Urretxun barrena mendi ibilbiderik egin nahi bada, Irimo izango da beti jomuga edo iparra. Zeharkaldi honetan, Irimo gainera igoko ez garen arren, bide guztian zehar izango dugu aurrean, Irimo hegalean barrena itzulia egitea baita gaurko proposamena.
Mendizaleek aski ezagunak dituzten lekuetatik igaroko gara, dela Nebera, dela Urretxuk Antzuolarekin bat egiten duen Trekutz ingurua edo Santa Barbara merenderoa. Lasai hartuta, oinez ordu eta erdian egiteko bidea da, gomendagarriagoa udaberrian edo udaran, ingurune ospela baita, bideak irauten duen tarte luzean. Gainerakoan, edonork egiteko moduko txangoa da.
Santakutz nekazal hotela dagoen lekuan hasiko dugu ibilbidea, bertan ezkerretara dagoen pistan gora eginez. Oinez hasi eta 200 bat metrora dago lehendabiziko bidegurutzea. Aurrera jarraitu behar da, ezkerretara doan bidezidorra alde batera utzita. Bidean, gure eskuinetara zabalduko da Zumarragako bista ederra, Antio, Beloki eta Samiño inguruak bistaratuz. Neberara iritsi artean, beste hiru bidegurutze igaroko ditugu, mugarri banarekin bakoitza. Hauek adieraziko digute lehenengo helmugara arte jarraitu beharreko bidea zein den.
Beain baserriaren inguruan dago Nebera paraje ezaguna. Perretxikotarako gune aparta da, baina neguan , iparraldera begira dagoenez, leku hotza eta laiotza da. Elurra biltzeko lekua izan zen garai batean, hortik bere izena. Laarregiko elurzuloak ikus daitezke bertan oraindik orain, nahiz, egoera txar samarrean. Eraiki zireneko data zehatzik ezagutzen ez den arren, XVII. mendeko liburukietan agertzen dira dagoeneko, elurzulo hauen inguruko aipu idatziak. Elurra batez ere, janaria mantentzeko erabiltzen zen.
Nebera alde batera utzita, eskuinetara garamatzan bideari ekingo diogu, Laarregi aldera. Zumarragako ikusmiren konpainian egingo dugu bidearen zati hau ere, Agiñaga auzoa agertuko zaigularik eskuinetara Samiñoren magalean. Ezkerretara, ikusten ez bada ere, gure ibilbidearen ardatza den Irimo mendia izango dugu lagun.
Trekutz ala Meaka?
Bidean aurrera egin, eta hasierako bide malkartsuak atzean utzita gune lauan barneratuko gara. Ibilian Trekutz atarira ailegatuko gara, eta ezkerraldean izen bereko iturriarekin topo egingo dugu, 1984an eraikitakoa. Trekutz Antzuolaren eta Urretxuren arteko mugan dago. Berezko izena hori bada ere, urretxuarrek Irimoko zazpigarren puntaren izenez ezagutzen dute: Meaka, hain zuzen. Bertan, Joxe Miel Barandiaranek 1921ean aurkitutako megalitotegiko tumulua dago, Gaztelu Gain elkartearen parean.
Santa Barbara izango da hurrengo jomuga, ezkerreko bidetik barrena. Orain arteko parajeak alde batera utzita, Deba goieneko bistak ikusiko ditugu eskuinetara, Arrasateko Udalaitz nabarmenduko delarik, guztien artean. Lehenengo bidegurutzean ezkerretara doan bidezidorrak eramango gaitu Santa Barbarara, Agerre baserritik igaroz. Behin, merenderoan, aldapan behera iritsiko gara hasierako puntura.