Denis Elortza eta Eider Alustiza (Emun-eko aholkulariak)
Demokrazia parte-hartzailea», «herritarren partaidetza», «kudeaketa publiko garden eta irekia» eta gisako etiketekin etorri dira gure herrietara prozesuak, webguneak, bilerak, erreferendumak eta bestelako parte-hartze ekimenak. Azken urteetako joera globala da erakunde publikoetako geroz eta politikari eta teknikari gehiagok herritarren hitza oinarritzat hartzea arazo zehatzak konpontzeko, beharrak detektatu eta aurrera begirako politika publiko orokorrak zirriborratzeko, gatazkei irtenbidea bilatzeko edota erakundeen eguneroko kudeaketaren inguruko norabideak markatzeko.
Goierriko zenbait herritan ere izan ditugu azkenaldian herritarren parte-hartzea helburu izan dituzten ekimenak, eta ekimen horietara hurbildu diren herritarrek oro har eskertu egin dute politika egiteko modu hori. Izan ere, politika egiteko modu ilun eta autoritarioagoak ez ditugu urrun, eta horien ondorioak gaur egun ere nozitzen ari dira zenbait herritar. Erakunde publikoen politika-molde parte-hartzaileagoa eta kudeaketa irekia garatzeak kultura aldaketa handia eskatzen die bai politikariei, gobernuan nahiz oposizioan egon, bai herri administrazioko langileei eta bai herritarrei eurei. Kultura-eraldaketa horretan zuzenean zerotik ehunera pasatzeak izan ditzake bere arriskuak eta, horrenbestez, hastapen hauetan garrantzia berezia du emango ditugun pausoak neurrikoak eta arrakastatsuak izateak, kultura aldaketa hori indarrez sustraitu dadin eta denboran luze iraun dezan.
Zentzu horretan, politikari, teknikari, aholkulari eta herritarrok, eragile guztiok erantzukizun handia dugu martxan jarri nahi ditugun parte-hartze ekimen horietan bete-betean asmatzen. Parte-hartze ekimenen loraldi hau erakargarri izan dadin, batetik, herritarrek gertu-gertu sentitzen dituzten gaiak aukeratu behar ditugu ekimenotarako eta, bestetik, komunikazio-lan berezia egin behar dugu tipologia desberdineko herritarrak bileretara eta foroetara etor daitezen. Gaiaren edo eduki teknikoen konplexutasunak ere urrundu ditzake herritarrak eta, horrenbestez, pedagogia eta progresibitatearen bidea hartu behar da herritarrek parte-hartze prozesuetara lotuta jarrai dezaten. Adibidez, udal aurrekontu parte-hartzaileen prozesuetan, udal aurrekontuen alor guztiak xehetasun txikieneraino hasieratik jorratu beharrean, hobe da urtez urte jardun eremuak eta sakontasuna pixkanaka handitzen joatea: esate baterako, hasieran soilik herriaren beharrak detektatuz eta kanpo gastuetarako lehentasunak jarriz, eta gerora, modu progresiboan, diru-sarrerekin lotutako zerga politikak birplanteatuz edota udalaren gastu arruntak ere aztertuz.
Herritarren partaidetzako ekimen guztien oinarrian pertsonak daude eta pertsonen parte-hartze horren atzean, berriz, espektatiba jakin batzuk. Ekimenon markoa (helburuak, mugak, erabakimena…) hasiera-hasieratik argi utzi behar zaie parte-hartzaile guztiei, horrela, herritarren proposamenak herri administrazioak garatzeko modukoak izango dira eta proposamenon betetze-maila handi batek parte-hartzaileak asebeteko ditu. Eta arrakasta horrek politika publikoak hobetzeko bidean parte-hartzen jarraitzeko indarra eta gogoa emango dio herritarrari.