Itxura hau zuen Legazpiko Euskal Herria plazak 1940 inguruan. Udaletxea, eta gaur egun jada eraitsita dagoen eta 1927an eraiki zen Marques de Estella eskola ageri dira plazan. Argazkian ikusten ez bada ere, eskolaren ondoan, estali gabeko pilotalekua zegoen.
Legazpiko udaletxea 1720an eraiki zuten, baina hirigunea lehenago eratzen hasi zenaren zantzuak daude. Liburu idatzietan diotenez, baliteke erdigunea 1608 inguruan sortu izana, Legazpi Seguratik bereizi eta gero.
Gorde den Legazpiko plano zaharrena 1805ekoa da. Kale bat, plaza, ospitalea, udaletxea, herri ostatua eta 40 bat etxe zeuden orduan. Herria ez zen 1920ra arte aldatzen hasi.