Antxiñe Mendizabal Aranburu (Idazlea)
Maitasun erromantikoa emakumeak kontrolpean izateko tresna da. Amodioaren kontuarekin emakumeok entretenituta gauzkate», Koral Herrera idazleak Berrian esana.
Maitasun erromantikoa beste gizaldi bateko eredutzat daukate. Emakumearen garapenerako baliagarria izan bazen ere –gogoratu Julieta, Romeorekin elkartzeko, aitari aurka egitea ausartu zela–, erromantizismoak emakumea gizonaren mende jarri, eta frustrazio eta porrot afektibora eramaten duela diote gaur egun.
Lehenagotik existitu zen maitasun platonikoa eredu gisa; maitasun ezinezkoa, atzemanezina, ideal bati lotua. Bestalde, XX. mendearen erdialdean, iraultza sexualarekin eta emakumearen burujabetzarekin batera, maitasun konfluentea jarri zen indarrean, hau da, maitasunaren demokratizazioa: gogobetetasun sexual eta afektiboan oinarritua, monogamia eta heterosexualitatea baztertuz. Gaur, harreman likidoak daude indarrean, harreman igarokorrak, etereoak, biziak eta konpromisorik gabeak.
Nire iritziz, beti, baita gaur egun ere, existitu izan dira horiek eta beste maitasun mota batzuk. Are gehiago, esango nuke maitasun mota guztiak posible direla emakume bakarrarengan, bizitzaren une ezberdinetan. Nik neuk oso aldarte aldakorra daukat maitasunari dagokionean: goizean goiz, senti dezaket maitasun kastu eta garbia eta ilunabarrerako, maitasun debekatu baten tentazioan erortzear egon naiteke.
Edonola ere, maitasun esperientziak partekatzeko, emakumezkoak, gizonezkoak ez bezala, beti elkartu izan gara, isilean; eta elkarte sekretu horietan asko ezagutu eta ikasi dugu; esate baterako, emakume batzuek maite dutela printzesak bezala, beste batzuek emakume kastuen eran, badaudela emakume-amak, baita emakume lizunak ere, gizon sentitzen diren emakumeak, emakume birjinak, emakume amoranteak… Emakumezkook badakigu gutun erromantikoak idazten, eta inoiz jaso ere nahi izaten ditugu; tarteka desiratzen dugu musu lizun bat eta askotan behar dugu besarkada estu bat; inoiz amestu dugu bizitza osoa zainduko gaituen gizon batekin eta baita maitale ezezagun batekin ere; gauza gara maitasun bati agur esateko eta baita ordainik gabeko maitasuna emateko ere. Izan ere, inperfektuak garen neurrian, gure insatifazioaren araberako maitasuna bizi dugu. Gizonezko batek esanda dakit beraiek berdintsu maite dutela.
Nire liburu kuttunen artean arakatuz ikusi dut emakume adinbat maitasun daudela: Dulce Maria Loynazen “Deseo”, Rosario Castellanosen “Desamor”, Miren Agur Meaberen “Huts mina” poemak; Gioconda Belliren El infinito en la palma de la mano, Gustave Flauberten Madame Bovary, Annie Ernaux-ren La femme gelée, Marguerite Durasen L’amant eleberriak; Lou Andreas-Salomeren Erotismo edo Virginie Depentesen Teoria King Kong saiakerak.
Castillo Suarez poetak dio gure askatasun eremua erraietara murrizten dela, eta askatasuna –Maria Zambrano– norberarekiko obedientzia baino ez dela. Literatura gure instintuak, sentimenduak eta pentsamenduak libre uzteko esparrua da.
Gure elkarte sekretuko Ainhoak ohartarazi dit artikulu hau irakurrita, literaturaz ari naizela, eta ez bizitzaz. Egia da, benetako maitasuna ausartzen diren emakumeentzat bakarrik dago gordea; Clarisa Pinkolak «emakume basatiak» deitzen die.
Aurtengo Emakumearen Nazioarteko Egunean, emakume langilearen aldeko mezuaren ordez, emakume maitalearen aldeko aldarria zabaldu nahi dut.