Ormaiztegiko kirol gunean ekingo diogu ibilbideari. Saskibaloi kantxaren atzetik abiatuko gara. Estanda erreka zeharkatuko dugu zubia pasata, eta egurrezko mahaiak ezkerrean utzita, aldapatxoa igoko dugu trenaren zubipetik igarotzeko. Hilerria eskuinean utziko dugu, baita bide berdera eramango gaituen seinalea eta, aurrerago, tren geltokia ere. Behera egingo dugu, eta eskuineko lehen bidea hartuta Agerre baserrira iritsiko gara Ormaiztegi inguratuta.
Hormigoizko pista jarraitu, eta ezkerrera egiteko lehen aukeran erreka bazterretik abiatuko gara Iraegi iturrira doan bidezidorretik. Bide horretatik iritsiko gara Olea baserrira. Baserri honek atzealdean duen egurrezko egitura ikusgarria da. Aurrerago, tren azpiko tunela igarota iritsiko gara Arandia baserrira. Baserri honetan jaio zen Tomas Zumalakarregi jeneral karlista.
Arandia ezkerrean utzi, eta gora joko dugu malda laburrean haritz amerikarrek populatutako baso txikian barrena. Aurrerago hiru norabide eskainiko dizkigun bidegurutzean, ezkerrekoa aukeratu, eta gora joko dugu. Hurrengoan, erdiko bidea hautatuta iritsiko gara Urbizu baserrietara. Handik, ezkerrean Idiazabal eta Aitzkorri bistaratuko ditugu; eskuinean Beasaingo Usurbe, Urretxuko Irimo eta Zumarragako Izazpi.
Bideari jarraituta, pinu artean egingo dugu jaitsiera, eta eskuinera eginda Zelaundietan izango gara. Iristeaz batera naturak eskainitako bista ederra izango dugu begi aurrean. Segurako arana ikusiko dugu azpian, eta, aurrean, dotore baino dotoreago Aizkorri eta Aratz behatzekin atzeman ahalko balira bezala agertuko zaizkigu. Hango larreetan bazkatu ohi dira, neguan, inguruko artzainen ardiak. Udaberria iristeaz batera, mendian gora egiten dute artzainek ardiekin. Toki berak baino, handik ikus daitekeenak jazten du Zelaundieta.
Bi baserri daude hango gainean: bata, eraikuntzan, dorretxe itxurakoa; bestea, aurrerago, zaharragoa. Biak eskuinean utzita aurrera jarraituko dugu langa bat igarota. Azpian Zelaundieta Zahar baserria ikusiko dugu. Baserri zaharrak harrizko horma guztiak zutik ez baditu ere, garai bateko xarma gorde du ondoan duen ehunka urteko haritzaren gerizpean.
Ezkerrean Españolbasoa mendia ikusiko dugu, eta bideari jarraituta Arizmendi baserrira iritsiko gara, beti ere, ibilbidearen altuerari eutsita. Euskal baserrien kokapena ez dela edonolakoa agerian uzten du baserri honek. Muino baten gainean Goierriko mendien ederrak inguratzen baititu baserriaren ertz guztiak.
Arizmendi ondotik igaroko gara, eta hormigoizko pistari jarraituko diogu. Pistan goazela, azpialdean, bailararen soilgune zabalean, Tontorre baserria bistaratuko dugu, atzean Txindoki mendiaren gailurra zaindari duela. Aurrerago, seinaleak ikusi bezain pronto, pista horrek berak Ormaiztegi eta Mutiloa arteko bide berdearekin bat egiten duela jabetuko gara. Bideak ibilbidearen hasierara eramango gaitu erraz-erraz.