Gaztetxeko KKinzona irratiak urteurrena ospatzen du urtero, otsaileko bigarren hamabostaldian. Aurtengo lehen ekitaldiak astelehenean izan ziren.
Urretxuko eta Zumarragako irrati honek Interneten eman zituen lehen pausoak, 2007an, baina duela lau urte FMra salto egin zuten entzule gehiago lortzeko. Dagoeneko 100 bazkide baino gehiago dituzte. «2009an oraindik ez zegoen irratia Internetez entzuteko ohiturarik eta nazkatzen hasita geunden, oso herritar gutxik entzuten baitzituzten gure irratsaioak», diote kideek.
Gero eta entzule gehiago
Gero eta entzule gehiago dituzte, eta Interneti esker, baita Urretxutik eta Zumarragatik kanpo ere. Etorkizunera begira, uhinez bi herriotako txoko guztietara heltzea da helburua. Izan ere, toki batzuetan oraindik ez da KKinzona irratia entzuten. Baina euren helburu nagusia beste bat da: urretxuarrei eta zumarragarrei nahi dutena nahi duten moduan esateko aukera ematea. Izan ere, egungo irrati eskaintzak ez ditu asetzen.
KKinzonako lagunek hamar bat irratsaio egiten dituzte eta, Arrosa sareko kideak direnez, Euskal Herriko beste irratietako hamabost bat programa eskaintzen dituzte. Horrez gain, aldizkaria argitaratu eta pelikulak grabatzen dituzte. Berunezko justizia westernak arrakasta itzela izan zuen eta mafiari buruzkoa aurkeztuko dute.