Euskal Herrian ez ezik, mundu osoan ere ezaguna da Idiazabal herria ardi latxaren esne gordinarekin egindako gaztari izena ematen diolako. Idiazabalen ordea, artzainez gain, ugari dira behorrekin, ahuntzekin edo esnetarako edo haragitarako behiekin dabiltzanak.
Idiazabalgo abeltzaintza askotarikoa dela jakitun zen Jabier Jauregi. Hala, udalak eskatuta, herriko lehen sektoreari argazkia ateratzeko ikerketa egin du nekazaritza eta abeltzaintza arloko dinamizatzaileak. Gaztaren Mamia ekimenaren baitan kokatu dute egitasmoa. Helburua, sektorea zein egoeretan dagoen eta zein arazo dituen aztertuta, zer irtenbide eman erabakitzea da.
Hainbat astez, herriko 23 baserritan izan da Jauregi datuak jasotzen, eta ondoren diagnostikoa osatu du. Idiazabalgo abeltzainen batez besteko adina 51 urtekoa da eta gehienetan etxekoen laguntza izaten badute ere, badira langileak dituztenak. Denera 2.235 ardi daude; behietan 210 esnetarako frisoi, 115 mestizoak, 70 pirenaiko eta 19 blonda; 110 behor; eta 40 ahuntz. Etxekoak edo errentan erabiltzen dituzten lur-sailak, berriz, 424 hektarea dira guztira.
Herritarrek errealitate honen berri ez dutela uste izanda, eta baserri mundua bizilagunengana gerturatu nahi dute. «Ez diegu kasurik egiten baserritarrei, beraien lanak ikusezina dirudi, baina, garrantzi handikoa da», dio Jauregik. Esaterako, abereei esker mantentzen dira herriko larreak garbi; «utzita baleude berehala hartuko lituzke sasiak eta suak dena jango luke».
Arazoak arazo
Pentsuen salneurria gora eta gora ari den heinean, ekoizpenenak bere horretan darrai; «egoera larria» dute baserritarrek. Gainera, ekoizten duten hori saltzeko arazoak dituzte. «2.300 biztanle ditu Idiazabalek eta hemen egunean 4.000 litro esne ekoizten dira, eta kanpora saltzen da», azaldu du. Gauza bera gertatzen omen da arkumeekin: «Iaz arkume gehienak Burgosera eraman ziren».
Egoera aztertzeaz gain, abeltzainen lana errazteko eta egoera hobetzeko hainbat neurri hartzea da dinamizatzailearen asmoa. Esaterako, baserri guztietan etxeko belarra jaso eta abereentzat erabiltzen dutela ikusi du ikerketan. Horregatik, Abeltzainen Elkartetik bertako zelaietarako egokiagoa den traktorea erosi dute denen artean. Hala ere, Jauregiren ustez, herritarrak bertako baserrietako produktuak erostera animatuz «sektoreari laguntza handia emango litzaioke».