Iñigo Igartza (Ekonomia aditua)
Aitatxo zer dira marrazki horiek?
– Kandinsky-ren obra Marina.
-Baina ez da tutik ere ulertzen eta, zer esan nahi du?
– Ulertu? Dena begi bista batean ulertzea?
– Bai, denontzako artea, ulergarritasuna.
– Tira.
– Ipuin bat kontatzera zoaz aitatxo? Aupi!
– Aspaldiko ipuina da eta Blue-ren bizitza kontatzen du. Herri bateko eguneroko bizitzan, biztanle orok lantegia zuen bizimodu eta semeentzako helburu. Halaxe zen Blueren etxea ere, eta gurasoek asko ikasteko eta saiatzeko eskatzen zioten Blueri, egunen batean bera ere enpresa haren parte izateko.
Egun batean, furgoneta eta kamioi gorriek urratu zuten egunerokotasuna. Bluek harrituta galdetu zuen eta aitak leihoak itxi, amak kortinak. Zirkoa zen. Hurrengo egunean, eskolatik irtetzean, Bluek menditxoa igo eta zirkoko jendea parean izan zuen. Bere ezkuta- lekutik koloreen dirdira jaso.
– Nor zara? Zer egiten duzu hemen?
Urdin zen, sekula begien parean izandako neskarik ederrena eta politena.
– Ni … – eta Bluek korrika egin zuen aldapa behera.
Hurrengo egunean, eskolako lagunek beren etxekoen usteak zabaldu zituzten. Jende harrigarria zela, oso itsusiak zirela edo lapur hutsak. Batak eta besteak entzutean, Bluek bere bizitzako erabakia hartu eta zirkora gerturatu zen. Parez pare ile beltz eta luzeko neska ijitoa topatu zuen.
– Barkatu atzoko nire jarrera, ni… Blue naiz eta…
– Urdin nauzu. Nahi al duzu zirkoa zure kabuz ezagutu?
Horrela Bluek munduko gizonik indartsuena ezagutu zuen, siamesak eta otso gizona, eta… musika entzun zuen zirrikituetak dantzan.
– Horiek nire anaia gitarra jotzaileak dira. Zatoz.– Orduan ezagutu zuen musika, gitarra hari fin haietan solasean. Gitarra bat hartzeko gonbitea jaso eta entzun ahala, errepikatzeko saiakera erraztasunez menperatzen zuen. Hurrengo 3 egunetan ere bertara gerturatu zen.
Zirkoak bere antzezlana plazaratu bezperan, Urdinek begirada eztia eskaini zion Blueri:
– Noiz egingo duzu niretzako abesti bat?
– Tira, horretan ari naiz, baina trukean…- esan zuen lotsati.
– Trukean…?
– Zure ezpainen …
Urdinen ezpain eztiak Bluerenak besarkatu zituzten, honen harridurako. Etxera iritsi zen Blue eta gurasoak zain zituen, haserre. Azken egunetan ez zuen etxeko lanik egin eta eskolan harrituta zeuden bere jarrerarekin.
– Horrela ez zara sekula inor izango lantokian eta …kauen! zigortuta zaude eta ez duzu zirko hori sekula ikusiko.
Negarrean etsiturik Bluek logelako atea itxi zuen eta Urdin ikusi zuen leihotik, bere zain. Ez zen zirkora joango eta ezingo zuen bere abestia eskaini. Zirkoko emanaldia hasia zen eta Bluek leihotik, Urdinen anaiak ikusi zituen. Eskailera bat zekarten eta jeisten lagundu zioten. Zirkora joan ziren eta aurkezleak Blue ikusi eta ahulki bat eskatu zuen.
Gitarra besazpian, Blue plazaratu zen, Urdinen eskutik. Azken begirada elkarri eskaini, eta sentimenduen munduan barneratu zen. Akordeek melodia osatu zuten, melodiak, abestia eta malkoak dantzan aurkeztu ziren Blueren aurpegian. Sustrai horretatik sortu zuen bere abestia. Begiak irekitzean mundu mutu bat aurkitu zuen bere aurrean, negar malkoetan urtzen. Aitona zahar batek txalo bakar bat jo zuen, eta ume batek oihartzunaz erantzun zion. Bat-batean mundua zutitu zen 10 minutu luzez. Bipertsona geratu ziren zutik jendeartean. Aita! Ama! Biak ere negarrez. Besarkada batek jantzi zuen une eztia, eta aitak sinestu zuen, amak ulertu.
– Beraz Kandinskyk artearen munduari, ulergarritasunari desafioa egin zion eta erronka horretan bera, norbera izatea erabaki zuen.
– Gutako bakoitza arima ezberdin bat da, eta ipuineko enpresa, egungo gizartea. Denari amen egin ordez …
– Gure argitxoa, gure izatea aldarrikatu behar dugu, bestea errespetatuz, eta …
– Ta argi ezberdin horiek aberastuko dute gizartea.
* Mila esker lagun ezberdinei eta ipuina kontatu zidanari