Igor Sarriegi
Lagun arraro bat badut, gehiago esango dut, oso arraroa. Baina lagun mina dut. Azkenaldian askotan atera da gaia, eta bere erantzuna beti berdina da: «Zozoak beleari ipurbeltz». Hirugarren bat ere egoten da solasaldiean, nire beste lagun mina. Honi ere jaten aparte eman behar zaio. Hirurak oso ezberdinak. Lehenengoak bikoterik ez du, bigarrenak bikotea bai (hau ere, ufff…) baina seme-alabarik ez. Eta nik, berriz, emaztea (ez dut ezer esango) eta bi seme. Geure lanak ere zerikusirik ez du, eta afizioek zer esan (futbola salbu). Baina geure ezberdintasunean ezin hobe moldatzen gara, elkar errespetatzen dugu, elkarri entzun, eta askotan ados jarri ere bai. Haserretu… ez dut azkena noiz izan zen gogoratzen.
Eta honekin bueltaka, asko pentsatuz (edo ez hainbeste), gizarte honetan ezohikoak garela konturatu naiz. Euskaldunak bestelakoak garela, alegia. Lau katu eta bost aburu. Ados jartzeko gaitasunik gabe, ez kirolean (hori gutxienekoa da), ez zaborren gestioan, ez AHTren aferan, ezta Euskal Herria zer den eta zer izan behar duen… Hamaika adibide jarriko nituzke bata bestearen atzetik, erremediorik ez dugu. Hizkuntzak berak ere ez gaitu batzen.
Horrek nire lagun minekin izandako solasaldietara eraman nau. Arraroak gara benetan hirurak, oso arraroak nonbait. Eta zer? «Arraroa naiz eta harro nago». Lagun minak ditut gainera, eta elkar ulertzeko gaitasuna dugu. Arraro gehiago eta normal gutxiago ez ote diren behar pentsatzen hasita nago.
Arraroa ala normala. Zeuk argitu beharko didazu Balentxi. Baina ez dakit zu ere oso naturala ote zaren.
Jon Balentziaga
Zer den zer, hor dago koxka. Norberak epaitu behar du zer den arraroa eta zer ez, baina kontuan hartuta zuk eta nik igandean lan egiten dugula, seguru askorentzat arraroak izango garela. Gizarteko gehienen lan erritmoaren kontra ibiltzeak arraro egingo gaitu.
Ni, ordea, denbora batetik hona, normaltzen ari naizenaren ustea hartuta nago. Estandarizatzen ari naizela esango nuke. Hau da, gehienek egiten dutena egiten dudala nik ere.
Umea tarteko, Gabonak, sansebastianetako danborrada, inauteriak orain… dena ospatzen hasita nago. Ez dira urte asko halakoak epel xamar hartzen nituela. Ospakizun handietan sartu gabe. Orain, ordea, gehienen pare edo gaindik jarri naiz. Badakizu, umeen ilusioaren aitzakiarekin, norbera ere umetu egiten da. Eta ze demontre! Bestela ere badugu inguruan nahikoa saltsa, eta zuk ni baino hobeto dakizu umearen pozak asko balio duela.
Eztabaida kontuak ere bota dizkidazu. Alegia, euskaldunona marka dela, hainbat gaietan ez garelako konforme jartzen. Egia da. Zuk aipatu dituzun gaiak dira horren adibide. Dena den, eta psikologo lanetan hasi gabe, ez dut uste zurea eta zure lagunena horren arraroa denik. Gizarteko eztabaida horien gaindik bizitzen ere jakin egin behar da, eta oro har, badakigula esango nuke gainera. Ezin da denean ados egon. Ez egoteak, ordea, ez du esan nahi elkar ulertzeari utzi behar diogunik. Besteen ideiak entzun, zureak argudiatu eta eztabaidak izatea ez da txarra. Kontrakoa, aberasgarria dela esango nuke.