Cristina, Angela, Patxi, Maruja, Jorge, Carmen, Prazeres eta Pilarrek, hasiera batean agerikoa ez bada ere, badute zerikusirik elkarren artean. Beste hainbat goierritarrekin eskutik emanda, AEK-ren euskaltegietan elkartzen dira astea joan eta astea etorri euskara ikastera. Ordu ugari ematen dituzte gramatika, entzumen edo idazketa ariketa artean.
Hain justu ere, Eman euskara elkarri dio Korrika 18ren leloak. Zabaldu nahi duten mezuak «euskara euskal herritarron elkarbizitzarako gakoa» dela dio, «elkarrekin bizitzeko, elkarri hitz egiteko, elkarri entzuteko eta elkar ulertzeko tresna». Horregatik, aurtengo edizioan euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren milaka lagun omendu nahi dituzte; «euskalakari izateko ahaleginean euskara ikasten eta praktikatzen ari diren guztiak».
Dozenaka dira Goierrin ere euskaltegira inguratu eta euskara ikasten dihardutenak. Hasiera batean erronka zaila dela uste badute ere, orokorrean, denbora aurrera joan ahala euskaraz bizitzea posible dela frogatu dute. Batzuk ditxozosko langabeziaren ondorioz denbora librea dutelako heldu diote euskaren erronkari, badira etxekoekin edo lagunekin euskaraz bizi nahi dutelako animatu direnak, edo aspalditik betetzeke zuten egitekoa zelako ari direnak. Ordizian, Beasainen, Seguran, Legorretan, Zaldibian edo Lazkaon ditu taldeak Goiztiri AEKk, besteak beste.
Euskaraz janzteko indarrez eta gogoz betetzen ditu ikasleak Korrika gisako ekimenek. Aurtengoan bitan pasako da Goierritik euskararen aldeko lasterketa erraldoia. Lehenbiziko egunean, datorren ostegunean, Andoaindik irten ondoren, iluntzeko 20:15ean iritsiko da Legorretara eta goizaldeko ordubata aldera irtengo da eskualdetik, Zegamatik Altsasura bidean. Ondoren, hilaren 21ean, goizaldeko ordubietatik hiruak artean Urretxutik Legazpirako bidea egingo du, Zumarragan barrena.
Cristina Alvarez
Egunean bi orduz, astean lau egunez, euskararen lagun egiten ari da Cristina Alvarez Beasaingo AEK-n. Orain Olaberrian bizi bada ere, ordiziarra da jaiotzez. 12 urte zituela Toledora joan zen bizitzera, eta zazpi urteren bueltan, pasa den irailean, itzuli zen Goierrira. Umetan Ordizian eskolan, kalean… euskaraz bizi zela dio berak, baina, galdu egin du hizketarako erraztasuna. «Hemen euskara beharrezkoa da, eta gustatu egiten zait, gainera», dio. Antropologia ikasketak egiteko asmotan zen, baina ez zuen unibertsitatean sartzerik izan. Hala, euskara ikastera buru belarri jarri zen. Esperientzia «ona eta polita» izaten ari da berarentzat. «Jendea euskara ikastera animatuko nuke; Europako hizkuntzarik zaharrena ere bada, eta hori interesgarria da oso», dio.
Angela Godoi
Jaiotzez andoaindarra bada ere, urteak daramatza Legorretan bizitzen Angela Godoik. Bertan, bost urte daramatza euskara ikasten. Berarentzat helburua seme alabekin eta ingurukoekin euskaraz jardun ahal izatea da , eta lortzen ari da saiatzearen saiatzez. «Zaila» dela dioen arren, ikastea posible dela erakusten ari da. Astean sei ordu ematen ditu liburu artean, baina, euskara ikasgelatik kanpora eguneroko hizkuntza izatea nahi du berak. «Egunaren arabera» ausartzen da tabernetan edo dendetan lehen hitza euskaraz egitera, baina, «azkenean gazteleraz amaitzen dugu», dio berak. Duela bi urteko Korrikan «oso ondo» pasa zuela-eta argi du aurten ere hurbilduko dela euskararen festara. Korrikaren hasiera festan izango da Andoainen.
Patxi Uranga
Alferkeriarik ez du Patxi Urangak euskara ikasteko orduan. Betidanik izan du euskara ikasteko asmoa, eta oraingoan lortzekotan dago. 18 urterekin hasi zen ikasten ordiziarra eta, ordutik, behin baino gehiagotan utzi eta heldu dio. Gogoan du soldadutzara joan zenean ere, Euskal Herritik joandakoen artean taldetxoa osatu eta euskara ikasten aritu zirela. «Militarrek materialak aurkitu eta dena kendu zigutenean amaitu zen abentura hura», gogoratzen du. Argi du erraztasuna hartzeko kalean hitz egin beharko duela. «Lagunekin euskaraz egiten saiatzen naiz, baina, arraroa egiten zaie eta beraiek dira niri gazteleraz erantzuten didatenak». Berak lagunak animatu izan dituela dio; «orain krisi garaian, langabezian egonda momentu ona izan daiteke ikasteko».
