Joan den astean, Espainiako auzitegiek Segiko kide izateagatik zigortutako zortzi gazte donostiarri babesa emateko asmoz, elkartasun ekimen jendetsua egin zuten Donostiako Bulebarrean. Hain zuzen ere, zigor politikoa jaso zutela salatzeko, eta euren atxiloketa saihesteko, ehunka pertsona zigortutako lagunekin izan ziren gau eta egunez, erresistentzia pasiboa eta desobedientzia zibila oinarri. Testuinguru horretan, Ertzaintzak joan den ostiralean erabaki zuen Bulebarrean sartzea, zigortutako donostiarrak atxilotzeko helburuarekin, eta HITZA (Irutxuloko Hitza), beste hainbat komunikabiderekin batera, bertan izan zen albistea bertatik bertara emateko.
Ertzaintzak, baina, Bulebarrera iritsi bezain pronto, kazetarien lana oztopatu zuen, hasiera-hasieratik. Informazio gunetik urrundu zituen, eta, Argia aldizkariko kazetari Lander Arbelaitzen kasuan, kazetaria bera jipoitu zuen, nahiz eta kazetaria zela esan eta akreditazioa erakutsi. Arbelaitzek jasotako tratu larria gaitzesteaz gain, informatzeko eskubidearen urraketa eman dela salatu nahi dugu HITZA osatzen dugun guztiok (tartean Goierriko Hitza eta GoiBerri). Hain justu, gogoratzen dugu, bai Eusko Jaurlaritzako Barne Sailari eta baita gizarteari, prentsa profesionalari bere lana egiteko mugak ezartzeak ez duela inolako justifikaziorik joan den ostiraleko gertakarien kasuan. Honelako erabaki bat soilik justifikatu daiteke kazetariek poliziaren lana ez eragozteko edota beraien burua arriskuan ez jartzeko; bada, baldintza horiek nekez ematen dira Bulebarrekoaren antzeko gertakari baketsuetan.
Gizarte demokratiko batean, kazetariek askatasun osoz mugitzeko eskubidea izan behar dute, herritartasunari informatzeko duen eskubidea bermatzeko. Eta hori ez zen joan den ostiralean gertatu, erreportariak poliziaren parte-hartze tokietatik urrundu baitzituen Ertzaintzak, lekukoak ez egotearren. Hori gutxi balitz, ertzain ugari oldartu zitzaizkion Lander Arbelaitz kazetariari.
Honen guztiagatik, HITZAk Ertzaintzaren jarrera gogor salatu nahi du, eta Eusko Jaurlaritzako Barne sailari argibideak emateko eskatu, gizarteak eta prentsa profesionalak azalpen bat merezi dutelako.
Irutxuloko Hitza
Tolosaldeko Hitza
Urola Kostako Hitza
Oarsoaldeko Hitza
Lea Artibaiko Hitza
Goierriko Hitza
GoiBerri