Aurten 150 urte dira Norteko Trenbidearen eraikuntzan, Oazurtzako tunela zulatu zutela, Zegama eta Legazpi artean. 1863an ikusi zuen, aldenik alde, argia. Beste iturri batzuen arabera, 1864ko otsailaren 10ean bukatu zuten. Trenbidea 64ko abuztuaren 15ean inauguratu zuten, Madrildik Parisera lehen trena igarota.
Italiatik eta Frantziatik langile, zuzendari, eraikitzaile eta kontratista ugari etorri zen Zegamara. Oazurtzan herrixka bat sortu zen haientzat. 1858tik 1864ra, Zegaman hamabi tunel zulatu zituzten, «Pirinioak» deitzen zioten Aizkorriko mendizerra barrutik ebakiz.
Gipuzkoako trenbide-ingeniaritzako obrarik handienak Beasaindik Altsasuraino egin ziren. Igoera gogorra saihesteko, guztira 22 tunel daude, 10.402 metro lurraren erraietan eginak. Azpimarragarriena Oazurtzako tunela da, 2.957 metro luze dena. Eraiki zenean estatuko luzeena zen, eta gaur ere marka hori du Euskal Herrian.
SGCME elkarte eraikitzaileko Letourner ingeniari buruak 1858ko ekainean Oazurtzako lanak «lehenbailehen» hastea komeni zela idatzi zien Espainiako agintariei, «trenbide zati horretan gehien iraungo duen lana delako». Irailean banatu zituen lanak, 16 kontratistaren artean. Batzuk zeharretara hasi ziren zulatzen, besteak goitik behera 12 putzutatik materiala gora husteko. Denera 25 milioi pezetako aurrekontua zuen.
1860 bukaeran, tunela «oso aurreratua» zegoen, bi ahoetatik. Hamaika zatitatik zazpigarrena izan ezik, beste guztiak zulatzen ari ziren. 1862an Lavelleyren EGC enpresak hartu zuen Olatzagutia-Beasain arteko obren ardura.
Zegaman, 1861ean, trenbideko lanetan 328 pertsona zebiltzan, zuzenean edo zeharka. Atzerrikoak 195 ziren: frantziarrak (132), italiarrak (19), Piamonteko meatzariak (7)…