
Rufino Iraola Garmendia (Idazlea)
Ez didate grazia handirik egiten epopeia-kantuek eta poemek. Ez dut esan nahi sekula egin ez didatenik. Badakit gustura asko entzuten nituela, adibidez, protesta-bertso biribilak eta euskal abeslarien kanta bikainak. Zenbat laudatzen zuten gure aberria, zenbat jaso eta goraipatzen gure jarrera eta jarduna! Oker ari naiz, sarriago egin dugu gurea jaso baino gehiago besteena abakatu (abakatu hiztegian ez dator, baina Zaldibiako hitza da). Azpeitian edo Azkoitian mendratu esaten dute (hori bai, badator hiztegian).
Bidenabar esanik, orain harritu egiten naiz Orixeren Euskaldunak liburuan Euskal Herriaren epopeia kontatzen zela sinetsi nuelako. Ez dut uste Orixerena poema epikoa denik. Epopeia ez beste guztia da Euskaldunak. Nahi baduzue, euskal ohitura, folklore, historia, festa-giro, etnografia, etnologia… nahi duzuena, baina ez duzue aurkituko gerra eta borroka aipatzen dituen hitzik. Norbaitek esango dit epopeia ez dela, nahitaez, gerra, borroka eta zatiketa. Baina, funtsean, soldaduek-eta egindako “balentriak” kontatzen dira.
Beste gauza bat ere ikasi nuen etxean, txikitan: bat goraipatzeko ez dagoela bestea zertan abakaturik. Ez dugu, ordea, sekula bete. Ez nahi ez dugulako, zaila delako baizik. Baina nola egingo dugu hori, aurrean inor ez badugu, kontrariorik ezean, ez garela existitzen irakatsi digute eta? Ez naiz ari neure burua zigortzen, ezta euskaldunen bizkarrera errua botatzen ere. Euskaldunen aurretik eta euskaldunak baino lehenago, askoz okerragoak asko izan dira. Mundu osoari begira ari naiz, nahiz eta gertuko adibideak ipini.
Gerra santuak eta gisakoak entzuten ditudanean oilo-ipurdiak ateratzen zaizkit, beldurrak eraginda. Gerra guztiak madarikatuak eta kondenagarriak dira. Niri iruditu zaidan gauzarik siniestroena Jainkoaren izenean beren burua eta besteak hiltzen dituzten kamikazeak dira. Okerrena da ez dela iraganeko historia, baizik eta gaur egun oraindik ere gertatzen ari dela mundu zabalean: sarriegi ikusten ditugu irudiak telebistan.
Non dago, ordea, horren guztiaren oinarria eta kausa? Galdera horretara iritsi nahi nuen. Bada, errealitatea ikusteko eta ezagutzeko moduan. Dena bitan banatzetik dator munduko miseria guztia. Ezagutze-eredu mentalak objektu guztiak bananduta ikusarazten dizkigu. Beti zu eta ni, haiek eta gu… Ezagutze-forma hori aldatzen ez dugun bitartean ez dago zer eginik. Errealitatea bakarra dela ohartu behar dugu, zu eta ni ez garela bi, bakarra baizik, txanpon baten bi aurpegiak bezalaxe.
Eredu ez-dualak ateratzen gaitu erroretik: ezer ez dagoela beste ezerengandik banandua ohartzeko, aski da burua isilaraztea. Sare bat da dena, elkarrekiko erlazio holistiko miresgarrian uztarturik. Kontua ez da diferentziak ukatzea; aitortzen da forma isolatu bakoitzaren balioa, baina ikusten dena da forma guztiak, sekretuan, elkarrekin besarkaturik daudela, denen artean osatzen duten batasun paregabean. Diferenteen (diferentzien) batasuna da ez-dualtasuna (ez-bitasuna); itsasoko olatuen antzera, ur bera da dena.
Gizakiak hori konprenitzen duen egunean amaituko dira munduko gerra guztiak. Eta orduan zer axola lidake niri, esate baterako, kataluniarrak nire “aberkideak” ez izatea? Aski eta sobera dut elkarrenganako anaitasun eta solidaritatean bizitzearekin. Katalunia esaten dudanean, beste nazio guztiak sartzen ditut zaku berean. Zein da oztopoa Katalunia Uruguairen antzeko herri txiki bat izan dadin? Beste kontu bat da Suitza bezalako herri txiki bat izatea. Suitza ez da problema independentziagatik, defraudatzaile lotsagalduengatik baizik. Gauza horrela ikusita, Eskozia, Katalunia, Quebec eta beste batzuen independentzia gorabehera, munduko biztanleok lasai jarraitu beharko genuke, nahi dugun puska txikieneraino zatitu arren bat izaten segituko baitugu…, eta ehun urte barru denok burusoil!