Igor Susaeta
Amildu antzean nabaritu zintudan aurrekoan, Unai. Langabezian zeundela-eta, ezinean bezala. Baina txori txiki batek esan dit hasi zarela berriro beharrean, eta hartu duzula lasaitua-edo. Asko pozten naiz txotxo, benetan. Eta aizu, Unai, ez nabil txantxetan: zer pasatzen zaio bati burutik luzaroan langabezian dagoenean? Zer sentitzen du? Zerk mugitzen du?
Esaten dute egun zorteduna zarela lana baldin badaukazu, eta hori altxor bat bailitzan zaindu behar dela. Lanean sufritu baino ez duzula egiten eta horrek zure egunerokoan eragina daukala? Berdin du, eutsi. Seko aspertzen zarela eta denbora galtzen ari zarela sentitzen duzula? Ez du inporta, segi. Lantegiko burua edo lankideak akabatzeko tentazioa daukazu? Pasatuko da, pentsatu beste gauza batzuetan.
Ez dakigu deskonektatzen, ordea. Edo bai… Lana, lana besterik ez dela konturatu beharko genukelakoan nago. Horrela, igual, ez ginateke hainbeste aspertuko eta fantaseatzen ikasiko genuke, ez genuke sufrituko, eta gure buruak edo gure lankideak lasai asko egon ahal izango luke gure ondoan, akabatuak izango ez direla jakinda. Baina lagun batek esaten zidan bezala, enpresetan ez dituzte langileak nahi, esklaboak baizik.
Eta esklabotza zein alienazio modu berriak dira mugikorrak, sare sozialak… Twitter, Facebook, Whatsapp… Hauspotu naute horiek erabiltzeko, baina Facebook-a modu exhibizionistan izan ezik, oraindik ez naiz besteen aurrean makurtu. Denbora kontua da, ordea… Bai zozoa geratu zaidala, Unai…
Unai Kerejeta
Bai Susaeta jauna, arrazoi duzu, erabat «amilduta» nengoen horretan, eta errudun bakarra langabezia zen. Poliki-poliki kontsumitzen joaten zara, eta iristen da momentu bat etsipenean sartzen zarenekoa. «Zertarako bidali curriculum-ak? Inork ez dit deituko eta, gainera, gasolina alferrik gastatzen ari naiz!».
Niretzat, dudarik gabe, astelehenak ziren egunik gogorrenak, inguruko guztiak lanera eta zu etxean, zereginik gabe. Nire kasuan, adibidez, bi kuadrila ditut (horretan beti izan naiz zorioneko), 50 lagun bien artean, eta (zorionez) ni bakarrik nengoen langabezian. Horrek zer pentsatua ematen zidan. «Ze ostia, ni bakarrik lanik gabe, zer naiz espeziala ala?» Egoera horren aurrean, planteamendu bat egin nuen lagun batekin batera (mila esker Jon), goizetan mendira edo kiroldegira joatea. Horrela, zerbait egin eta bide batez, bikini operazioa egin! Egoera horretan burua entretenituta eduki behar duzu; familiarekin edo neskalagunarekin (hauei ere mila esker) zaudenean ongi. Orain, bakarrik geratzean… Gainera, nire ustez, ez da berdina nire kasua; hau da, hipotekarekin edo gabe. 20-25 urte dituzula gurasoekin biziz gero putada bat da, baina hipoteka hori tartean dagoenean… Telebistako albistegiak ikustea besterik ez dago, kaleratzeak gora eta behera.
Baina tira, zorionez egoera aldatu egin da duela aste bete eta, bide batez, momentu honetan nire egoera zena pasatzen ari direnei animoak eman nahi nizkieke! Badakit ez dela erraza, baino animo berriz ere, goiz edo berandu egoera aldatuko da eta.