Mikel Alvarez
Low cost. Hegaldiak demokratizatzen hasi ziren garaian entzun nuen lehen aldiz termino hau. Ordurarte dirudunentzat soilik zen garraio bat herri xumearen esku jarri zuen, eta poztu egin ninduen berriak. Zer esango dizut ba? Gerora, musika jaialdi ezberdinetako karteletan ere topatu nituen bi hitz magikoak, eta begi onez hartu nuen joera hori zabaltzen ari zela ikustea ere.
Hala ere, aste santuan behin baino gehiagotan ikusi dut low cost hori espero ez nuen hainbat lekutan idatzita, eta soberan kezkatu nau. Orain arte, aisialdi edo gutizia merkatura bideratua ikusi dut salmenta mota hau, baina oporraldi hauetan, lehendabiziko aldiz, behar-beharrezko zerbitzuetara lotua ikusi dut (zu ere euskaldun zintzoa izan eta jana eta edana behar-beharrezko ikusten badituzu behintzat). Low cost jatetxeak ikusi ditut non nahi, eta baita poteorako low cost tabernak ere! Low cost tio! Poteo low cost!
Honek, alde batetik, garbi uzten du gaur egun bizi dugun egoera, baina bestetik, oso joera arriskutsu bat agerian uzten du. Aipatzen dizkizudan taberna eta jatetxe hauek guztiak, kate handiak dira. Hau da, ez dira Donostiako edo Bilboko ostalariek irekitakoak. Multinazional batek norbaiti baimendutako lokalak dira. Lan baldintza eskasak eskaintzen dituztenak eta saltzen dutena kanpoan erosten dutenak. Guztion beharrak probesten dituzte zaborraren pareko lanak sortu eta poltsikoak betetzeko. Lana behar duenarenak alde batetik, eta xahutzeko hainbeste diru ez duenarenak bestetik. Low cost garaiak bizitzen ari gaituk Artola. Bai etika, moral eta gizatasun aldetik behinipein…
Jon Artola
Ondo asko esana. Low cost deitzen diote orain langileen lan baldintzen kontura prezioak jaisteari, hauek egun bateko kapritxo edo luxua balira bezala. Zeren berezko low cost-ak Mikel, hori esan nahi du: luxurik gabeko zerbitzua. Hegaldietan, adibidez, edari zerbitzurik gabekoa, edo auto alokatuetan irratirik gabekoa. Apaletan beharrean produktuak pallet industrialetan dituzten supermerkatuak ere badira. Low costak denak. Oinarri oinarrizko zerbitzuak hortaz. Argi dago, ordea, zuk aipatzen dituzunak bestelakoak direla. Dekorazio ederrean, zein musika ekipotan edo marketinean dirua beldurrik gabe gastatuko baitute taberna hauek. Baina langileei ordaintzeko ordua iristean, ordea,… orduan komeriak!
Low costarekin, hortaz, hizkuntzaren perbertsio bat ematen ari da beste behin Mikel. Hitzek gure garunean sortzen duten irudiaren erabilera perbertsoa. Eta gogora etortzen zait Bio aurrizkiarekin gertatutakoa. Izan ere, gogoan izango duzu, nola Bio aurrizkiaren «modernotasun» eta «osasungarritasun» irudiak aprobetxatuz berau zuten produktuz bete zizkiguten dendak orain urte batzuk: Bio de Danone, Biofrutas… Europar Batasunak aurrizki hori produktu ekologikoei soilik zegokiela esan zuen arte. Activia, Pascual Funciona eta antzekoak etorriz ondoren.
Low costarekin ere antzeko neurriren bat komenigarria litzatekeela pentsa liteke hortaz, eta neroni hiztegiari mugak jartzearen oso aldekoa ez banaiz ere, ba al du inork beste proposamenik?