia markak finantzabideak urritu dizkio euskal ekonomiari. Gobernua gutxiengoan egonda, gainera, are zailagoa izango da hori guztia.
Ekonomia suspertzeko zein politiketan sakondu beharko lukeela uste duzu?
Klixeak bezalakoak dira, bai, baina ekintzailetasunaren, berrikuntzaren edo ikerkuntzaren bueltan lan egin beharra dago, besteak beste. Ekonomia produktiboa eta gertukoa ahaztu gabe, esportatzeko gaitasuna landu behar da, batik bat egun hazkunde gune nagusi diren herrialdeetara: Brasil, Txina edo India, batzuk aipatzearren.
Krisiaren ondorioak ez dira guztiontzat berdinak. Gizarteko zein sektoreri ari da eragiten batez ere?
Ahulenei, noski. Aurrezki ahalmena galdu du hainbat familiak , pobrezia datuak gorantz doaz, eta etxegabetzeez gain, zorretan itota dabil jende eta enpresa asko. Pentsiodunak eta langabetuak dira, azken batean, kaltetuenak.
Goierrira etorrita, egungo egoera argazki orokorretik ezberdintzen al da zerbaitetan?
Gurean, industria alorrera beranduago iritsi da, akaso, moteltze hori. Baina eraikuntza eta finantza sektorean gogor jo du, baita sektore publikoan ere. Industriara eta merkataritza txikira ere iritsi da. Dena den, esportatzeko ahalmena eta berrikuntza teknologikorako gaitasuna duten enpresak edukitzea funtsezkoa da. Hori zaindu behar da, eta herritarren formazioa garai eta premia berrietara egokitu.
Berezitasunak dituen eskualdea da Goierri, eta industrian oinarritutako ekonomia du. Horrek zertan eragin dio bereziki?
Zentzu zabalean eragin diola esango nuke. Paisaian, immigrazioan, kulturan, ingurumenean, errenten eta soldaten mailan, etxegintzan, azpiegituretan… Ekonomiak gizarte osoari eragiten dio eta giza harremanen isla garbia da.
………………………………………………………………………….
Stop Kaleratzeak taldeko kideek 2013a ere gogorra izango dela uste dute
2012an asko hitz egin da desjabetzeez eta, zoritxarrez, 2013an ere hala izango dela dirudi. Goierriko Stop Kaleratzeak taldea iaz sortu zuten eta nahi baino lan gehiago izan dute ordutik. Nahikari Pita taldeko kideak datozen hilabeteak ere gogorrak izango direla dio.
Urtea lanpetuta hasi dute: urtarrilaren 25erako aurreikusita zegoen desjabetze bat gelditzea lortu dute. «Doako laguntza juridikoa izatea lortu dugu, baina euren denda saldu beharko dute beharbada etxebizitza ordaindu ahal izateko. Bankuek etxe asko dituzte dagoeneko eta hutsik daude. Ez dakigu zertarako nahi dituzten gehiago. Gure ustez, irtenbideak etxebizitza ordainean ematea eta alokairu soziala dira».
Goierriko beste herri bateko hiru anaia ere kinka larrian dira. «Bakoitzak 600 euro inguru kobratzen du eta etxebizitza kendu behar diete. Hiruen artean gehiegi irabazten dutenez, ez dute epaitegira doan joateko eskubiderik. Gure abokatu batek defendatu behar ditu, baina prokuradoreari ordaindu egin behar diote».
Ez du uste gainera, hurrengo hilabetetan gai honek hobera egingo duenik. «Bankuen jarrera oso txarra da. Erraztasunak emateko besterik ez diegu eskatzen. Desjabetze saiakerak gelditzea lortuko genuela uste genuen, baina zoritxarrez 2013an ere kasu asko egongo dira Goierrin», aurreratu du.
Stop Kaleratzeak taldea desjabetzeak gelditzea lortzen ari da. «Jende askoren laguntzari esker lortu dugu. Epaitegietan lana errazten digute, alkateek ere lagundu digute eta firma asko bildu ditugu. Gure diru iturri bakarra txapak eta kamisetak dira. Ordiziako Gabonetako azokan txapen truke euro bat eskatu genuen, baina jende askok 5 eta 10 euroko billeteak eman zizkigun».
