Nekane Gonzalez (Itzultzailea)
Lau hitz, lau izen edo sustantibo, lau esanahi. Zortzikoren bat osatzeko oinak izan litezke. Zortziko txikia zein handia. Bertsoaz ari naiz, jakina. Izan ere, bertsotarako garai aproposak izaten dira festak, eta gure herrian, Legazpin, bete-betean ditugu santikutzak. Hilaren 30-ean hasi, eta etzira arte ibiliko gara musika, dantza eta algara artean. Eta balkoi ugaritan, oraindik ere, zabor poltsak.
Esango nuke guztion gustukoak izaten direla festak, ohiko errutinatik ateratzeko aukera ematen digutelako eta ezkontzetan eta bestelako ospakizunetan bezalaxe, iparra pixka bat galtzeko lizentzia izaten dugulako, nahiz eta gure herrian aspaldion gabiltzan, tamalez, iparra erabat galduta.
Ez da Legazpiren kasua, baina euskal hiriburuetako festetan, jaiekin erabat lotuta egoten dira neskak edo emakumeak. Guztietan gertatuko da akaso halakorik, baina batez ere Baionakoak eta Iruñekoak entzundakoan datorkit burura zenbat bortxaketa saio izan diren, ustez alkoholaren zein drogen aitzakiapean. Horixe, ustez. XXI. gizaldia aurrera doa, eta oraindik ere emakumea mendean, oraindik ere ahul eta zaurgarri. Berdintasuna lortzeko bidean gabiltza jo eta su lanean. Soldata parekotasuna, erabakimen handiko lanpostuetan emakumeen presentzia, lana eta familia bizitza bateratzeko moduak, etab. Baina ezin egoerari buelta eman; ezin atera sartu gaituzten zulotik. Horregatik, helburu hori lortzeko bidea, errepide zabal, ia autobide izan behar zuena, bidexka eskas bihurtu da guretzat; zaborrez betetako bidexka.
Eta bidexkan geratu dira, halaber, beste hainbat xede lortzeko egindako ahaleginak ere. Krisiak jota gauden honetan, nekez emango dugu aurrerapausorik ongizatean. Lehen gutxi zuenak, orain gutxiago. Noranahikoa behar zuen euskarak, zoritxarrez, sukalde bazterrera mugaturik jarraitzen du, oraindik ere. Eta geroz eta liberalagoak, irekiagoak eta europarragoak garela aldarrikatu arren, argi dago geure zilborrari begira jarraitzen dugula. Zertarako egin ingurumena zaintzeko ahalegina? Zertarako hartu lana, dena nahasian botatzea askoz ere errazagoa bada? Begi itsuak, negarrik ez.
Kezkatuta nago. Kezkatuta egoteko arrazoiak baditugula iruditzen baitzait. Urratsak egiteko premia dugu, zentzu guztietan, gainera. Eta horretan ari garela diogu etengabe, baina bai zera! Lehengo lepotik burua guk! Zubi azpitik pasatzean harri koskorra burura erortzen zaigula jakinagatik, segi zubipetik pasatzen. Halakoren batean, agian, harriak amaituko dira eta. Hor daude atez atekoaren birziklatze tasak. % 70etik gorakoak. Zertarako baina?
Eta % 70etik gora da, hain zuzen, festez dagoeneko gozatu duguna. Egunak aurrera doaz, baina badugu oraindik egitekorik, dantzatzekorik eta dastatzekorik. Zero Zabor beti jomuga. Prestakuntzari dagokionean, parte-hartze handiko jaiak izaten dira Legazpikoak, eta garai hauetan, hori eskertzekoa da, benetan.
Hitz eta pitz bai, baina ez dugu bertsorik osatu. Festak, neskak, kezkak eta bidexkak. Kontzeptu beregainak dirudite, baina badute nolabaiteko barne lotura: guztiek galarazten digute loa.