Nerea Elustondo
Gozatu al duzu elurteaz? Ala eguneroko betebeharrak pixkatxo bat zaildu dizkizun anekdota bat baino ez da izan zuretzat? Zu pixka bat ezagututa, uste dut badakidala erantzuna zein den…
Bi zurialdi ekarri dizkigun otsail elurtsuaren ondoren, hemen da martxoa, Azkarate! Azken urteotan ohi duenez, bertsoz bete-bete eginda dator gainera Goierrira! Bertsomovieda, Martxoan Bertsoa, Osinalde sariketa…Publiko eta parte hartzaile desberdinen parte hartzea sustatzen duten hiru ekimen arrakastatsu. Zail egiten zaigu bertsoa lehia kutsurik gabe ulertzea nonbait…
Lehiak lehia, bada ordea nola Martxoan Bertsoan hala Osinalde sariketan errepikatzen den beste faktore bat: giroa. Prestigio eta tradizio handiko sariketa da Osinalde. Ziur aurten ere, gogoratzeko moduko une bat baino gehiago utziko dizkigutela bertsolari gazteek.
Eta zuei buruz berriz, zer esan? Hamaika ikusteko geunden Azkarate! Hamaikagarren edizioa baitu aurten Martxoan Bertsoak. Bejondeizuela! Sinetsiko ote zuten goitik begiratzen diguten labeldun euskaldunek Orbegozo, Patrizio eta konpainiaren keetatik hazitako txoko honetan bertsoak hainbesteko presentzia hartu zezakeenik?
Aldaketaren batzuekin omen dator aurtengo edizioa. Ezer aurreratzerik badaukazu?
Gorka Azkarate
Bestelako eginbeharrek uzten didaten guztietan mendi aldera ihes egiteko zaletasuna daukat, zaletasun itsua. Mendian ibiltzea da maiteen dudan eginbeharra, besteekiko alde handiarekin, gainera. Eta neguan, zer esanik ez! Orain aste bi inguru, azkeneko elurte handia baino lehen, Aizkorri bisitatu nuen beste behin, eta pasa den igandean, Izazpi, Samiño eta Oletan barrena ibili nintzen, korri egin nuen, elur erori-berriaz gozatuz.
Bertsoak ez dit utziko, nolanahi ere, datozen asteetan mendi itzuli luzeegiak egiten; izan ere, lanpetuen ibili ohi garen urteko hilabetea izan ohi da, Zumarragako eta Urretxuko bertso eskolan gabiltzanontzat, martxoa. Arrazoia ezaguna da: Martxoan Bertsoa gure bertso ziklo xelebrea. Egongo da aurten aldaketaren bat edo beste, bai, taldekako txapelketa herrikoian egin beharreko lanetan nagusiki. Umoreari leku handiagoa (are handiagoa) egin nahi zaio, eta bertsolariek egin beharreko lanak xelebreak izango dira oso. Zer aterako den, ikuskizun!
Eskualdean izango da, ordea, bestelako bertso ekimenik ere. Zer esan, Osinalde sariketaz. Hamarkadak daramatzate Gabiria aldean bertsolari gazteentzat Euskal Herri mailan erreferentzia den sariketa hau antolatzen. Bertsomoviedak, berriz, iazko arrakastari eustea du helburu. Ez gara geldi egotekoak, horratio!