San Kristobal auzoan barrena, bailaran behera egiten duen errekaren hegian dago Ibaiondo zentroa. Teknikoki adin txikikoen erreformarako hezkuntza zentroa da; Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban lehenengo mailako zentro bakarra. Maila horrek ezartzen dizkio hesiak, zaindariak eta tinbrea jota baino irekitzen ez den burdin atea. Zaindariena da lehenengo harrera. 2005ean ireki zuten, hasieran fundazio batek gidatua, eta jarraian Eusko Jaurlaritzaren zuzendaritzapean; ez da ohikoena, halako zentroak esku pribatuetan uzten baitituzte esku publikoek. Zumarragan kartzela deitzen diotela entzun duela dio Pablo Martinez zentroko arduradunak, «hori esaten duenak ez du benetako kartzelarik ezagutzen».
Egun, zentroak delituak egin dituzten 27 gazteri ematen die aterpe. Adinak bakarrik ezartzen duen bereizketa dela bide, han daudenak epaileak ezarritako neurriak ari dira betetzen. Adin txikikoen eremu semantikoan ez da zigor hitza kabitzen. 14 eta 18 urte bitartean egindako delituengatik daude Ibaiondon, baina guztiak ez dira 18 urtetik beherako mutilak.
Zentroa ireki zutenetik gaur arte, delituen zein gazteen perfila aldatu egin dela dio Eva Ammann hezkuntza arduradunak: «Delituak ikusgarriagoak dira orain, eta neurriek gora egin dute. Lehen lau hilabeteko itxialdia asko zen, orain egonaldiaren batez bestekoa urtebetetik gertu dago, eta urtebete asko da gazte baten bizitzan».
Delituei dagokienez, larderia tarteko egindako lapurretak eta gurasoen aurkako indarkeria nagusitzen dira. «Bigarrena asko igo da», nabarmendu du Ammannek. Martinezekin batera hasieratik ari da Ammann Ibaiondon lanean, eta horrek, biei ala biei atzera begirakoa egiteko aukera ematen die: «Garai batean delituak klasikoagoak ziren. Gazte askoren familia erreferentzia delinkuentzia bera zen, orain sendi normalduagoak dira, baina barruko arazo latzekin». Ibaiondon dauden gazteek elkarri han egotearen arrazoia zein den esaten dioten galdetuta, Ammannek ezezko borobila eman du: «Guztiak lapurreta egiteagatik daude hemen. Hesi hauetatik kanpo bezala, inork ez ditu onargarriak ez diren kulpak onartzen».
Gazteen jatorrian ere aldaketak egon dira azken urteetan. Barruan zegoen erdiak Magrebeko jatorria zuen aroak bizi izan dituzte Ibaiondon. Orain, 27 gaztetik 6ren sorlekua da Afrikako iparraldea.
Ikasteko gogoa
Atzera begiratuta, bi profesionalek azpimarratu nahi duten beste eraldaketa bat dago: gazteengan ikasteko grina indartzen ari da egunetik egunera. Ammannek azaldu duenez, «hasi ginenean pentsaezina zen, ikasgelatako paretak margotzen zituzten, jarrita egoteko ere ez ziren gai. Egun, urrutiko DBH ikasketak egiten ari diren mutilak ditugu». Horietako bat, zentroko liburutegiko arduraduna da: irakurzalea eta Ibaiondoko ikaslerik onena. Barruko tailer batean berekin elkartu, eta Martinezek keinu egin dio, abegikor.
Ikasteko grina berrituak, bertan daudenek gehien estimatzen duten parada eskaintzen die: Ibaiondotik atera ahal izatea. Zentroari dagokion lehenengo maila horrek, erregimen ezberdinak hartzen ditu. Martinezek eman du azalpena: «Gurera neurri luzeenak betetzeko dituztenak datoz, egin dutena gizartean alarma guztiak piztu ditu eta esparrua itxia da. Hala ere, erregimena irekia ere izan daiteke. Erregimena, edozein modutan, epaileak ezartzen du beti».
