Dionisio Amundarain (Maizpideren sortzailea)
Zenbat urte dituen adierazi dugu. Haurdunaldia zenbat urtekoa eta nolakoa izan zen kontuan hartzea ona litzateke. Hobea zenbat urteko bizitza izan lezakeen aurresatea, irudimenari neke handia eman beharko bazaio ere. Askoz hobe zertako jaio zen argi edukitzea.
Haurdunaldiaren «bederatzi» hilabeteek urte asko hartu zituzten. Eman dezagun, 1975etik 1988ra. Horixe izan zen Goierriko «Gau Eskolak» (hasieran) eta «Euskal Eskolak» (gero) irakaskuntzan jardun zuen aldia; irakaskuntzan diot, zeren Goierriko Euskal Eskolak bizirik jarraitzen baitu, 2013an ere, euskaldunen dinamizatzaile eta ez-euskaldunen erakarle.
Maizpide abian jarri zen urtean, 1988an, garai hartan HABEren zuzendari zenak, Maizpide eraikuntzari 50 urteko bizia eman zion. Beraz, eraikuntzari 25 urte geldituko litzaizkioke. Ez dakit oso iragarle ona ote zen eta den Txabarri jauna. Edozein kasutan, hemendik 25 urtera amaitua ote luke Maizpidek, bere zereginari dagokionez, bere eginkizuna? Nahiago nuke hala izango balitz. Edozein kasutan segur nago, Maizpide eraikuntza, zaharraren zaharrez, bota behar izan baino lehen, bertako langileek beste lanen bat bilatuko beharko dutela.
Maizpideren eginkizuna. Zornotzako barnegia abian jartzeko zirela, orduan hango arduradun nagusia zen Andoni Untzaluk bota zidan: Zornotzako barnetegia ez da mugatuko Lazkaokoaren eginkizuna betetzera. Ez dakit juxtu zer eginkizun esleitu zioten Andonik eta ondorengoek Zornotzakoari. Lazkaokoarena, hitz bakar batean esan behar banu, heldu-jendea alfabetatzea eta euskalduntzea dela esan beharko.
Alfabetatu. Gure Lizardi olerkariari esapidea lapurtuz, «euskara larrekoan», hau da, etxeko euskaran euskal hiztun denari jendaurreko euskal hiztun izaten laguntzea, batetik; jakina, jendaurrean izango dituen funtzioen arabera; adibidez, sukaldaritzaz jendaurrean hitz egin nahi lukeen sukaldari bati, maila batean; ahaldun nagusi izan duenari, bere mailan; lehendakari izan nahi duenari, bere mailan; nornahiri, berarena ez den edozein euskalkitako jendeari aditzera emateko gai egiten laguntzea. Ahozkoaz gain, idatziz ere adierazgarritasun-maila bat lortzen laguntzea; beti ere, bakoitzari osatu behar duen funtzioari dagokion mailakoa.
Euskalduntzea. Terminoak berak dioenez, ez-euskaldunak euskaldun bihurtzen laguntzea. Maila xumeenetik hasi eta bakoitzak euskaraz bete beharko lituzkeen funtzioen mailaraino. Jakina, hori guztia erraz esana da. Konturik handiena, lana nola egin da. Alegia, zein metodologiaz jardun. Goierriko Euskal Eskolak hasieratik izan zuen oso gogoan alderdi hori. Euskaraz, metodologiaz, ia besterik ez zen garai hartan egindako urratsak handiak izan ziren. Lerro hauen egileak, 1982an, zori handia izan zuen 40 egun Israelgo akademia batean egiteko: hebreera irakasten zer metodologia erabiltzen zuten ikusteko.
Funtsean, ez zuen nabaritu Lazkaon erabiltzen zenaz bestelako metodologiarik. Soilik, puntu bati bota zion begia. Zuzendaria bera eta gizarteko beste jende asko ateo izan arren, egundoko garrantzia ematen ziotela Itun Zaharreko (Biblia bakarra haientzat) pasadizoak ezagutzeari; juduentzat herri-kultura izaki hura guztia. Egiaztapen horrek sendotu egin zuen Lazkaon oinarri-oinarriko arau egina genuena.
Hain zuzen, arau horren harira antolatzen ziren Lazkaon ikasleekin irtenaldiak. Horren harira aukeratzen ziren ikasgelan landu beharreko testuak. Batez ere, arau horren harira antolatzen ziren udako ikastaro trinkoak, egun osokoak. Horren harira hasi ziren Lazkaon, 1982an hain juxtu, barnetegiko ikastaro jarraikiak. Horren harira, eraiki zen Gerriko etxe osoa. Horren harira, eragin zen Maizpide barnetegia.