Idoia Luzuriaga
Gaueko albisteak hortxe daude, telebistan, atzetik bezala, zurrumurru beltz geldiezina. PP-ko lapur gezurtiak, gure herriko enpresen egoera latza eta horrek ekarriko dituen ondorioak, Sakanako langabezi tasa beldurgarria, bi pertsonek hirugarren bati egindako erasoa, Getxoko aquariumean sutea, 2012ko jaiotza tasak… bale, orain nazioarteko albisteekin hasi dira: Mali eta bertako bizimodu zaila, Kolonbia eta barne iraultzak, Grezian beste greba bat, Erresuma Batuan etorkizuneko etorkinak uxatzeko estrategiak topatzeko egiten ari diren saiakera, eta gainera berriro dator hotza eta euria. Ez dakit zergatik ikusten ditudan albistegiak. Kalte egiten diete nire bihotzari. Badakit egoera nazkagarria dela, baina ezin dut sinetsi ezer onik gertatzen ez denik. Orain, albistegiaren azken zatian, erabat lur jota utzi gaituztenean, kultura ataleko albisteekin hasi dira, eta leundu da egoera, argitu esango nuke. Berandu da niretzat, goibeldu zait arima. Errua nirea da, noski, albisteak ikusteagatik. Komunikabide eta albistezale amorratua naiz, irratian, telebistan edo egunkarian. Baina kito. Bihartik hasita, eta nire osasuna babesteko, ez dut albisterik entzungo ezta irakurriko ere. Politikariak ez diren pertsonen elkarrizketak, gizarte eta giza mailako erreportajeak, kultur ataleko berriak eta musika kontsumituko ditut medioetan. Etorriko zait nonbaitetik albiste nazkagarriren baten oihartzuna, eta hura uxatzeko eta bizi dugun egoerari aurre egiteko babes emozional sendoa behar dut.
Tere Madinabeitia
Ni ere nazka nazka eginda nago gure telebistetako telediario guzti horiekin, baita periodikoetako berriekin ere. Horregatik, azkenaldian sofan eseri-etzan eta telebista ikusteko denborarekin nabilenez, hartu mandoa eta etxean ikusten ditugun kanal sorta zabal horretatik zehar bueltatxo bat emateko ohitura hartu dut, eta bi geldialdi egiten ditut normalean. Bata, Discovery Channel-en, egunero erabiltzen ditugun gauzak nola egiten diren ikusteko aukera dagoelako, edo munduan dagoen tokirik desatsegin edo deserosoenean bizirik ateratzeko zer egin behar den jakiteko. Bigarren geldialdia Divinity-n egiten dut. Aizu, ikaragarri gustatzen zaizkit hemen ematen dituzten programak, hiru bereziki: bata, estatubatuarren etxeak barrutik nolakoak diren ikusteko eta zenbait balio duten jakiteko aukera ematen duen hori (miloi erdi dolar, gora batzuetan, behera besteetan); bestea, ileapaindegiekin zerikusia dutena; eta azkena, look aldaketarena. Badira programa gehiago, baina horiek ez ditut kanal zehatzetan kokatuta: garraio ikaragarriak, trasteroen subastak, antzinako gauzen bila dabiltzanak… Konturatuko zara, bai, kanpora irteten dudala telebista bitartez, Estatu Batuetara, hemengo miseriatik, albiste txarretatik eta giro usteletik ihes egiteko asmoz. Han ere izango dituzte hemengoak bezain arazo latzak, edo okerragoak, ziur, baina niri oraintxe interesatzen zaidana horixe da, gauza arinak barneratzea, eta beste kultura batekoak hobe gainera. Nahikoa dugu eta hemengoarekin.