Horiei guztiei eskerrak eman nahi dizkiete eta kaltetuei, berriz, beraiengana lehenbailehen jotzeko eskatu. «Laguntza eskaini dezakegu, baina garaiz informatu behar gaituzte».
………………………………………………………………………….
Reyes Gamiz eta Iñaki Arriaran: «Gure sailak lehentasuna duenez, helburua iazko aurrekontuari eustea da»
Asko aldatu al da zuen lana krisiaren eraginez?
Krisia ez dugu asko nabaritu oraindik, eta ez da lehen baino jende gehiago etortzen laguntza eske. Izan ere, Irizar eta CAF oraindik ondo daude. Lehengo jende bera etortzen da, profil berekoa. Langabeziak etorkinak zigortu ditu batez ere, eta bertako gehienek lanari eusten diote oraingoz. Desjabetzeren baten berri ere izan dugu, eta lehen ez zen halakorik gertatzen.
Murrizketarik izan al duzue?
Udalaren egoera ekonomikoak okerrera egin du, lehen baino dirusarrera gutxiago baititu. Hori dela eta, garai batean baino programa gutxiago antolatzen ditugu (informazio sexualari eta drogamendekotasunari buruzkoak, adibidez). Egun, kontu handiagoarekin gastatzen dugu dirua eta gainera lehentasuna behar handiena dutenei laguntzea da. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren gizarte laguntza programetatik lehen baino diru gutxiago jasotzen dugu. Jendeari laguntzen jarraitu ahal izateko, aipatutako programetan eta nazioarteko dirulaguntza programetan murrizketak izan dira.
Udalak aurrekontua murriztu al dizue?
Ez. Gure sailak lehentasuna du, eta helburua iazko aurrekontuari eustea da. Aldaketa bakarra, esan bezala, lehen prebentzio programetara bideratzen genuen diru kopuru bat egun behar handia dutenei diruz laguntzeko erabiltzen dugula da.
Zer espero duzue 2013rako?
Gure aurrekontuari eutsiko diogu. Bestalde, iaz nazioarteko dirulaguntzak erdira jaitsi genituen eta aurten zertxobait igotzeko asmoa dugu, baina ez dakit lortu ahal izango dugun. Ez dugu espero aurreko urteetan baino askoz ere jende gehiago etortzea laguntza eske. Zorionez, eskualdeko enpresa indartsuenek lanari eusten diote.
Gazteen artean langabezia handia da, ordea.
Gazteek familiaren babesa dute, eta ez dira hona etortzen. Bere garaian gurasoen etxetik joan ziren gazte batzuk itzuli egin dira. Etorkinen egoera okerragoa da eta, normala denez, guregana etortzen dira laguntza eske. Beste batzuk, berriz, euren herrira itzuli dira. Dena den, bertako jende askok oraindik ez ditu garbitzaile lanak eta antzerakoak nahi.
Zer laguntza eskaintzen dituzue?
Emergentziazkoak (argindarra, gasa eta ura ordaintzeko), alokairua ordaintzeko laguntzak, arazo puntualetarako laguntzak… Horrez gain, elkarteei eta GKEi dirulaguntzak ematen dizkiegu, besteak beste.
………………………………………………………………………….
Langabezia gora doa etengabe eta lana sustatzeko bulegoak gainezka daude
Espainiako Enplegu zerbitzuak berriki kaleratu dituen datuen arabera, Goierrin 4.182 langabetu daude. Datuak 2012ko abendukoak dira. Hala ere, zenbakia bera baino esanguratsuagoa da ia, 2012an langabezia tasak Goierrin izan zuen gorakada. Goierri behean %13,04 igo da langabezia; Goierri garaian, berriz, %16,1.
Datuak kezkatzeko modukoak dira Ramon Juaristi Zumarragako Lanbideko arduradunaren iritziz. Dioenez, «2008an krisia hasi zenetik langabeziak goraka egin du etengabe». Eta horrekin lotuta, orain arte enpleguaren inguruan adituek egin dituzten aurreikuspen guztiek «porrot» egin dutela dio. «2013ko bigarren hiruhilekoan langabeziak behera egingo duela diote azkeneko aurreikuspenek, baina hori lehenago ere entzuna dugu», aipatu du etsipenez.