Maruja Redondo
«Esfotzu handia» eskatzen badu ere, euskara ikastera animatzen ditu Maruja Redondok ingurukoak. Valentzian jaioa izan eta Legorretan bizi arren urnietarra sentitzen da Redondo. Azken bost urteotan Legorretan, AEK-ren euskaltegian eskoletara joanez, lagun taldea osatu du Angela, Carmen eta Pilar ikaskideekin batera. Azken egunotan euskara ikasgelatik atera eta Korrikaren inguruan antolatutako ekimenetan parte hartzen ari da. Datorren ostegunean, lasterketa erraldoia Legorretara iristen denean ere inguratuko da festara.
Redondoren ustez, euskaraz bizi ahal izateko erronka «egunerokoan» dago. «Ohiturak aldatzea zaila bezain beharrezkoa da». Ezagunekin gazteleraz egiteko ohitura aldatzea kosta egiten zaio, baina, mezu argia ematen die berak: «Hurrengoan euskaraz».
Jorge Gorrindo
Jaiotzez santurtziarra bada ere, Itsasondon bizi da Jorge Gorrindo. Etxean, emazteak eta alabak euskaraz hitz egiten dute. Berak aspalditik sartuta duen arantza txiki hori kendu nahi du: euskaraz bizi nahi du. Euskara ikasteak «esfotzu handia» eskatzen duela dio, baina ahal duen eran jarraituko du. Astean hamar ordu ematen ditu ikaskideekin batera euskaltegian, baina, «gustura» joaten da. Ikaskideak eta lagunak dira. Maiz lotsak atzera botatzen duela onartzen badu ere, saiatzen da kalean ere euskaraz egiten: «Tabernan, lagun artean eta konfiantzan egiten dut pixkat».
Euskaren inguruko ekimenek ikasten jarraitzeko indarra ematen diela dio, eta datorren Korrikan hartuko du parte. «Aurrekoan parte hartu nuen eta animo handia ematen du», dio.
Carmen Mendez
Gogoan du, duela hainbat urte, trenean zihoala bi euskaldun peto gazteleraz entzutean sentitu zuena: «Guk nola ikasiko dugu ba euskaraz?». Carmen Mendezek «bizi osoa» darama egiteko horretan eta, dagoeneko, erraztasunez egiten du. Zamoran jaio bazen ere, haurra zela etorri zen Euskal Herrira. Lizartzan, Tolosan eta Ibarran bizi izan da; orain, Legorretan. Ibarran hasi zen lehenbizikoz euskaltegian, eta ordutik buru-belarri dabil hiztegi eta liburu artean.
«Behin honaino iritsita pena litzateke hemen uztea», dio berak. Horregatik, euskaltegiko eskoletan jarraitzeko asmoz dago: «Inoiz ez dugu amaituko euskara ikasten». Ikaskideekin batera Goiztiri euskaltegia antolatzen ari den ekimenetan parte hartzen ari da bera; «ohitura da dagoeneko Korrikarena», dio.
Prazeres Goncalves
Zazpi urte daramatza Prazeres Goncalves portugaldarrak Zaldibian bizitzen, eta beste horrenbeste euskara ikasten. «Euskal Herria da, euskara hizkuntzaren herria da. Garrantzitsua eta beharrezkoa da euskara ikastea», dio berak. Elkarrizketa euskaraz egiteko gaitasuna duen arren, ikasteko «zaila» dela dio, eta badaki zertaz ari den, portugaleraz gain, gaztelera, fratsesa eta ingelera ere hitz egiten baititu. Hala ere, ez duela presarik dio, eta ahal duen neurrian jarraituko duela ikasten. Zortzi laguneko taldea elkartzen dira Zaldibiako Kultur Etxean euskara ikastera, giro onean. Orain, Korrika datorrela-eta buru-belarri dabiltza prestatze lanetan. «Iritsi nintzenean ez nekin zergatik egiten zen Korrika, orain bai, badakit, eta parte hartuko dut».
Pilar Cardeñoso
Haurdun zegoela animatu zen Irunen euskara ikastaro intentsibo batean izena ematera. Han izan zuen euskaltegiekin lehen kontaktua. Orain ia bost urte daramatza euskara ikasten eta «barneratua» duela dio Pilar Cardeñosok; «dagoeneko ez dago atzera bueltarik, euskara barnean daramagu». Donostian jaioa, irundarra sentitzen da bera, baina gaur egun Goierrin bizi da, Legorretan.
Bertan bost urte daramatza euskara ikasten. Astean hirutan, egunean bi orduz jasotzen ditu eskolak. Euskara ikasteko «gogo handia» behar dela dio berak, «ez da gutxi eskatzen duen esfortzua eta dedikazioa». Hala ere, harro dago orain arte lortu duenarekin. «Telebista, irratia… euskaraz entzun ditzaket eta eskolako bileretan ere dena ulertzen dugu!».