Eguzkiñe Iturrioz
Meteorologoa
Eguraldiak garrantzi handia hartu du gure bizimoduan, batzuentzat aisialdia betetzeko, beste batzuentzat bizimodua eguraldiaren mende daukatelako eta beste batzuentzat, agian, beste zer esanik ez, eta eguraldiaz hitz egitea beti delako atakatik ateratzeko aitzakia…
Azken hamarkadan epe laburreko (2-3 egun) eguraldi iragarpenak asko hobetu dira, eta epe ertainean (5-7 egun) ere eguraldiak izango duen joerari nahikoa ondo antzematen zaio; hots, iragarpenaren fidagarritasuna handia da. Zehaztasunei dagokienez tokian tokiko berezitasunak (orografia, itsasoaren eragina…) ezagutzeak bide eman du iragarpenak hobetzeko. Baina, iragarpenak zenbat eta hobeak izan, are gehiago eskatzen zaio meteorologoari: zein ordutan hasi behar du euria? Edo, hamabost egun barru zer?…
Epe laburreko iragarpenei dagokienez, azken urteotan garatu den teknologiak asko lagundu du iragarpena hobetzen eta informazioa bat-batean zabaltzen (Internet, twiter, smartphone…). Alabaina, epe luzeko iragarpenetan dago erronka; baina oraindik hanka-motz gabiltza eta, zoritxarrez, ibiliko gara. Zergatik? Eguratsa oso konplexua delako, eta jokamolde kaotikoa duelako. Hots, bada hor nolabaiteko muga bat, eta harago joatea ia ezinezkoa da. Esate baterako, Ozeano Indikoan une honetan gertatzen ari denak, edo Islandiako sumendi baten erupzioak Euskal Herrian hemendik hilabetera izango den eguraldian eragina izan dezakeelako.
Epe luzeko iragarpenen inguruan, oso modan jarri da azken urteotan web orrialdeak kontsultatzea (15 egunetarako iragarpena herriz herri eta zehaztasun osoz). Baina iturria edozein dela ere, kontuan hartu egoera oso konkretu batzuetan salbu, 3. egunetik aurrera egiten diren iragarpenen fidagarritasuna asko jaisten dela, eta joera joera dela, hori besterik ez.
Hurrengo gogoeta hainbestetan entzuten dugun «lehen ez zuen hainbesteko berorik edo hotzik edo hainbeste euri egiten» esaldien inguruan egin nahi nuke. Alde batetik, oro har, eguraldi kontuei dagokienez, gehienon memoria oso laburra da; apenas gogoratzen garen iazko negua nolakoa izan zen, eta, are gutxiago, orain dela hamabost urtekoa. Eta beste alde batetik, bakoitzak bizitakoa edo sentitutakoa gauza bat delako, eta datu objektiboak beste bat. Ez delako berdin orain autoa hartu, lumadun berokia jantzi eta lanera joatea (ospelak zer diren ere ez dakigu), edo hala-moduzko oinetakoak eta artilezko jertsea jantzi, eta goiz osoan eskularrurik gabe soroan lanean aritzea. Noski, orain ez du orduko negurik egiten! Eta guk ere ez ditugu baliabide berdinak hotzari, euriari… aurre egiteko! Izan ere, zonalde batean klima aldaketa egon den edo ez jakiteko, urte askotako datuak (30 baino gehiago) behar dira. Hau da, aurtengo neguaren eta iazkoaren artean ezberdintasunak egotea ohikoa dela, baita hamarkada batetik beste baterako aldaketak ere.
Dena den, oso zaila da eguraldiaren kasuan bizipenak alde batera utzi eta datuei soilik erreparatzea, inguruan dugun zerbait baita. Era berean, kontuan izan behar dugu ez dela zientzia zehatza, beti ezin izaten dela nahi adinako zehaztasunez asmatu, eta ezustekoak ere izan ditzakegula.