Xegun Altolagirre (Legazpi, 1969) aktore, aurkezle, zuzendari eta gidoilari lanetan aritu da gaztetatik. Antzerkian, zinean eta telebistan lan esperientziarik ez zaio falta. Urteekin, publikoari begirako lanak pixkanaka utzi eta ezkutatuz joan dela aitortzen du, aurreikusi gabe, «berez» gertatu zaiola dio. Gaur, gidoilari gisa egiten du lan, etxean. Izan ere, honetan hasi zenean, garbi zuen bere iparrak Euskal Herrian behar zuela.
Noiz erabaki zenuen aktore izan nahi zenuela?
Urretxuko Garaialde Lizeoan egin nuen batxilergoa. Hirugarren mailan nengoela, 17 urterekin, ez neukan oso garbi zer egin nahi nuen. Unibertsitaterako saltoa eman aurretik, irakasle burua ikasle bakoitzarekin biltzen zela oroitzen dut, aurrerako bidean nolabait laguntzeko. Bilera hartan aktore izan nahi nuela eta antzerkia asko gustatzen zitzaidala esan nion irakasleari, eta hark animatu ninduen bide horretan jarraitzera.
Aktore ikasketak aukeratu zenituen orduan.
Donostiako Antzerti eskolan eman nituen hiru urte. Etxean antzerkia egin nahi nuela saltzea zaila izan zen, eta Irudia eta Soinuan matrikulatu nintzen Andoainen. Lehenengo urtean bi gauzak uztartu nituen, baina gero, antzerkiarekin jarraitzea erabaki nuen. Bitxia da, garai hartan utzitakoarekin jarraitu baitut orain.
Donostiatik Madrilera, gero.
Madrilgo Willian Layghton laborategian jarraitu nituen ikasketak beste hiru urtez. Saltoa gogorra izan zen, ez nekien nora nindoan ere. Hasieran, oso ezkor joan nintzen, kutsadura politikoagatik edo. Baina gero, hiri zoragarria iruditu zitzaidan Madril.
Hala ere, etxera itzuli zinen hiru urteren buruan.
Aktore bezala bizitza ateratzea ez da erraza. Hasieratik oso garbi izan behar da zer den nahi dena. Nik, honetan hasi nintzenean, oso garbi nuen Euskal Herrian bizi nahi nuela. Lanbide honetan, egia da Madrilen aukera gehiago egon daitezkeela, baina honetan dabilen jende gehiago ere badago.
Euskal Herrian, hala ere, ez zaizu lanik falta izan.
Madrildik itzuli nintzenean, ETBko Penelope enea telesailean hasi nintzen lanean. Maskarada antzerki taldearekin ere aritu nintzen denbora batez. Film batzuetan ere lortu nituen zenbait paper txiki, Yoyes-en edo La voz de tu amo-n, besteak beste. Hala ere, garai hartan aktore lanak beste lan batzuekin uztartu behar izan nituen. Ikastolako jangelan, anbulatorioko harreran gaueko txandan edo kiroldegiko harrera lanetan ibili nintzen Legazpin.
Aktore izatetik telebistako aurkezle izatera pasa zinen.
Maskaradarekin Oscar Wilden Ernesto izatearen garrantzia eta Pablo Nerudaren Postaria lanekin Espainian bira handiak egin genituen. Garai berean deitu zidaten ETBtik Galdestreet saioan aurkezle lanak egiteko. Atzetik etorri ziren Jaiak saioak ere. Aktore lana uztea ez zen erabaki bat izan, bideak eraman ninduen horretara.
Nolatan hasi zinen gidoilari lanetan?
Jaiak aurkezten nengoela idatzi nituen saiorako zenbait gidoi. Horretan nengoela, Baleuko ekoiztetxeak Betizu proiektuan gidoilari lanak egiteko lana eskaini zidan. 2000tik 2007ra arte aritu nintzen bertan, eta azkeneko urteetan zuzendari lanak ere egin nituen. Kamera aurreko lanetik atzeko aldera jo dut; pixkana ezkutatuz joan naizela esan daiteke.
Bitarte horretan eta ondoren ere, haurrei zuzendutako zenbait filmetako gidoiak idatzi dituzu.
Betizuak izar artean izan zen lehenengoa, eta atzetik etorri ziren Olentzero eta oparien ordua edo Olentzero eta iratxoen jauntxoa. Blacky eta Kanuto eta The wish Fish ere nik idatzitakoak dira, besteak beste.
‘The wish fish’ Goya sarietarako ere izendatu dute aurten. Nola sortu zen proiektua?
Orain 4 edo 5 urte hasitako proiektu bat da, Espainiako Nekazaritza eta Arrantza Ministerioaren enkarguz Baleukok egin zuena. Filmaren bitartez, ministerioak haurren arten arrainen kontsumoa indartu nahi zuen. Hortik sortu zen filma egiteko ideia.
Sorpresa izan al zen Goya sarietarako izendapena?
Baleukoren bi filmek jaso zuten izendapena. Blacky eta Kanuto zen bigarrena. Azken hau teknikoki asko landutako filma da, aurrekontu handikoa eta Frantziako eta Italiako beste ekoiztetxe batzuekin lankidetzan egindakoa. The wish fish-en sekretua, nolabait esateko, gidoian zegoen, oso ondo josita daudelako abentura barruan helarazi nahi ziren mezuak. Azkenean, Tadeo Jones-en aurka ezin izan genuen ezer egin.
Nolakoa da gidoilari lana?
Gidoiak idazten eginez ikasten da, baina formazio zati handi bat ere badauka. Gidoi bat idazterakoan sormena eta teknika uztartzen dira. Dena den, Europan gidoilariaren lana oso ñimiñoa da produkzioan, nahiz eta film guztia bere lanean oinarrituta egon. AEBetan, aldiz, gidoilariak pisu handiagoa du. Gure lana ez da behar bezala baloratzen. Nahi baino denbora gutxiago eskaintzen zaio gidoi bat idazteari.
Orain etxetik egiten duzu lan.
Baleuko uztea erabaki nuen iazko urrian, bizi kalitateagatik, batez ere. Olentzero bildumaren hirugarren filmaren gidoia bukatzen ari naiz orain, eta TVErentzako haurrei zuzendutako telesail bat ere ari naiz idazten. Blacky eta Kanuto pertsonaietan oinarritutakoa, hain zuzen.
Nola ikusten duzu egun telebistaren mundua?
Ez dago berezko sormenik, ETB1 umezurtz dago. Kultura, dena den, beti egon da krisian, orain are gehiago. Ez gaituzte herri kultura kontsumitzeko hezi, eta horrek ere badu, noski, eragina.