Juaristik azaldu duenez, Zumarragako Lanbideren bulegoa «gainezka» dago une honetan. Gero eta jende gehiago gerturatzen da bertara lan bila, baina «zoritxarrez guk ezin diegu bilatzen duten hori eman, lan eskaintzarik ere ez baitago», zehaztu du. Euren lana diru-laguntzak kudeatzera eta lan bila doazenak formaziora bideratzera murriztu dela dio. «Gizarte zerbitzuetako lana da, beste ezer baino gehiago».
Enplegua kudeatzen duen bulegoetara jotzen duen jendearen profila ere aldatu egin da. Azken urteetan «emakumeak gehiago ziren gizonezkoak baino. Orain, berriz, parekatu egin da». Etorkinak orain, lehen bezala, bulego hauetako bezero kopuru garrantzitsua dira, baina «gero eta gehiago dira bertara datozen euskaldunak», zehaztu du. Juaristiren hitzetan «kezkagarriena», dena den, gazteen artean dagoen langabezia tasa altua da. Formazio aldetik «inoiz baino gazte prestatuagoak dira, baina lanerako aukerarik ez dute». Lana sortzea da «arazoari irtenbidea emateko modu bakarra».
………………………………………………………………………….
Pello Agirrezabal: «2013a urte zaila izango da, baina okerrena etsipen sentimendua da»
Zertan aldatu da zuen lana krisiaren eraginez?
Mailegu gutxiago ematen ditugu eta salerosketak ere jaitsi egin dira, eta dagoeneko hiru urte daramatzagu modu horretan. Bezeroei zerbitzu global bat ematen saiatzen gara, baina beti dirua inbertsio seguruetan jarriz.
Lan gutxiago ala gehiago duzue?
Gure lana ez da ez handitu ez txikitu: aldatu egin da. Gaur egun entitate dezente daude diru beharrean, eta honek konpetentzia gogorra ekarri du. Gainera, denok negozioa zabaldu dugu, bereziki aseguru mundura.
Desjabetzeen gaiak lan handia ematen al dizue?
Maileguei aurre egin ezin dieten bezeroen egoera larria da. Gu gara arazo horretaz jabetzen garen lehenak. Bezeroen ostean, gu gara egoera hori konpondu nahi dugun lehenak. Baditugu irtenbideak eta aurrerantzean gehiago ere izango ditugu. Kasu bakoitza aztertu, zama arindu eta egoera larrian daudenei irtenbidea eman behar zaie. Halere, badira gai hau bere mesederako erabili nahi dutenak ere, eta egoera bakoitza bereizi egin behar da.
Nolakoa uste duzu izango dela 2013a?
Urte zaila izango da. Enpresek lan gutxi dute, langabezia tasa gora doa, zergak ere bai… Halere, okerrena etsipen sentimendua da. Nire ustez, erakunde publikoek, bai hemengoek zein kanpokoek, gidaritza bere gain hartu behar dute. Enpresek, langileek eta politikoek estrategia adostu behar dute. Eta erakundeek laguntzak eskaini behar dituzte. Neurri hauek azkar hartzen ez badira, lehiakortasuna galduko dugu eta beste batzuk kenduko dizkigute merkatuak.
Noizko aurreikusten duzue argi printza bat?
2013an zehar neurri egokiak hartzen badira, urte bukaerarako buelta ematen hasi gaitezke.
Mailegua lortzea azkenaldian bezain zaila izango al da?
Ez dut uste. Lana baldin badago, bezeroak etxea, autoa… erosteko maileguak eskatzen hasiko dira, eta horrek kontsumoaren hazkundea ekarriko du. Baina hori lortzeko, esan bezala, neurriak adostu behar ditugu. Honek lehentasuna izan beharko luke. Zein izango da bestela gure gazteen etorkizuna?
Zenbat jaitsi da zuek emandako mailegu kopurua?
Azken sei urteetan %8 bat inguru jaitsi da mailegu kopurua, baina beste banku batzuetan gehiago jaitsi da.