Aizkorri parke naturalean sartzeko gonbitea, Legazpiko Barrendiola urtegitik abiatzen den zidorretik.
Legazpiko Brinkola auzora iritsita, Barrendiola urtegiko bidea hartuko dugu seinaleak jarraituta. Urtegia zeharkatuko dugu basoak urari egin dion tokia begietsita. Barrendiolari buelta ematea ibilbide honek eskaintzen duen lehenengo aukera da, baina ez bakarra.
Barrendiolari bira eginez uraren soinuari jarraituta aurkituko dugu Urola erreka, Aizkorritik datorren ur lerroaren lehenengo topalekua ikus daiteke, iturburua, alegia, ur-jauzi laburrek apaindua.
Urtegian Aizkorriko altzora igotzeko aukerabideak zabaltzen dira. Zubia igarota, seinale horiak eta zuriak edota horiak eta gorriak jarrai ditzakegu, biek Ollariagara eramango gaituzte, Aizkorri parke naturaleko ateraino. Handik Artzanburura, Aloñako mendizerrara, Urbiara edota Arantzazura iritsi gaitezke. Gaztaren bidea ere, bertatik igaro da.
Oraindik urtegian, kuku-prakak, urrebotoiak, hirustak, garoa eta masustondoak aurkituko ditugu ugari bidean. Seinaleak bidelagun ezkerrera gora egiten duen bigarren zidorra hartuko dugu. Pinuak nagusitzen diren arren, zuhaitz gazte asko dago, txiki baina oparo: arteak, haritzak, pagoak, gaztainondoak, gorostiak eta zumarrak, besteak beste.
Zidorrean gora basoaren epelean joango gara ia bide osoan. Bi maldak baino ez dute garaiera nabarmena. Bestela, gorantz joanda ere, bideak ez du zailtasun handirik. Zati horretan gorostiak biderkatu egiten dira. Azkeneko txanpan, zidorra lautu egingo da. Eskuinera begiratuta, pinu artean, Udalaitz eta atzean Anboto zein bere gailur guztiak bistaratuko ditugu.
Alertze baten enborrean jarritako egurrezko seinaleak Ollariagan gaudela adieraziko digu. Alertze baso txikia da, sakonean bi borda dituena. Toki polita izanda, ez dauka aparteko berezitasunik. Handik bertatik zabaltzen diren ateak dira lekuaren bereizgarri, eta eragiten duen jarraitzeko gogoa.
Barrendiola-Ollariaga
Luzera: 3 kilometro
Denbora: 55 min.
Altuera: 714 metro.
Zailtasuna: Erraza