Ekobizi Azoka egingo dute Ordizian bigarrenez, gaur eta bihar artean. Herritarrei bioeraikuntza, energia berriztagarriak eta kontsumo arduratsuaren inguruan dauden aukeren berri ematea da helburua. Antolatze lanetan aritu da Iñigo Mujika (Ordizia, 1987). Duela lauzpabost urte joan zen Mujika Bartzelonara arkitektura ikasketak egitera, eta bioeraikuntza masterra egiten ari da gaur egun. Hainbat ikaskiderekin batera jasotako ezagutza teorikoak praktikan jarri asmoz, teknikak eta material berriekin ikerketak egiten ditu. Gaur egungo egoerak arkitektura jasangarriari «aukera bat eman» diola uste du Mujikak; «aurrerapauso handia egin du azken urreteetan», dio.
Zein da bioeraikuntzaren filosofia?
Zaila da galdera horri zehatz erantzutea, bakoitzak gure ikuskera daukagu. Bioeraikuntzak kontuan hartzen duena da eraikinak ingurunean integratzea, lekuan lekuko material ekologikoak erabiltzea, energia aurrezteko teknologiak sartzea edo errekurtso naturalak optimizatzea, besteak beste. Edonola ere, kontua da eraikuntzan garai bateko materialak eta teknikak berreskuratzea; ikastea eta berriro praktikan jartzea gaur egungo teknologiak eskaintzen dituen abantailekin. Ahaztuta gaude errespetuz aritzearekin. Ikerketa berriekin bioeraikuntzari buelta ematen ari gara eta XXI. mendera egokitu behar da.
Zein ibilbide du bioeraikuntzak Euskal Herrian?
30 urte daramatzate hainbat arkitektok elkartzen, Rafa Etxeberria edo Josu Jauregi esaterako. GEA Ikerketa Geobiologikoen Elkartea sortu zuten; teknikak eta teoriak lantzen dituzte elkarrekin. Azken urte hauetan, berriz, bultzada nabarmena izaten ari da bioeraikuntza. Duela hainbat hamarkada hasi ziren horiek goi mailako aditu bihurtu dira, ezagunak dira. Beraien arkitektura ez da garai batean mespretxatzen zena, orain errekonozimendua dute. Nik behintzat jarraitzen ditut, beraien lanak irakurtzen ditut…
Zerk eraman zaitu bioeraikuntzaren mundura?
Beti izan naiz kirolaria edo gauzak praktikara eramaten zituena. Arkitektura ikasketak egiten ari nintzela eraikuntzetara eramaten ez gintuztenez, gure kontura elkartzen hasi ginen teknikak eta materialak landu eta ikertzeko. Unibertsitatean erakusten ez zigutena, ikertzen eta eztabaidatzen hasi ginen, beti ere bertako materialak erabiltzeko defentsa eginez.
Orain bioeraikuntzan masterra egiten ari naiz. Alemanian sortutako masterra da; behin itzulita taldetxo bat elkartu gara eta online egiten ari gara.
Etxeak naturarekin armonian eraikitzeko lehengo ikuspegira itzulera dela esan daiteke?
Bai, alde batetik hori da, baina askoz gehiago ere bada. Hau ez da denok baserrian eta lurretik gertu bizi behar dugula dioen filosofia edo pentsaera utopikoa. Eraikuntza berriak ingurugiroarekiko errespetuan eraikitzea da kontua. Betsalde, gero eta gehiago ikertzen ari dira, esaterako, egungo eraikinetan ikuspegi jasangarria txertatzeko, hirietan ere bai.
Eginda dauden eraikinetan ikuspegi jasangarri hau sartzerik badago?
Bai, arazorik gabe. Gero eta aurrerapen gehiago daude, eta beraz, gero eta aukera gehiago.
Zein dira bioeraikuntzaren abantaila nagusiak?
Norberak egin ahal izatearena abantailetako bat da, gertuko materialak erabiliz eta ingurura egokituz. Gainera, eraikuntza hauek azkenean ekonomikoki hobeto irtetzen dira. Hasiera batean, ohiko eraikuntzak baino %10 garestiago dira, baina ondoren mantentze lanetan- eta gastu gutxiago du.
Energia aurrezpena ere nabarmena izaten da, ezta?
Bai, askoz gutxiago kontsumitzen da horretarako diseinatutako teknologiei esker. Lauzpabost urteren buruan amortizatzen da, eta hortik aurrera aurreztu egiten da.
Zure esperientziaren arabera, jendeak nola ikusten du bioeraikuntzaren kontua?
Askotan oraindik zerbait utopikoa bezala ikusten da. Hala ere, nire ingurukoek ikusten dute ni horretan masterra egiten ari naizela eta ikerketak egiten ditugula… Horrek sinesgarritasuna ematen du. Zerbait zientifikoa edo objetiboa dela ikusarazten saiatzen naiz.
Egoera ekonomikoak gogor astindu du eraikuntza mundua. Bioeraikuntzak, ordea, aurre egin dio krisiari.
Aurre egin baino gehiago, krisiak lagundu egin du bioeraikuntza, aukera bat eman dio. Lehengo era jasangaitza zela agerian geratu da. Gainera, bioeraikuntzak autoeraikuntza ere esan nahi du. Jendeak ikusten du eraikuntzarako langileak hartu beharrean, norberak egin dezakela lan. Lastoarekin, lokatzarekin edo egurrarekin egin daitezke. Material horiek nola erabili ikasteko tailer ugari egiten dira eta jende askok ematen du izena. Gizartean, osasunaren edo ekologikoaren aldeko joera handitzen ari da eta hor sartzen da bioerakuntzarena ere. Behar edo eskaera berri horiei erantzun bat ematen dio bioeraikuntzak.
Instituzioek eraikuntza era honen aldeko apustua egiten al dute?
Gaur egungo egoera dela eta diru-laguntzak gutxitzen ari dira eta, batez ere, eraikinak egin ahal izateko behar diren baimenak lortzeko garaian dugu kontaktua administrazioarekin. Legeak daude eta bete egin behar dira. Hala ere, zailtasunik handienak aseguru etxeekin izaten dira. Ez dute horrelako etxeak babesteko konfidantza handirik agertzen, eta hori lortzea izaten da egitekorik zailena.