Goierriko merkatarientzat aholkularitza zerbitzua eskainiz lanean dabiltza duela hiru urtetik Goierriko Merkataritzaren Dinamizaziorako Bulegoan. Egoitza Beasaingo Bareak Merkatari Elkartearen lokalean dute, eta bertako ateak zabalik dituzte laguntza beharren dauen merkatari zein ostalari guztientzat.
Abenduaz geroztik Gorka Goikoetxea ari da bulegoko arduradun lanetan, Estitxu Escolar teknikariarekin batera. «Asmo handiko» Aktuazio Plan berriarekin ari dira lanean.
Urte hasieratik Dinamizazio Bulegoaz arduratzen zara, baina, zein da, zehazki, bulegoaren egitekoa?
Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Sailaren zerbitzua da eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 30 zonaldetara iristen da. Dinamizazio Bulegotik banakako merkatariei legedi, diru-laguntza, marketing edo finantza aholkularitza ematen diegu, besteak beste. Zerbitzua merkatariei zuzendua dago, elkarteetan egon edo ez, eta baita erakundeei eta elkarteei ere.
Zertan hasi duzue urtea?
Bertakoak ez garenez, eta hemengo errealitatea ezagutzen ez dugunez, herri guztietako merkatal sektorean lan egiten duten pertsona guztiekin elkartzen hasi gara. Gure Aktuazio Plana aurkezten diegu, beraiekin alderatzeko eta iritziak jasotzeko.
Zein egitasmo eta helburu jasotzen ditu Aktuazio Planak?
Gure helburua da banakako merkatariei profesionalizatzen laguntzea eta profesional direnei maila horretan mantentzen laguntzea; azken finean, gaur egungo egoera berrira egokitzen laguntzea.
Egitasmoak enpresei eta hirugarren sektoreari zuzenduta daude. Orain arte egin dena bultzatzea eta indartzea da gure asmoa. Horretarako, kalitatea, berrikuntza eta teknologia berreikin zerikusia duten hainbat ekimen jasotzen ditu. Formazioa ere bultzatuko dugu, funtsezkoa baita, eta behar diren ikerketak egingo ditugu.
Merkatari elkarterik ez dagoen herrietan, berriz, elkarteak sortzen eta dinamizatzen lagunduko diegu. Badira elkarteak sortzeak zentzu handirik izango ez luken herriak, eta horietan udalarekin harremanak irekitzen saiatuko gara.
Zein egoera bizi du Goierriko merkataritzak?
Euskal Herrian, orokorrean, asko ari da aldatzen egoera, baita Goierrin ere. Tokiko merkatariak dira gehien sufritzen ari direnak, salmenta kopuruaren beherakada dela-eta. Denda txikiek eta merkatal gune handiek ez dute joko arau berdinekin jokatzen. Horregatik, egoera horretan ez itotzeko beharrezko da denok elkarrekin lan egitea.
Arloz arlo ba al dago alderik?
Estatistikek diotenez elikadura arloan, adibidez, kontsumoa ez da horrenbeste jetsi Goierrin. Beste herrialdeetan, janaritik kentzen dute beste gauzetan gastatzeko, baina, hemen ez. Arroparen salmentan ere ohiturak asko aldatzen ari dira, baina ez dakigu nolako bilakaera izango duen horrek.
Zein dira aldaketa horren ondorioak?
Dendak ixten ari dira. Kontua da kotsumorako ohiturak aldatzen ari direla, onerako eta txarrerako. Egoera berri horretan irabazten asmatzea da gakoa.
Gizartea hasi al da kontzientziatzen komertzio txikietan erosteak duen garrantziaz?
Bai, gertutasuari eta kalitateari garrantzia ematen hasiak gara berriro. Hala ere, beste salmenta kanal batzuk ere ikertu behar dira; on-line direnak, esaterako. Ardi dagoena da, merkatariek ezin dutela geldirik egon. Teknologia berriak, Internet… egokitu egin behar dira, bai ala bai.
Zein aukera eskaintzen dituzte teknologia berriek?
Internetek aukera asko eskaintzen die komertzioei, saltzeko bai, baina erosteko ere bai. Gipuzkoako Merkatarien Elkateak erosketa plataforma bat sortu du. Hor egoteak, adibidez, abantailak ematen ditu. Interneten irudia ere sor liteke, bezeroen iritziekin. Guzti horrekin ikasi behar da nola jokatu. Denda fisikoa edukitzea nahikoa izan daiteke batzuetan, beste batzuetan agian on-line zerbitzuarekin osa daiteke. Kanal ezberdinen konbinazioan asmatzea da gakoa, baina ez da erraza.
Zein jarrera dute merkatariek egitasmo horien aurrean?
Oraingoz, elkartu garen udalek eta elkarteek oso ondo hartu gaituzte. Gurea dohako zerbitzua da, merkatal kudeaketan eragina duten arloak kontrolatzen ditugu eta guk konpondu ezinezko zerbait agertzen bada, badakigu nora bideratu. Ordiziako Udalarekin eta elkarteekin egon gara eta Seguran ere bai; primeran hartu gaituzte. Beasainen ere elkarlanean gabiltza. Gure bulegoa Bareak-en egonda, argi dago hemengo elkarlana askoz estuagoa dela, baina horrek ez du esan nahi beste herrietan ez gaudenik.
Nolakoa da merkatarien, elkarteen eta erakundeen arteko elkarlan hori?
Publiko eta pribatuaren arteko elkarlana beharrezkoa da. Elkarteek udalen laguntza behar dute merkatal sektorea bizirik mantentzeko. Merkatariak euren elkarteetan biltzen dira, egitasmoak finkatu eta ondoren horiek garatzen dituzte. Erakundeekin kolaboratzen dute, baina ez dago halako egitura formalik. Guk beharra dagonenean laguntzen dugu soilik. Elkarte bakoitzaren erritmoa ezberdina da. Lazkaon eta Seguran duela urte pare bat sortu ziren elkarteak, eta hasierako momentuan daude. Beasainen Bareakek beste tamaina bat du; denetarik dago.
Zein izan liteke kontsumo ohituren aldaketa honi aurre egiteko formula?
Egoera berrira hobekien egokitzen denak eta bezeroen beharretara ondoen moldatzen dena. Oinarrizko tresnez eta baliabideez gain, irudimena eta ilusioa behar dira.