Gozokiak, freskagarriak eta azken garaiotan esnea ere banatzen duten makinak daude. Paki Jimenok eta Josetxo Insaustik ez ohiko produktu freskoak saltzen dituen makina jarri berri dute beren harategiaren aurrealdean. Solomoa, xerrak, txarkuteria, aurrez prestatutako txipiroiak saltsan eta beste hainbat elikagai jarri dituzte salgai era honetara.
Insausti Mutilokoa da jaiotzez, baina gaztetan Urretxun lanean hasi zen, eta Paki Jimeno emaztearekin batera harategia zabaldu zutela 25 urte beteko dira datorren urtean.
«Makinarena buruan neukanean, harategira makina horien saltzailea sartu zen», dio Insaustik, kasualitatea edo zoria izan zen jakin gabe. Bien artean aukera baloratu zuten, eta harategia egokitu ondoren, orain hilabete eta erdi makina ipini zuten.
Salgai dituzten produktuei dagokienez «asmatzea zaila» dela dio Insaustik: «Harategira datorren bezeroak eta makinan produktuak erosten dituenak ez dute soslai berbera. Harategian sartzeaz batera betiko bezeroek zer nahi duten badakigu, baina makinan probak egiten ari gara». Honez gero konturatu dira ogitartekoak, esnea eta gozoak saltzen direla gehien. «Mahaia hornitzeko berehalako irtenbide bat behar dutenek erosten dute makinan, denda itxita dagoenean».
Harategian kontsumo ohiturak aldatu direla antzeman dute. «Egoera ekonomikoa dela eta, txahal haragiaren salmenta erdira etorri da», esan du Insaustik. Garai hobeak ezagutu dituzte, esate baterako, eskola bateko jangelan haragia banatzen zutenekoa, «baina hori ere bukatu zen, eta kanpotik ekartzen dute egun haragia». Insaustik tokian tokiko kontsumoa aldarrikatu du.