Emarrock ekimena eta Zuloak dokumentala direla eta, azkenaldian zeresan handia ari dira ematen emakume musikariak. Goierrin ere badira neskez osatutako musika taldeak. Horietako bat da Dhuna. Talde hori Irati Badiola zegamarrak, Nerea Iztueta gabiriarrak eta Ane Arrieta segurarrak osatzen dute. Hiruak 1988koak dira, eta lagunak aspalditik.
Badiola zegamarra da taldeko alma materra. 16 urte inguru zituenean hasi zen lehen kantak sortzen eta bakarlari bezala kontzertu pare bat egin ditu azken urteetan. Iazko udan beste bi neskekin batu eta etxeetan entseguak eginez hasi ziren esperimentatzen, bakoitzak jotzen zekien instrumentuetatik, talderako egokienak aukeratuz. Horrela sortu zuten Dhuna taldea.
Badiolak gitarra jotzen du, Iztuetak akordeoia eta Arrietak darbuka izeneko perkusio instrumentua eta pianoa. Lehen ahotsa Badiolarena eta bigarrena Iztuetarena dira kanta gehienetan. Musika «oso lasaia da; taberna, gaztetxe eta leku lasaietan entzuteko aproposa», azaldu dute.
Hausnartzeko letrak
Letrei dagokienez, «sakonak» direla eta hausnarketara bultzatzen dutela aipatu dute. Emakumeenganako tratu txarrez, norbere burua maitatzeaz, lotsez, munduko arazoekiko indiferentziaz eta maitasunaren gazi-gozo nahasiez ere hitz egiten dute abestien letrek. Euren musika entzungai dago Goearren, Myspace-n, edota Youtuben. Eta laster Gazteako orrialdean ere entzungai egongo da, Maketa Lehiaketara aurkeztekoak baitira. Egiten duten musika gustatuz gero, bozkatzeko eskatzen dute.
Kkinzona Irrati librean, Segurako Botikaxahar aretoan eta Urretxuko gaztetxean egin dituzte lehen kontzertuak eta emanaldi gehiago ere ari dira lotzen. «Ilusio handia dugu. Ingurukoek harrera ona egin digute». Eurekin harremanetan jarri nahi duenak, dhunataldea@gmail.com helbide elektronikora mezua bidali edo Facebook bidez ere egin dezake, Dhuna Taldea izena bilatuz.