Tere Madinabeitia
Telebistari begira jarraitzen dut Idoia, eta oraingoan albistegietan hainbeste aipatu diren Aste Santuko oporren kontua dabil bueltaka nire buruan, opor horiek dagoeneko joan badira ere. Eguraldiaren pronostikoetatik aparte, bazen beste bat, Bilbo gure inguruan turista edo bisitari gehientsuen jasoko zuen hiri bezala kokatzen zuena, Guggenheim museoa estandarte hartuta.
Ikasle garaian, Bilbon asko ibili nintzen, bost urteko unibertsitate-karrera han inguruan egin nuen eta. Orduko Bilbok ez dauka zerikusirik gaurkoarekin, eta bere garaian Guggenheimaren aldeko apustua egin zutenek (pentsatzen dut nahiko bataila eta borroka izango zirela tartean), bete-betean asmatu zuten, eta hiri hura erabat eraldatzea lortu zuten, hiria erakargarriago, garbiago, erosoago, politago… bihurtuz. Harro egon daitezke bilbotarrak.
Nire herrian ere, Legazpin, hobekuntza ugari egin dira azken urteotan, eta batzuen eta besteen ahaleginarekin, herri erakargarriago, garbiago, erosoago, politago… bat dugu gaur egun. Ni ere harro nago nire herriarekin.
Baina bada azkenaldian nire herri honen gainean bueltaka dabilen laino ilun bat, legazpiarren arteko elkarbizitza nahasten ari dena, eta orain dela gutxira arte nik sentitzen nuen harrotasun hura tristura bihurtu duena. Nola eraman gaitu zabor bilketaren gaiak horrelako guda egoerara? Zergatik hainbeste gorroto alde batean zein bestean? Elkarrizketa edo dialogoa aldarrikatzen zen duela urte batzuk Euskal Herriko gatazka konpontzeko. Legazpirako ere aldarrikapen bera luzatzen dut nik.
Idoia Luzuriaga
Garai polita da udaberria, naturaren jaiotza berria. Baina badira laino ilunak, bai, eta zaborren ingurukoa ulergaitza egiten zait. Interes asko daude tartean, eta zaila da errealitatea eta interesak banatzea. Dena den, ondoko zein urrutiko herrien gatazken inguruan badut iritzia, noski, eta oso garbia gai honetan, baina oso gertukoekin konpartitzea erabaki nuen aspaldi (pintxopote batean kontatuko dizut). Azken finean, herritartasun sentimendua tartean ez denean, errazagoa da iritzia ematea edo erabakiak hartzea. Horren adibide Antiguako gaia da. Zumarragar bezala Antigua bihotzean duenak gauzak beste era batera sentitzen ditu. Baina, hori beste gai bat da. Esan nahi dut, ni Legazpikoa ez izanik iritzi garbia izan dezakedala, baina ez erreala, ez didalako bizilagunarekin izan dezakedan gatazkak «minik» ematen, ez baitut sufritzen.
Elkarrizketa diozu, baina borondate eta enpatia kontua ere bada. Orokorrean, gatazka gehienetan, tokikoak zein nazioartekoak, ez dago borondaterik eta orokorrean bizitzan ez dago enpatiarik, bistan dira ondorioak. Gainera, erabakia bere esku dutenek adimen handia behar dute erabaki zintzoak, zuzenak eta justuak hartzeko, eskuzabalak izan norberaren interesen gainetik interes orokorrak jartzeko, abilezia erakutsi etorkizunak nora eraman gaitzakeen sumatzeko (Guggenheimarekin bezala), eta egoa behar denerako bakarrik utzi. Agintariak, hemen eta munduan, horretarako daude dauden tokian, behingoz neurria emateko.