Estitxu Ugarte (Hiru sindikatua)
Hego Euskal Herrian merkantzien lurreko garraioaren sektoreak 10.138 enpresa zituen 2009. urtean eta gehienak bost ibilgailu baino gutxiago zituzten garraiolari autonomoak ziren. Lau urte geroago sektoreak 1.400 garraio enpresa galdu ditu eta aurreikuspenen arabera hurrengo hilabeteetan garraio enpresak desagertzeko erritmoa azkartuko da eta urtea amaitu baino lehen garraio sektoreraren laurden batek jarduera bukatutzat joko du. Aldi berean sektoreko lan baldintzak jasanezinak bilakatu dira eta sarri askotan sasi esklabutzarekin zerikusia dute lan duinarekin baino. Halaber, oso gutxi dira lanaren truke prezio duinak kobratzen dituzten garraiolariak, kostuak estaltzea lortzen dituztenak eta euren negozioaren etorkizuna bermatu ahal dituztenak.
Egoera honen aurrean garraiolari autonomoak ezin gara esku gurutzaturik egon. Aberastasuna eta lan duina sortzen dugunok eta gure etekin ekonomiko apurra gure herrian inbertitzen ditugunok ordezkatuak izaten ari gara, eta gure ordez flotistak, bitartekariak eta multinazionalak gailentzen ari dira autonomoak eta soldatapeko gidariak esplotatzeari esker prezioak jeistea lortzen dituztenak eta lana kentzen digutenak. Ezin dugu onartu gure herriko sare produktiboan ezinbestekoa den sektorea espekulatzaileen eskuetan uztea.
Maiatzak 30ean euskal sindikatuek eta gizarte mugimenduek Greba Orokorrera deitu genuenean kide batek esatzen zuen bezala galtzaileen itxaropen bakarra borroka kolektiboa da. Herri honetako langileak, autonomoak zein soldatapekoak, langabetuak, etxekaleratzeen biktimak, iruzurrak jotakoak, ikasleak, lan etorkizunik ez duten gazteak, erretirorik gabeko erretiratuak, langabezi saririk gabeko langabetuak…. dugun bide bakarra indarrak batu eta inposatzen zaizkigun politikei aurre egitea da eta aldi berean alternatiba soziala eta ekonomikoa eraikitzea herritarren gehiengoaren zerbitzura.
Alternatiba horren gakoetako bat merkantzien lurreko garraioaren berezko erregulazioa da, euskal garraiolari autonomoaren autoeraketa eta garraioaren egitura autogestionatuak bultzatu eta lagundu beharko lukeena. Liberalizazioaz mozorrotu den garraio sektorearen abandonuak ekarri du Hego Euskal Herrian garraio politika propioa ez garatzea. Hala, Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta diputazioek Europan eta Madrilen garraioaren lobbyek markatzen dituzten neurriak itsumustuan jarraitzen dituzte, garraiolari autonomoaren desagerpena bultzatzen dutela kontuan hartu gabe.
Haatik, miseria inposatu nahi diguten elite politiko eta ekonomiko ustelduen biktimek aukera bat dugu modu kolektiboan, bateratuan eta elkartasunez jokatzen baldin badugu eta garraiolari autonomook gure sektorearen etorkizuna bermatuko duen alternatiba ekonomikoaren eta sozialaren aldeko borrokan ezinbesteko papera jokatu ahal dugu. Azken finean, oraindik orain garraioa gure esku dago. Kamioiak mugitzen baldin baditugu egungo norabide berean mugituko da Euskal Herria, baina kamioiak gelditzen baldin baditugu norabide aldaketa behartu dezakegu.