Jon Ordoñez (BERRIAko kazetaria)
Hamar urte ez direla asko esango du batek baino gehiagok. Nondik begiratzen zaion izaten da kontua. BERRIAk hamar urte beteko ditu ekainean, baina urteurrena hamar urte baino geihago da niretzat. BERRIAren sorrera lotuta dago ezinbestean Egunkaria-ren itxierarekin, eta 10. urteurren honetan nola ahaztu bada 1998an Egunkaria-ra sartu nintzeneko lehen aldia. Egin itxi zuten uda horretan eta gogoan ditut egun horietako asanbladak erredakzioan; hasiberriak izanik, nola pentsatu urte batzuetara gu geu izango ginela albistearen protagonista?
Aurten otsailean gogoratu genuen Egunkaria-ren itxiera, eta oroitzapenak bat bestearekin kateatuta, otsailak apirilera eraman nau, 2003ko otsailean ezagutu bainuen Joxan Lizarribar; hil berri da BERRIA Taldeko presidentea. Egunkaria itxi zutenean langile batzordean nintzen ni, eta Joxanekin batera joan nintzen Lakuara, Eusko Jaurlaritzakoekin bildu eta langileen egoera azaltzera. Atsegina iruditu zitzaidan hasieratik, gertukoa. «Badizkiat nik ba ezagunak CAFen», «zer moduz gauzak Goierri alde horretan?», «kaixo Jon, dena ondo?», bere irribarreak dena esaten zuen.
Joxan hil berritan hasi dugu BERRIAren 10. urteurrenaren ospakizun bira. Apirilaren 20an iritsiko da Beasainera, Usurbe zinema aretora, kultur ekitaldi batekin. Hamarnaka kontatzekoak gara leloa hartu du urteurrenak, eta pentsatzen hasita kontatu ditugunak eta kontatu nahi genituzkeenak datozkit burura urtemuga honetan. Hamar urte asko da, 1998tik asko baita nire ibilbide profesionalean Egunkaria-n lehenik eta BERRIAn ondoren ikasitakoa, kazetari, lankide eta irakurle moduan.
Baina nire urteurrena 1998an hasi bazen, noiz amaituko da? Ez dira garai errazak egunkarientzako. Askotan saiatzen gara lankideen artean geroa asmatzen, hogei, hamar, bost eta bi urte barru kontatu beharrekoak nola kontatuko ditugun iragarri nahian. Izan ere, Egunkaria-ren itxieraren berri biharamunean euskaraz kontatzeko gai izan baginen, datozenak ere euskaraz kontatuko ditugulakoan nago. «Herria da gorputza, hizkuntza bihotza», kantatu zuen Xalbadorrek.
Hamar urte luze hauetan denetarik kontatu dugu BERRIAn, eta kioskoan izan dira kontatu beharrekoak. Batzuetan izar baten distirarekin izan da gurea beste egunkarien artean, beste batzuetan ezusteko batekin, desgraziak ere izan dira eta itxaropenak ere bai. Hutsune handia litzateke euskarazko egunkaririk kioskoan ez egotea gaur egun, pentsaezina guretzat. Kontua ez baita kontatu beharrekoak kontatzea, baizik eta gurea den hizkuntzan kontatzea.
Harrituta begiratu ninduen unibertsitateko ikaskide batek urteurrenaren harira kalean kartelak jartzen ari nintzela esan nionean. Kazetari izatea, izan ere, elite bateko kide izatea baita hedabide batzuetan, bulego bati eta botereari lotua. Ez da kasua; BERRIAren aldeko kartelak jartzea nire kazetari ibilbidearen beste zati bat da, beste oroitzapen bat, beste kronika bat, beste galdera bat. Hamarnaka kontatzekoak garelako, paperean, Interneten eta behar den lekuan. Esan daiteke modu askotara, baina kontatu, euskaraz nahi dugu kontatu, eta ahal dugun bitartean iraungo du hamargarren urteurren honek niretzat.