Nekane Gonzalez (Itzultzailea)
Inauteri egunak igaro ditugu. Inauteriak, ihoteak, inauteak, karnabalak edo aratusteak. Halaxe ikasiko dute ikasleek eskoletan. Azalduko diete aratuste hitza «haragi uzte»-tik datorrela. Eguberrietatik egun batzuetara hasten direla, neguko janari erreserbak Aste Santuaren aurreko baraua baino lehen jateko (batez ere, haragia eta arrautzak). Eta erakutsiko diete, halaber, asteartearekin batera amaitzen direla, hurrengo egunean, hausterre egunean, ofizialki baraua hasteko.
Ez naiz hain heldua ere, baina gure eskola garaian ez zizkiguten inauterietako kantuak erakusten, ezta pertsonaien izenak eta historia kontatzen ere. Ez dut gogoan, behintzat. Bakoitza nahi zuen bezala mozorrotzen zen, gainera: dendan erositako jantzi ponpoxoren batekin, lehengusuaren lehengusuak utzitako mozorro zartatuarekin edo amonaren armairutik ateratako trapuekin; sarri askotan, zertaz mozorrotuta geunden ere esateko gai ez ginela.
Orain, berriz, ezin konta ahala izen aipatzen dizkiete eskolan: Mielotxin, Zamaltzain, Markitos, Joaldunak, Zakuzaharrak, Hartza, Mamoxarroak, etab. Eta bakoitzaren jatorriaren eta funtzioaren berri ematen diete. Interesgarria benetan! Gure hurbileko historiaren aztarna baititugu pertsonaia horiek guztiak. Baina, tamalez, ez dakit gaztetxoek arreta handirik eskaintzen dieten. Bestalde, ikasgela osoa berdin-berdin mozorrotuta ateratzen da orain, ikastetxeko gai orokorrarekin lotutako jantzia denen artean erabakita, eta musikaren laguntzarekin, aurrez prestatutako koreografia dantzatuz.
Dena den, amaren izaeraren araberakoa izaten da guztia. Ama inauterizale amorratua bada, han joango da umea pentsatutako mozorroarekin, bai ala bai; egin euri, zein elur, baita ziklogenesiak haurra hegan eramateko arriskua bada ere! Eta amari bost haurra hotzak ebakita badoa ere: «Beroki lodi hori gainetik jantzi? Nola tapatuko diot, ba, hainbeste kostata egindako jantzia? Ezta pentsatu ere… Gauean emango diot Dalsy pixka bat eta kito!». Kar, kar, kar… Hamaika ikusteko jaioak gara!
Euren burua haur ikusten ez duten gaztetxo edo nerabeak ere mozorrotzen dira, eta horiek bestelako kezka batzuk izaten dituzte buruan: ondo emango dion jantziarekin, apain-apain, joan nahiko du neska pinpirinak, eta miresten duen superheroiaren pare jantzita atera nahiko du mutiko gaztetxoak, horrelakorik jantzi gabe ere batak bestea eta besteak bata gustuko dutela konturatu ezinda.
Baina ez naute kezkatzen ez haurrek, ezta gaztetxoek ere. Ez naute kezkatzen, urtean behin sikiera, izan nahiko luketen hura izatearekin amesten duten pertsonek. Ez naute kezkatzen mozorroa janzteko hautua egiten dutenek. Mozorroa kentzen dutenak dira nire kezka iturri. Mugimendu eta bizitasun eguna ospatzera doazenak baino gehiago, egun hori atseden egun izaten dutenek izutzen naute. Urte osoan ardi larruz jantzitako otso izaten direnek, inauterien aitzakiarekin, otso direla erakusteko beldurrik ez duten horiek. Euren benetako nortasuna agerian geratuko ez dela badakitelako, mozorroa kutxa zaharrean sartu, eta irribarrea ahoan kalera lasai asko ateratzen diren horiek. Gaizki eginaren batere damurik gabe, inauterietako zarata, dantza eta alkohol artean, zintzo jokatu dutenekin, kalteak jasan dituztenekin eta kontzientzia garbi dutenekin nahasten diren tiranoek kezkatzen naute.
Urtea joan urtea etorri, ez dute mozorroa aldatzen. Beti doaz berdin. Ez taldean egindako koreografiarik, ez elkarlanean aukeratutako mozorrorik. Beti bakarrik, beti krudel, beti otso. Lehengusuaren lehengusuari utzi ezinezko jantzia da horiena, sekula zartatuko ez dena, berezkoa baita, euren nortasunari lotua.
Eta hausterre eguna iristen denean, ajeak jota dauden milaka pertsonek euren trapu, zapi eta jantziak kutxan sartzen dituzten bitartean, otso horiek ardi larrua ateratzen dute berriro kutxatik, eta euren egitekoetara itzultzen dira, beste urte gogor bat zain daukatela jakitun. Izan ere, gogorra behar du, inondik ere, urtebete igarotzea mozorrotuta, ez zaren haren itxurak egiten ibili behar izatea, egun bakarreko atsedenarekin.