Badira ikastera egunero doazenak, lotara baino ez doazenak edota asteburuak han igarotzen dituztenak. Irteerak, hala ere, irabazi egiten dituzte. Eta, irabazteko bide bakarra portaera ona da. Nola neurtu, baina, jokabidea? Hezkuntza arduradunak hitza hartu eta puxtarri sistemaren berri eman du: «Astean asko jota 33 puntu irabazi ahal dituzte. Hutsegite larri batek ehunka puxtarri kentzen dizkie bat batean». Konpromisoetan oinarritutako hitzarmen modukoa erabiltzen dute: hartu eta eman. Hutsegite larrien berri epaileak izan behar du- derrigor.
Jokabide ez egokiak barruan bideratzen dituzte, esate baterako, aisialdi jardueratan parte hartzeko baimena kenduta. Horrelakok bere gain ditu Martinezek, eta halaxe azaldu dio txantxa artean Ibaiondo kanpoaldean, futbol zelaiaren konponketan, eskorga eskuetan lanean ari den etorri berriari.
Lantaldea
Zortzi eraikinek osatzen dute zentroa. Horietatik bostek elkarbizitza taldeak hartzen dituzte. Beste bietan ikasgelak, tailerrak eta soinketa gela daude, eta bulegoak eraikin bakarrean kokatzen dira. Elkarbizitza talde horietan banatzen dira mutilak, Ammannen hitzetan «azken urtean lau eta zortzi mutil artean dago eraikin bakoitzeko». Asko jota, 14 eta 15 egon daitezke. Koordinatzaile bat dago taldeko, eta txandatan lan egiten duten 50 hezitzaile banatzen dira eraikin bakoitzean. Hezitzaile horien gehiengoa emakumezkoa da. Horrez gain, bi gizarte laguntzailek, bi psikologok eta hamahiru irakaslek osatzen dute mutilekin lanean ari den lantaldea. Ammannek aldez aurretik dio Ibaiondoko sistema «garestia» dela.
Estatuko beste zentroekin alderatuta, faktore kuantitatiboak ezartzen du diferentzia. Martinezek adierazi duenez, «300 gazterekin interbentzioa askoz txikiagoa da. Kartzela eusteko espazioa den bitartean, hau prestakuntza espazioa da. Interbentzioak aukerak biderkatzen ditu. Hemen, gazte batekin asmatuz gero, emaitzak ikusten ditugu».
Hesitik harago
Neurria beteta eta gazteekin zer gertatzen den galdetuta, erantzunak bi ildotatik doaz. Ammanni pasioak eragiten dio, eta ezintasunak: «Sare sozialik ez badute, kanpoan itxaroten dien hutsunea itzelezkoa da. Hemen egiten duguna ezerezean geratzen bada, deabruak eramaten nau». Martinezen diskurtsoa beste bat da, soseguz dio horiek «kasu larrienak» direla, «orokorrena gazteek berriz deliturik ez egitea da, izan ere, asko dira delitu motak eta larriak gutxienak dira».
Biak helduen presondegietan lan egindakoak dira. Helduekin eta gaztetxoekin lan egitearen aldeaz galdetuta, Ibaiondon gazteekiko inplikazioa handiagoa dela diote. Ammannen hitzetan, «zailagoa da lanetik atera eta zamarik ez eramatea. Batzuetan, sinesgaitza da 14 urteko pertsona batek zenbateraino sufritu duen». Halere, itxaropenerako tarte estua dagoela diote. «Motxila astuna eramanda ere, haur zati bat gordetzen dute», dio Ammannek. Eta, Martinezek gehitu du «gizartearen kopla-burukoak dira. Gure lana alternatiba bat ematea da».
Aurkia barruan dauden bitartean eskaintzen dieten errutina da, goitik-behera egituratutako bizitza ordenatua. Ifrentzua, gehienei kanpoan itxaroten dien anabasa eta aterperik eza. Elektrizitate tailerrean lanean ari den gaztetxoari han ondo dagoen galdetuta, honakoa dio: «Inoiz, horrelako toki batean ondo nagoela esaten badut, akabo». Ateak ixteko giltza ugari eta giltzazain asko dago Ibaiondon; gazteek giltzapetuta egiten dute lo. Eta giltzarik-giltza inork ez daki horrelako tokirik egon ez dadin zein den giltza. Ibaiondo ibaiaren hegia da, gizartearen isla.