Aitor Sarriegi
Zer moduzko ajea utzi dik Bertsomoviedak? Egia esan ezingo gaituk kexatu, bigarren edizioak lehenengoaren markak hautsi eta datozenetarako oso goian utzi ziguk listoia. Zorionak irabazleei eta baita parte hartu duten beste guztiei ere, denentzat saririk ez bazegoen ere. Bertsomoviedako kontu honek ekarri naik tarteka burura etortzen zaidan kontu batez idaztera. Askotan esan izan diagu gure herriaz herri epela dela, kultur-mugimendurik gabea… baina agenda begiratuz gero laster ohar zitekek hori ez dela horrela.
Hor zeudek, esate baterako, dantza taldeek urtean zehar antolatzen dituzten ekintza ezberdinak, musika taldeak, Jazpana, Goieniz zine-kluba, bertso-saioak… eta zerrendatu ezin ditudan beste mila. Sentsazioa diat, ordea, ez dugula askotan elkarren berririk; bakoitza bere inguruan mugitzen dek eta ez diagu benetako harremanik, pertsonalez gain. Hori naturala izateko, ordea, ezinbestekoa dek elkarren lana ezagutu, eta duen balioa ematea. Elkarren berri ere ez diagu askotan eta horrela zaila duk besteek egiten dutenari balioa ematea, elkarlanerako aukerak sortzeko.
Gune bateratu batek mesede handia egingo likek bide horretan. Inbidia sanoz ikusten dizkiat Kultur-mahaia, Azpeitiko San Agustin zentroa, Plateruena eta beste. Hala ere, lehen aldaketa gure baitan dagoela sinetsita negok, eta herrian benetan zer dugun interesatzen ez bazaigu alferrik dela bestelako guneetan pentsatzen hastea. Eta hiri, interesatzen al zaik?
Iñaki Apalategi
Aje bikaina uzten dik bertsomoviedak beti; prozesu luzea duk antolaketa, baina ajea, beti gozoa. Aipatzen duan inbidia sanoa nik ere pasatzen diat behin baino gehiagotan; herriko mugimenduen arteko koordinazio eskasak egiten direnak baino gauza gutxiago egiten direnaren itxura eman zezakek, baina aldi berean zalantzak ere sortzen zaizkidak.
Arrazoi duk gauza batean: San Agustin bezalako gune bateratu bat edukitzeak indar irudi bat ematen dik, eta baliabideak ere bai, ahoa betetzeko hain modan dauden sinergiak eta abar. Baina, interes kontua duk: zenbateraino gauden batera arraun egiteko prest proiektu komun bat handitzeko… eta zergatik. Hazkundeak ez dik beti proiektuen loraldirik ekartzen: askotan iraupena ematen ziek, baina inertziazko jarraipena ere izaten duk sarri. Hona adibide bat: balizko talde bateratuan baduk hasieran laukote margozale bat, urtero margolan erakusketa antolatzen duena, gogotsu gainera. Baina urteen poderioz, haiek astirik ez, eta talde bateratuan margozalerik izan ez arren, erakusketa antolatzen jarraitzen ditek; askoz mimo txikiagoz, urtetan zehar erakusketa mantenduz, baina gehiegi degradatuz. Agian antolatzaile berriek hobe zitean margolanak utzi eta beraien intereseko zerbait (edo ezer ez) egin, ezta? Egitura txikiak jaio eta hil egiten dituk, eta horrek ematen ziek bizitza, egitura handi askok hilda irauten duten bitartean. Gune bateratu batek elkarlana behar dik oinarri, eta horrek elkarrezagutza, eta hortik urrun gaudek; zergatik ez diagu elkarrengana jotzen, eroso al gaudek horrela? Nahi duenak tira biezaio hariari.