Ekaitz Goikoetxea (Irakaslea eta bertsolaria)
Berriki eman dute argitara Jaurlaritzak, ISEIK eta Soziolinguistika Klusterrak Euskal Autonomi Erkidegoko 9-10 eta 13-14 urteko haurren euskararen erabilera aztergai duen inkesta. 9-10 urterekin haurren %20ren hizkuntza nagusia euskara da; ikasgelan %60k erabiltzen dute beti edo gaztelania baino gehiago. Gelatik irtetean jaitsi egiten da –%29ra jaisten da euskararen erabilera–, baita adinean aurrera egin ahala ere. DBHko bigarren mailan, 13-14 urterekin, %28 dira gelan euskara maiz dabiltenak.
Ehunekoak, portzentaiak, grafikoak eta azukreari dagokion gozoa aitortuta ere, kontrako eztarrian trabatuta liseritu ezinik darabiltzadan pastelak. Izan ere, datuak beti baitira datu, borobil bezain karratu, ze belarrirekin begiratzen zaien. Eta gurean botila erdi hutsekin edalontziak betetzen zein abilak garen ikusita…
Bai, egia da azken hamarkadetan euskararen ezagutza eta erabilera indartzen sekulako lana egin duela eskolak, baina Euskal Autonomi Erkidegoko gaztetxo gehien-gehienek B eta D ereduetan ikasten duten garai hauetan ikasgelan euskaraz mintzo direnak %28 baino ez izateak zer pentsatua ematen dit, are askoren ohiko euskara eremu bakarra eskola denean.
Gizartea, gizartea omen gaztetxoen jokabide eta hizkuntza hautuak baldintzatzen dituen sorgin-haizea, gizartea, gure ajeak egozteko nahierara darabilgun sustantibo zornatua. Etxekotu gabeko basapiztia. Noiz, noiz utziko diogu hitzak lehenengo eta bigarren pertsonaz haragogoko lurraldeetan pausatzeari?
Aitzakiarik gabe geratzen ari den belaunaldia da gure ondorengoena, euskara ulertzen ez duenik aurkitzeko hamar-hamabost urte atzera egin beharko lukeen jendartea, azken urteetako matrikulazio datuen arabera, gero eta gutxiago baitira ikasgai bakar bat ere euskaraz ikasten ez duten gaztetxoak. Euskaraz mintzatu eta gozatzeko duten eta izan beharko luketen gaitasuna besterik da. Besterik, baina hurbileko erreferente ukigarri ezarekin batera, egungo gabezia nabarmenetariko bat nire irudiko. Nerabezaro betean diren neska-mutil askok ez dute zernahiren inguruan bost minutuan euskaraz aritu eta gozatzeko nahi luketen adinako segurantza-konfiantzarik, ez diete, nonbait, euskarari albo-hizkuntzen esanindarrik aurkitzen. Baina guk, maisu-maistra eta irakasleok, zenbateraino laguntzen diegu ahozko adierazmenean trebatzen? Noiz, noiz hasiko dira orriak eta orriak edukiz betetzeko gai diren bolaluma haragituak buru-bihotzetan pilatutako sentimendu eta bizipenak ahotik husten?
Eskerrak Bertsozale Elkarteraren ekimen txalogarriari esker Euskal Herriko gaztetxo asko eta asko astean ordu betez behinik ahozkotasunarekin harremantzen hasi garen. Baina zer da astean ordu bete basamortuan galdutako malko lurrundua besterik? Zein dira astean zeharreko gainerako hogeita bederatzi orduetan ikasgelan lantzen diren gaitasunak? Bi minutu baino luzeagoko zenbat ahozko aurkezpen, elkarrizketa, solasaldi ontzen dituzte gure ikasleek DBHko lau urteetan? Eta badakizue, lantzen ez denak lanak ematen ditu.
Errefenteak behar ditugu, euskaraz gozatu eta gozaraziko duten kirol-entrenatzaileak, begiak betzuloetatik aterako dizkiguten telebista saioak, herriarentzat baino herriarekin lan egingo duten teknikariak. Erreferenteak behar ditugu, bai, eta jarrera, eta aktitudea. Ekimena, egin eta eragiteko, euskaldun garela esan beharrik gabe euskaldun izateko.
Beraz, euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko kalera atera garen nahiz oraindik pausu hori eman ez duzuenok nahiaren bokalartean amiltzera animatzen zaituztet. Ez kezkatu galduko duzuen hizkiagatik, ordainetan hizkuntza irabaziko duzue-eta.