Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan jeneral karlistaren biografiatik eta karlistaldietatik harago joanda, XIX. mendeko bizimodua azaltzen dute. Garai hartako garraioak, ondarea eta janzkera landu dituzte, besteak beste. Jantziei dagokienez, hogei urte dira lehendabiziko maleta didaktikoa egin zutela: jantzien kutxa. Orain, ekimen berria jarri dute martxan, Ormaiztegiko azaroko San Andres jaietako elegante egunaren harira.
Jantzien maleta didaktiko hark kilometro ugari egin zituen eskolaz eskola. Emakume eta gizon burgesen nahiz nekazarien janzkiak, apaizen eta karlista zein liberalen jantziak sartu zituzten maleta hartan. XIX. mendean Ormaiztegitik iragandako esploratzaileen sasi liburuetan agertutako oharren bidez diseinatutako jantziak dira. Alexander von Humbolt-ek (1769-1859) Goierriko emakumeen janzkera dotorea eta kalitatezko oihalekin jositakoa zela idatzita utzi zuen.
Jantzien haritik tiraka, Zumalakarregi museoan elegante egunari «beste ukitu bat» ematea otu zitzaiela dio Lourdes Azpiazu museoko koordinatzaileak. «Ekarpena Ormaiztegi egun batez XIX. mendera itzuli dadila izan daiteke, Segura bi urtean behin Erdi Arora bueltatzen den bezala».
Proiektu hori gauzatzen ari dira dagoeneko. Hasiera batean buruan jantzietan aditu den aholkulari bati laguntza eskatzea zuten, museoan dituzten grabatuak oinarri hartzea eta argazki zaharrak baliatzea. Hiru arlo horietatik jasotakoarekin jostun tailerra martxan jarri nahi zuten Ormaiztegin bertan.
Hasierako ernamuina gorpuzten ari da orain. Ramon Garcia izango dute aholkulari, euskal jantzietan aditua da. «Jostun taldearen ikastaroan parte hartuko dutenei ahal duen neurrian laguntzeko prest agertu da».
Izan ere, proiektua gauzatzerik ez dago jostun talde bat lanean aritzeko prest agertzen ez bada. Eta agertu da. «Ormaiztegiko Jubilatuak eta Guraso Elkarteko kideak prest daude azaroko jaietan elegante jantziak janzteko», adierazi du Azpiazuk.
Elementu guztiak
Zumalakarregi museokoek proiektua burutzeko elementu guztiak bildu dituzte. Otsailaren 27an egitasmoa aurkezteko moduan egongo direla aurreikusi du Azpiazuk. Aurkezpenarekin batera «bi astez, museoan bertan, XIX. mendeko jantzi burgesen erakusketa irekiko dugu».
Jarraian, proiektuan parte hartzeko interesa agertzen dutenei izena emateko bi asteko epea emango diete, eta martxoaren 13an oihalen aukeraketa egingo dute. Oihal horiekin norberak bere dotore jantzia josiko du, jaietan jantziko duena.
«Ikastaroan parte hartzen dutenek martxotik aurrera urrats berriak emango dituzte», dio Azpiazuk. Ramon Garciak aholkuak emango dizkie, eta astetik astera jostunen laguntza izango dute. «Gure asmoa maiatza amaierarako norberak bere jantzia amaituta izatea da».
Elegante eguna azaroan den arren, «aurtengoa urte berezia da. 1813ko Donostiako suntsiketa gogoratzeko jarduerekin bat egin du Zumalakarregi museoak, eta ekainetik aurrera erakusketa berezia izango dugu tailerrean».
Mikel Alberdi museoko agiritegi eta dokumentazio zentroko arduraduna da, eta Ormaiztegi XIX. mendean nolakoa zen galdetuta, «nekazari herria» zela erantzun du. «Gehiengo handia nekazari eremura lotuta zegoen, Goierriko beste herriak bezala». Industriarik ez zegoen apenas Ormaiztegin, «XX. medera arte ez zen industria zantzurik ikusi».
Argazkiak eta grabatuak izan ditu oinarri XIX. mendeko jantzien irudiak berreskuratzeko, eta Maria Elena de Arizmendiren Vascos y trajes liburu mardula erakutsi du.
Nolanahi ere, Ormaiztegi nekazari herria bazen, nondik dator dotore janzteko ohitura? Dotore jantziak burgesiari zegozkion XIX. mendean. «1864an bainu-etxea ireki zuten Ormaiztegin, eta kanpotar ugari iritsi zen. Herria sofistikatu egin zen», dio artxibozainak. Sulfuro ur haiek hartzera kanpotik iritsi ziren jauntxoek eragina izan zuten nonbait ormaiztegiarren dotorezian.
Sulfuro ur sendagarriek ekarritako dotorezia
Sulfuroa naturan sor daiteke, padurak dauden inguruetan eta beste zenbaitetan. Ormaiztegiko uretan badago sulfurorik. Elementu kimiko hau daramaten urak azaleko gaitzak sendatzeko baliotsuak dira. Baziren behintzat XIX. mendean, ur haiei esker bainu-etxea eraiki zutenean.
Bostehun bezero hartzeko tokia zuen Eiffel arkitektoaren zubipean eraiki zuten bainu-etxeak. Bezeroak Beasainera iristen ziren eta handik Irizargo zaldi gurdiek eramaten zituzten Ormaiztegiraino, «horretarako espresuki sortutako garraiobidea izan zen», Mikel Alberdi Zumalakarregi museoko agiritegiaren eta dokumentazio zentroaren arduradunaren arabera.
Estanda ibaiaren ezkerrean, Ormaiztegiko elizatik 500 bat metrora, usain txarra eta kolore iluna zuten urak agertu zirela idatzita utzi zuten Goierritarra aldizkarian. Bertakoek ur beltzak deitu zieten ur haiei. Kolorea zein usainak sulfuroarekin lotu zituzten, eta azaleko gaitzak sendatzeko erabiltzen hasi ziren ormaiztegiarrak. Uren erabilera errazteko putzu bat zulatu zuten, eta ur haien dohainen oihartzuna inguruetan zabaltzen joan zen. Herriko hainbat jauntxoren ekimenez, elkarte bat osatu eta 1953an ia 40.000 litro jasotzeko biltegi bat eraiki zuten. Ordutik 1872 bitartera lau solairuko atseden eta bainu etxea eraikiko zuten.
Alberdiren arabera, kanpotarren iritsierak Ormaiztegi «sofistikatu» zuen. «Zenbait zerbitzu erakarri eta egonkortu ziren hari esker». Bide batez, janzteko beste modu bat ezagutu zuten ormaiztegiarrek.
Jauntxoak ziren bisitari gehienak, baita burgesak ere. Haiek nola janzten ziren ikusi zuten nekazari eremuko XIX. mendeko Ormaiztegin, «agian Goierriko beste herrietan ez bezala», erantsi du artxibozainak.
Kanpotarren jantzietan ezagutu gabeko oihalak, oihalak elkarrekin josteko moduak, osagai multzo berriak eta beste elementu andana ikusi zituzten. «Zer ikusi eta zer ikasi izan zuten, eta horrek eragina izan zuen herrian», dio Alberdik. Bainu-etxeak orratzen eta titareen beste ikuskera bat eman zien ormaztegiarrei.