Ion Muñoa
Zer ematen diote herri txikiek herrialde bati? Ba al dute, Eneritz, gureen gisako herri txikiek (Zerain, Gabiria eta antzekoek) inguruneari eskaintzeko ezer? «Galdetzea ere!» esango duzu, «izango ez dute ba!».
Herri txikien defentsa eta aldarrikapena giza taldeen biziraupen senari oso lotuta sentitu izan ditugu txikitatik gure udalerrien aldeko lana gertutik ikusi eta bizi izan dugunok. Eta ez dugu zalantzan jarri ere egiten herri txikiak beharrezko direnik. Lankide batekin berriki izandako eztabaidak, ordea, zer pentsa eman dit gai honen inguruan. Berak zioen Gipuzkoaren tamainako herrialde batek ezin duela jasan 88 udalerri edukitzea eta horietatik 32 mila biztanletik beherakoak izatea. Hori arrazionaltasun eta efizientzia irizpideen erabat aurka doa haren esanetan, eta krisi garaian ezin daiteke halakorik onartu; gauza bat da herrialdeko biztanle guztiei zerbitzu eta ongizate aukera berberak bermatzea eta beste gauza bat horretarako ezinbesteko ez diren baliabide eta estrukturetan dirua xahutzea.
Bat-batean zerbait erantzun behar, eta gehiegi pentsatu gabe zera bota nion: irizpide ekonomiko arrazionalak ez direla beti arrazoizko (orain gehituko nioke: are gutxiago gizalegezko). Baina ez nintzen nire erantzunarekin guztiz konforme geratu; eta nahiz eta barru-barrutik sinetsi herri txikiek gure egungo munduan eta etorkizuneko Euskal Herrian ere leku fundamentala behar dutela, uste dut badugula garaia gure defentsarako argumentazioa indartzeko eta gure eskaintza erakusteko. Bestela, beldur naiz ez ote gaituen irizpide arrazionalen tiraniak irentsiko ditxosozko efizientziaren izenean.
Eneritz Gorrotxategi
Zalantzarik ez izan Ion! Horixe dutela herri txikiek zerbait eskaintzeko! Hiri handiak nahiz herri txikiak, bakoitzak baditu bere ezaugarriak eta baita bere xarma ere. «Herri txikia, herri bizia» izan da guretzako jarraitu beharreko lema, eta ziur nago Gipuzkoako mila biztanlez azpiko gainerako 30 herrietan ere, behin baino gehiagotan ibili dela ahoz aho.
Zure lankidearekin izandako eztabaida horren harira, zera esango nizuke: herri txikiaren izaera eta izana mantendu litezkeela herri bakoitzeko zerbitzuak ahalik eta gehien probestuz edota baliatuz. Garbi izan behar dena zera da; herritar orok, herri txikian nahiz hirian bizi, betebehar batzuk dituela eta betebehar horien truke, zerbitzuak jasotzea ere badagokiola.
Hala ere, badira herri txikien jasangarritasuna edota zerbitzu bikoizketa baino kezka gehiago eragiten duten beste zenbait kontu: alegia, gutxi batzuek erabiliko duten baina herritar guztiok nahita nahiez ordaindu behar izan ditugun eta ordaintzen ari garen azpiegiturak esaterako, norberaren edo ingurukoen interesak herritarren interesen gaindik jarrita sortu diren egiturak… Horiek dira nire arrazionalitatean sartzen ez diren zerbitzu efizienteak.