Neguko hotzarekin lotura zuzena dute txokolateak eta txurroek, eta azarotik maiatzera, txurroak egiten eta saltzen aritzen dira Oscar Martinez eta Veronica Berrio Legazpin, Beasainen eta Zumarragan.
Txurroen usaina nabaria da azken hilabeteotan Beasaingo kaleetan. Oscar Martinez eta Veronica Berrio txurro sailtzaileek Gernika pasealekuan duten postutik zabaltzen den usaina da. Aurretik, azarotik urtarrilera, Legazpin zabaldu zen usain bera eta apiriletik maiatzera Zumarragan zabalduko da.
Lauzpabost urte darama bikoteak Goierrin txurroak saltzen. «Oso gustura gaude Goierrin. Pentsa, Irundik Beasaina etorri gara bizitzera!». Garbitasuna eta kalitatea zaintzen ditu Martinezek, eta txurro orea bertan egiten dute ura, irina eta gatza nahastuz. «Oliba olioarekin frijitzen ditugu txurroak». Bezeroak gustura joatea gustatzen zaio, izan ere, «garrantzitsuena, bezeroa berriz itzultzea da, errepikatzea».
Egunero irekitzen dute txurro denda, 17:00etatik 21:00etara. Asteartetan, larunbatetan eta igandetan goizetan ere bai, 08:00etatik 12:00etara. «Igandetan gizon asko etortzen zaizkigu emaztearentzako etxera eramateko txurroak erostera».
Ostegunak bereziak izaten dira Martinez eta Berrio dauden herrietan, Txurropotea egiten baitute: euro eta erdian, txokolate beroa eta 3 txurro eskaintzen dituzte. Txurropoteak «ia ez du irabazirik uzten, baina herritarrei opari bat egitea bezala da, oso ondo tratatu gaituztelako. Konfiantza handia azaldu izan dute beti gurekin. Udala ere beti oso ondo portatu da». Beasaindarrak asko gustatzen zaizkiola dio. «Oso txurro zaleak dira. Txurroak erostera datozenean kontuak esaten dizkigute. Lagunak bezala dira bezeroak, eta zerbait hartzera gonbidatzen gaituzte».
Bere lanean gustura dabil Martinez. «Pribilegioa da; luxua da gauzak dauden bezala, lana edukitzea eta norberarentzako lana egitea». Krisi handirik ez du nabaritu gainera oraindik: «oso ondo ari gara lanean, ez dugu krisirik nabaritu. Txurropotea ere bultzatu dugu eta ondo dihoakigu», dio Martinezek.
Martinez-Berrio bikoteak, dena den, beste lan bat ere badu: zezen mekanikoa. «Azarotik maiatzera txurroak egiten eta saltzen ditugu, eta ekainetik urrira, zezen mekanikoarekin ibiltzen gara herriz herri», argitu du Martinezek. «Nik nahiago dut txurroak saltzea», dio.