Inazio Usarralde
Aizan, Joxepa, Korrikari usainik hartu al dion? Aurten gustura izango zarete arkakusook, gutxitan bezala bertatik pasatu zaizuelako. Bikaina dun sentitzea Korrikaren olatu horrek, bere baitan bildurik, herri oso bat nola eramaten duen aurrera. Etenik gabe gainera. Gazteak eta ez hain gazteak. Egunez eta gauez. Zaldiero paregabeak ezin hobeto islatu din: egun hauetan hunkigarria dun pentsatzea edozein ordutan, nonbaiten, zoro zoragarri batzuk euskararen alde korrika dabiltzala.
Eman euskara elkarri leloa zeraman aurtengo Korrikak. Zenbaitek pentsa zezakeen «baina, nola dun/duk posible hizkuntza bat elkarri ematea?» Eta, ondo pentsatzen bada, ez zegon hori baino gauza errazagorik: ahoa zabaltzen dugun aldi bakoitzeko inguruko lagunei zeinetatik eman erabakitzea dun: euskaratik ala erdaratik.
Izan ere, utikan garai bateko hizkuntza salbatu beharreko mezu dramatikoak! Gozatzen, bizitzen eta partekatzen has gaitezen. Horretarako unea iritsi dela iruditzen zaidan. Bizitzarekin maitemintzekoa, euskaratik eta euskaraz.
Ezin dinat amaitu kezka pittin bat agertu gabe. Asko zeukanagu hobetzeko. Oraindik Korrikaren lekuko eramaile askotxo sumatzen dizkinat hurbil-hurbilean euskara, bakarrik, txakurrei eta haurrei egiteko hizkuntza dela erakutsiz. Andoni Egañari entzun nionan behin gaur euskaraz egiteak meritu gehiago duela orain dela ehun urte baino. Orduan denek hitz egiten zutelako eta gaur, ordea, haizearen kontra ibiltzea egokitzen zaigulako. Halere, baikor amaitu nahi dinat: inor gutxietsi gabe euskalduna naun eta harro nagon!
Joxepa Madariaga
Ametsetan hasi behar diat, Iñaxio. Herri garela sinetsi (Euskal Herria), inguruko Estatuen menpekotasunetik askatu (Espainiatik eta Frantziatik) eta geure erara funtzionatzen hasten garenean (independente), geure hizkuntza, euskara, praktikotasunetik baloratzen hasiko gaituk. Lurraldea, gobernua, hizkuntza eta borondatea behar dizkiagu, gutxienez, urte askoan egiten ari garen neurririk gabeko lanaren emaitzak, nabarmen ikusten hasteko. Hainbeste festa, aldarrikapen eta lan egiten diagu Euskal Herria sortzeko, Korrika, adibidez. Herria eraikitzeko estrategia zabal bateko lan arlo izan behar dik ekintza bakoitzak.
Herri zapaldu eta kolonizatu izateari uzten diogunean, euskarari bere balioa aitortuko zioagu. Inor ausartuko al duk, orduan, kanpotik etorri eta gurean, harro, berea ezartzen? Ausartuko al duk «háblame en cristiano» esaten? Eta hemen jaio eta bizi garenok, euskaraz badakigunok, helduon artean eta gai inportanteez gazteleraz, eta haurrekin eta zakurrekin euskaraz hitz egiten jarraituko al diagu? Geure buruari harrika ematen jarraituko ote diagu?
Ametsetan segitu nahi diat, esna ametsetan, ametsak izan beharrekoak direlako eta sinetsi ondoren, ondo saiatuta, amets izateari utzi eta errealitate bihurtzen direlako. Segi dezagun, beraz, indarrak elkartu, norabide egokian zuzendu eta Euskal Herria, euskararen herria, eraikitzen. Eman euskara elkarri, Korrika!