Zaintzaileen sektorean ez da albiste lan egoera dela-eta kalera atera behar izatea. Urteak daramatzate lan baldintza duinen aldeko borrokan. Hala ere, azken hilabeteak benetan gogorrak izaten ari dira, asko baitute jokoan. Gipuzkoako zaharren egoitza, eguneko zentru eta pisu babestuetako langileak lan hitzarmen duin bat lortu nahian dabiltza; Ordiziako San Jose eta Zumarragako Lamourous Argixao zentroetako langileak kasu. Akordiorik ezean, uztailetik aurrera egun indarrean den lan erreforma berria aplikatuko zaie. Hilean 400 euro gutxiago irabaziko dute eta urtean 200 ordu gehiago egin beharko dute lan, beste hainbat neurri gogorrez gain.
«Larria eta guztiz onartezina» da hori LAB eta ELA sindikatuentzat. Horregatik, otsailean eta martxoan hiru egunez greban egon ziren eta, egoerak ez aurrera ez atzera dirauenez, aste honetan beste bost eguneko lanuztean murgildu dira. Datozen asteetan akordiorik izaten ez bada, langileek maiatzaren 13tik aurrera greba mugagabea hasiko dute. Langileentzat «ez da xamurra» greba egoerara iristea, baina sei hilabete negoziatzen eman ondoren ez dute beste irtenbiderik ikusten.
Ez aurrera ez atzera
Iritzi horretakoa da Lourdes Garcia Ordiziako San Jose egoitzako langilea. ELA sindikatuaren izenean Gipuzkoako egoitzetako mahai negoziatzailean dago bera. Lehen pertsonan bizi du lan hitzarmenaren gatazka. Joan zen urrian osatu zen negoziaketarako mahaia eta ordutik «ez da aurrerapausurik izan». «Ugazabek badakite lau hilabeteren bueltan soldatak jetsi, lan orduak gehitu eta enpresa-paktuak bertan behera utz ditzaketela», dio Garciak.
Egoera libratu asmoz, otsailean Gipuzkoako Aldundiak proposamen bat egin zuen. «Erreformak mugatuko lituzkeen hainbat hobekuntza eta berme ahalbidetzen» zituela-eta LABek eta ELAk ontzat eman zuten. Era berean, 8,2 milioi jartzeko prest agertu zen Aldundia baldintzen hobetzeak enpresei eragiten zien gastuetarako. Adegik ez zuten onartu proposamena.
Azkenekoz, apirilaren 16an bildu zen mahai negoziatzailea. Lares enpresaburuen elkargoak gatazkari irtenbidea emateko proposamena egin behar zuen. ELAko ordezkariaren arabera, «proposamen horrek langileak gehiago haserretu ditu». Laresek Aldundiaren proposameneko eduki ekonomikoen onarpena etorkizun batean negozitzea proposatu zuen.
Eduki ez ekonomikoetako proposamena ere «guztiz larria» da sindikatuentzat. Langileen ordezkatzeak zalantzan jartzen dituen subrograzio klausula partziala planteatu zuen. «Honek ez du langileen ordezkatzea bermatzen, ezta hauen lan baldintzak ere», azaldu zuen Garciak. Era berean, enpresa-paktuen desagertzea ere proposatu zuen Laresek, «langileen erdiak soldatak eta eskubideak galtzeko». Plaza pribatuak dituzten zentruetan, berriz, %10eko lanaldi malgua ezarri eta hutsuneak betetzeko lanaldi murriztuak luzatzea debekatu nahi dute.
Sindikatuentzat proposamen hori «Adegi bezalako patronal asegaitza asetzera bideratuta dago». Garciak salatu zuenez, «ez da bateragarria Lares lan erreformaren aurka agertu eta aldi berean proposamen hau aurkeztea».
«Egoeraren larritasunak hala eskatuta» eta akordiorik ezean, maiatzaren 13tik aurrera greba mugagabeari ekingo diote egoitzetako eta eguneko zentruetako langileek.
Tartean, hala ere, Biharko enpresak aurre akordioa lortu du Gipuzkoako Aldundiarekin lan hitzarmena sinatzeko. «Langileen eskubideak sendotzeko» finantziazioa luzatuko du Aldundiak, besteak beste. Biharko enpresak kudeatzen ditu Beasaingo eguneko zentrua eta Arangoiti zentroa Goierrin.
Emakume aurpegiarekin
Lehendik zigortua zegoen sektorea, are eta egoera larriagora bidean dago. Gipuzkoan %97 emakumeez osatua dagoen sektorea da zaharren egoitzetako langileena. Etxeetako langileena bezala, ikusezina dirudi euren lanak, nekagarria eta ekonomikoki zein gizarte ikuspegitik gutxietxia. Hala ere, gizarte antolaketako zutabe nagusietako bat dira. Gaizki ordaindutako edo ordaintzen ez diren zaintza lanen gainean eraikitzen baita munduko ekonomia sistema.
«Gizonezkoek egindako lana balitz ez ginen horrela egongo», dio Lourdes Garcia Ordiziako San Jose zentruko ELAko ordezkariak. «Ez da kasualitatea» bere ustez emakumeen sektorea izatea zigortzen ari direna. Gizarte antolaketa moduak eraman ditu emakumeak eta gizonak bakoitza lan mota zehatz batzuetara; bakoitzak egin beharrekoa zer den ikasi eta barneratu egin da.
Hala, gizonak ekoizpen lanetan kokatu dira eta ekonomikoki zein sozialki prestigio gehiago eman zaie lan horiei. Eremu pribatuko egitekoak emakumeen esku utzi dira, bestalde. Egindako lana maitasun edo afektu erlazioekin lotzen da eta ez zaio inolako balio ekonomikorik aitortzen, nahiz eta gizartearen ongizate eta biziraupenerako oinarrizko izan. «Behin eta berriz ari gara batzarretan ikuspegi hau lantzen; ez gaituzte kontuan hartzen emakumeak garelako», zioen Garciak.
Hilabeteak estres eta ezjakintasun giroan lanean
Gertatuko denarekin arduratuta eta beldurrez, lanean jarraitzen dute zentruetako langileek. Zumarragako Lamourous Argixao zentruan bi urte daramatza Maria Sarasolak. «Egun guztia zer berri izango den zain pasatzen dugu», dio berak. «Grebara joan behar izatea ez da xamurra guretzat», dio. Langile askoren atzean «dramak» daudela dio berak; ume txikiak, bikotea langabezian… Negoziaketak «itxura txarra» izan arren esperantzari eusten diotela eta borroka egingo dutela dio Ainhoa, Mariaren lankideak.