
Jon Artola
Maien egutegiarekin batera mundua ia-ia amaitu zaigunaren kontuarekin eta krisiaren sakonenean gauden honetan, ezinezkoa zait Mikel Slavo Zizek pentsalariak berari buruzko dokumentalean aipatzen duen paradoxa batez ez gogoratzea (youtuben ikusgai): errazagoa zaigula gaur egun munduaren suntsipena imajinatzea (birusak, asteroideak…) sistema kapitalista globalizatuaren aldaketa bat baino. Ordezko bat ez esateagatik!
Izan ere, orain 30-40 urtetako eztabaida politikoak ahaztu eta ia denok uste dugu berau geratzeko etorri dela eta gehiegi aldatu gabe jarraituko duela bere horretan. Murrizketa gogorren ordezko ekonomia sustapen politikak izango dira akaso gurean… baina ez espero aldaketa handirik Mikel. Ziur nago zuri ere Sarkozyren kapitalismoa birfundatzeko proposamen haiek irribarretxoa ateratzen dizutela gaur egun.
Sistema ekonomiko hori kudeatuko duten politikariak aukeratzerakoan ere, aukera nagusienen artean alde handirik ez dagoela gehienok onartzen dugu, isilean bada ere. Min berdintsua emango liguketela merkatuek, eskuin ukabilaz beharrean ezkerrekoaz kolpatuko bagintuzke. FMIko buru ohi DSK Frantziako sozialisten buru izatekotan egon zela oroitzea besterik ez dago, edo Europan barrena dabilen Almunia bilbotar sozialistaren iritziak entzun.
Hortaz Mikel, zaila dirudi Robespierrek zioen eta gehienon ezkutuko desio uste dudan iraultzarik gabeko iraultza. Hots, sakoneko aldaketak baina dugun bizimodu oparoa alde batera utzi gabe.
Baina galdera da Mikel, merezi ote dugu?
Mikel Alvarez
Galdera ederra bota didazu testu amaieran Artola… Ea merezi dugun? Gogora datorkit behin elkarrizketatu nuen rokero batek esandakoa: «Gizakiak merezia dauka gertatzen zaion guztia!» Eta ez zen gauza onez ari, ez jauna…
Egia esan, zuk diozun moduan alde guztietatik jasotzen ari garen garai hauetan oraindik gizartean iraultza txinparta ahul bat ere ez ikusteak ez du gure alde asko esaten… (orain gutxi ere aritu gintuan iraultzari buruz, ezta Jon?). Agian, zuk amaieran aipatutakoak badu bere eragina. Bere bizimodua mantendu nahi duena nekez hasiko da borrokan, gauzak aldatu nahian… Kontua da, ez zaigula gehiegi geratzen oso gauza gutxi izateko eta, hala ere, lo jarraitzen dugula…
Italiar bati entzun nion behin Berlusconik hauteskundeak irabaztearen arrazoi nagusia italiar gehienek bera bezalakoa izan nahi zutela zela. Agian horrelako zerbait gertatzen zaigu hemen ere. Ez dugu etengabe estutzen eta kolpatzen gaituen sistema hau atsegin, baina bere horretan jarraitzen duen bitartean guk ere piramideko gailurrera iristeko itxaropena mantentzen dugu. Nik zer dakit, aholkulari, nahierara aukeratutako teknikari edo Bisitarian Euskitzeren anfitrioi…
Ez dakit galdera erantzun dizudan, baina onartu beharrean nago esan duzun guztiarekin ados nagoela, gauza batean ezik. Almunia bilbotarra!? Benetan?