Munduko 33 talde onenen artean, beraiena da bat. Eta, taldeko hamalau txirrindularietatik hiru goierritarrak dira (lau euskal herritar daude): Ana Usabiaga (Ordizia, 1990) eta Irene Usabiaga (Ordizia, 1993) ahizpak, eta Maite Murgia (Lazkao, 1992). Bizkaiko Lointek-Ugeraga taldearen aro berria irudikatzen dute, emakumezko txirrindularitzaren gorenean.
UCI mailako baimena du Lointek-Ugeragak. Euskal Herriko egutegiaz gain, atzerrian ere jardungo dira, Europan —Espainian, Frantzian, Italian…— eta Amerikan —Costa Rican egon dira hainbat taldekide—. Goierritarrek, ikasketak tarteko, ekainetik aurrera edukiko dute zeresan gehiago.
Munduko liga onenean daude. 33 talderen sailkapenetik 30. postuan dago Lointek. «Baina izena bakarrik dugu profesionalena, denak amateurrak gara. Baten batek beka badauka, baina ez gara honetatik bizi», dio Ana Usabiagak. Taldean hirugarren urtea du, eta goierritarren artean bera da esperientzia gehienekoa. Irenek bigarren denboraldia hasiko du, eta Murgiak aurten jauzi egin du, Debabarrenatik.
Ikasten ari dira hirurak. Ana Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak ikasten ari da, Gasteizen. Maitek Euskal Filologiaren 3. urtea du, hiri hartan; eta Irene Bilbon Fisioterapia ari da ikasten. «Inor ez dago bizikletara %100 jarrita», dio Irene Usabiagak. «Eta, dagoena, lanik gabe dagoelako», gaineratu du ahizpak.
Gizonezkoen artean ere hiru goierritar dira profesional, Euskaltelen: Gorka eta Ion Izagirre, eta Garikoitz Bravo. Haiek, ordea, profesional deituraren bedeinkapen guztiak dituzte. «Pentsatzen dut Rabobanken edo halako taldeetan bai izango dutela hortik bizitzeko aukera, eta soldata onak izango dituzte. Guk nahikoa egiten dugu babesle bat bilatzearekin eta korritzera kanpora joatearekin», azaldu du Anak. Ekonomiaren gainbeherak, gainera, emakumezkoen txirrindularitza du iristeko aurreneko portua.
Nazioarte mailan, Bizkaiko Bira eta Durango-Durango dira euskal lasterketa gorenak. Gertueneko proba, Villabonakoa (Gipuzkoa), kolokan dago. Neskentzat proba bereiziak «hamar-bat» dira urte osoan, euskal egutegian. Martxoaren 23an hasiko da. Espainiako beste proba batzuekin osatzen dute. Hala ere, oraindik ez dakite Espainiako Kopa antolatuko duten ala ez.
Sasoia hartzen
Negua modalitate desberdinetan igaro ondoren, errepideko egutegia noiz hasiko prestatzen ari dira hiru txirrindulariak. Bakoitzak bere aldetik entrenatzen du, plangintza, helburu eta sasoian egon beharreko une desberdinak dituztelako.
Ekainera arte Euskal Herriko karreretan lehiatuko dira, ikasketei ahalik oztopo txikiena egiteko eskatu baitzieten arduradunei. «Uztailean irtengo gara. Taldea mundu mailan mugitzen da», dio Anak.
Ana Usabiagak erronka modura Euskaldun Torneoa eta Espainiako Kopa —jokatuko balitz— irabaztea jarri ditu, baita estatuko txapelketak ere. Egutegia behin betiko zehaztu arte, plangintza itxi gabe du. Baina pistan du begia jarrita. «Berez, niretzat printzipala pista da. Orain aukera gutxiago dagoenez, errepideari gehiago heldu diot, baina garrantzitsuena pista da».
Irene Usabiagak erlojupekoari helduko dio, bereziki. «Espainiako Txapelketa irabaztea da helburua, eta ea horrek aukera ematen didan Europako Txapelketarako selekzioan sartzeko. Sasoia hartzeko errepidean ibiliko naiz; Euskaldunen, Espainiako Kopan, eta uztail-abuztutik aurrera Frantziako itzuliren bat».
Maite Murgiak lehendabiziko urtea du UCI mailan. Aldea nabaritu du aurreko taldetik, egitura eta antolaketa arloan. Berak ere txirrindularitza ardatz hartu du. «Orain arte triatloietan eta gauza gehiagotan ibili naiz. Bizikletan zentratuta orain hasi naiz. Neguan, ziklo-krosean, jauzi handia nabaritu dut, eta itxaropena badaukat errepidean ondo ibiltzeko». Ziklo-krosean Espainiako txapeldunorde izan zen, urtarrilean, 23 urtepekoetan. Aurtengo helburutzat «talde-lanean eta ekipoan ibiltzen ikastea» ipini du, «eta postu onen bat lortzea Frantziako itzuliren batera joateko».
Zuzendaria ere berria du Lointek-Ugeragak: Jorge Sanz. Gizonezko amateurren Lizarte taldetik joan da. Euskaldun txapelketan eta Kopan «nabarmentzea» da bere nahia.
Emakumezkoen txirrindularitzan, Italiako Giroa da izarra (Frantziako Tourra duela bi urte desagertu zen). Amerikan beste itzuli batek ere sona hartu du. Bestetik, egun bakarreko karreretan, Munduko Kopa mantendu da sail, eta horiek dira garrantzitsuenak, gero; baina udaberriaren hasieran direnez, «garaizegi» etorriko dira. «Gu eskolan egongo garenez, besteak joango dira», diote.
Ametsetara bidean
Kirolari orok bezala, Murgiak eta Usabiaga ahizpek garbi daukate noraino iritsi nahi duten. Ana Usabiagak 2016ko Joko Olinpikoak ditu ortzimugan. «Horretan nabil, helburua hori dela garbi daukat. Pistan nahi dut parte hartu. Ez da erraza, baina aukera ikusten dut. Sailkapen bat dago aurretik, eta zerrenda horren arabera joango dira Europatik hainbeste. Hor sartzea oso zaila da. Esaten dutenez, Jokoetako bertako karrera errazagoa izaten da».
Irenek ere ahizparen bidetik jo nahi du, Joko Olinpikoetara. 2020rako edo 2024rako dauka «ametsa». «Orain egiten dudanaren lan bikoitza edo hirukoitza egin beharra daukat horra iristeko», aitortu du.
Murgiak, bere karrera profesionalaren hasieran, ez du zehaztu halako helmugarik. «Jokoena ametsa da, baina jakitun naiz zer bete dezakedan eta zer ez. Orain lana egin behar dut, asko». Lasterketa, hasi da.